Nazioarteko arrantza sektorea Bizkaian bilduko da atunaren jasangarritasunerako sinergiak sortzeko

Atunaren jasangarritasunaren aldeko nazioarteko adierazpenaren proposamena aurkeztearekin batera, Atunaren Munduko Hirien Aliantza sinatuko dute Bermeo Tuna Forumen baitan

Bermeo Tuna Forumen aurkezpen ekitaldia Bilboko Itsasmuseoan | Argazkia: EnpresaBIDEA Bermeo Tuna Forumen aurkezpen ekitaldia Bilboko Itsasmuseoan | Argazkia: EnpresaBIDEA

Munduko biztanleriaren hazkunde azkarraren ondorioz, arrainaren per capita kontsumoa laukoiztu egin beharko da, eta azken 500 urteetan baino elikagai gehiago ekoitzi beharko dira datozen 50 urteetan. Kopuru horiekin, baina, zaila izango da eskariari erantzutea. 50 urte barru atuna kontsumitzen jarraitu nahi bada, orain esku hartu beharko da arrantza eta balio kate jasangarriak lortzeko. Ondorio horretara iritsita, Bermeo Tuna Forum antolatu du Bermeo Tuna World Capitalek, maiatzaren 2an eta 3an Bilboko Euskalduna Jauregian eta Bermeon nazioarteko arrantzaren erakunde eta enpresak bilduko dituen ekitaldia. Sektoreko aditu ugari bilduko dituen topaketaren helburu nagusia "atunaren iraunkortasunari modu integralean heltzearekin batera, espezie horren legez kanpoko arrantzaren aurkako mugimendu globala sustatzea izango da”, adierazi dute Bermeo Tuna Capitaleko kideek. 

Jardunaldien inaugurazio ekitaldia datorren asteartean izango da, Bilboko Euskalduna Jauregian, eta mundu mailako adituak bilduko dira bertan, sektorearen biziraupen iraunkorra lortu ahal izateko eztabaida eta hausnarketa sustatzeko. “Dimentsio ekonomiko izugarria du”, nabarmendu du Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak.

Bermeo Tuna Forumari hasiera emateko, administrazioek iraunkortasunerako bidean duten zeregina aztertuko duen mahaingurua egingo da. Izaskun Bilbao Eusko Legebiltzarreko eurodiputatuak moderatuko du bilkura, eta Kim Stobberup FAOko Common Oceans Tuna Projecteko buruak eta Ismael Yague Espainiako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko kideak hartuko dute parte. Halaber, Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak eta Jonan Fernandez Gizarte Trantsizioko eta Agenda 2023ko idazkari nagusiak ere parte hartuko dute eztabaidan.

Programak bi solasaldirekin jarraituko du, sektoreak ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegitik dituen erronka nagusiak xehatzeko, eta atunaren sektorean 360ºko iraunkortasunerantz aurrera egiteko estrategiak zehazteko.

Bermeo Tuna Forumeko zuzendari Helena Orellak azpimarratu duenez, topaketak garrantzi handia izango du kontsumitzaileengan ere arreta jartzeko, “batzuetan ez baitakite zer dagoen atun lata baten atzean, nahiz eta munduan kontsumitzen den proteina natural guztiaren %25 espezie hori izan”.

Amaitzeko, sukaldari eta Michelin izar ezagunek, hala nola Eneko Atxak, Angel Leonek, Aitor Arregik eta Ana Rosek, atunaren iraunkortasuna aztertuko dute gastronomiaren ikuspegitik.

Atunaren hiriburuak

Halaber, Portugalen egindako Ozeanoen Mundu Konferentziaren esparruan iaz aurkeztu zen Atunaren Nazioarteko Adierazpenaren aurkezpena ere mugarri nagusia izan da. “Erraza da esatea atunaren munduko hiriburua garela, baina frogatu egin behar dugu”, zehaztu du Bermeo Tuna Wold Capitaleko presidente Ignacio Serratsek. “Legeak egiteko erantzukizuna gobernuena da, baina industria liderrak ere badu erantzukizuna araudiak kolokan jartzen diren lekuetara iristeko, atunaren legez kanpoko arrantza minimizatzeko, eta itsasoko langileen eskubideak babesteko”, gaineratu du, ildo beretik, Helena Orellak.

Atunaren Nazioarteko Foroa Bermeora lekualdatuko da asteazkenean. Bizkaiko udalerri horretan berrogeita hamar atunontzi baino gehiago daude, eta atunaren munduko harrapaketen %10 hartzen dute. “Euskal Autonomia Erkidegoan 8.000 bat lanpostu zuzen sortzen ditu”, azpimarratu du Oroz sailburuordeak.

Era berean, foroaren bigarren egunean, Atunaren Hirien Aliantza sinatuko dute Bermeon bertan. Manta (Ekuador) eta Port Victoria (Seychelles) elkartuko zaizkio.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK