Vital Fundazioak 120 proiektu garatzeko milioi eta erdi euro emango dizkie Arabako erakundeei

Pertsona kalteberenen edo desgaitasunen bat duten pertsonen kolektiboei laguntzak eskaintzeko eta hezkuntza, ikerketa, berrikuntza, kultura eta ingurumena bultzatzeko programa bihurtuko dira

Argazkia: Vital Fundazioa Argazkia: Vital Fundazioa

Vital Fundazioak milioi eta erdi euro (1.487.435€) emango dizkie Arabako elkarte eta erakundeei 120 proiektu garatu ahal izateko. Zenbatekoa arabar guztien bizi-kalitatea hobetzeko urteko laguntzen deialdia ebazteari eta hitzarmenak berritzeari dagokiola azaldu du fundazioak.

Hautatutako proiektuak beren jarduera modu berritzailean garatzen duten eta eremuetan aldaketa eraldatzaileak ekartzen dituzten erakundeenak dira. Modu horretan, pertsona guztien gizarteratzea eta berdintasuna lortzera bideratutako gizarte proiektuak garatuko dira. Izan ere, proiektu horiek pertsona kalteberenei, mendekotasuna eta desgaitasuna dutenei, zaintzaileei, eta euren familiei laguntzen diete eta aukerak eskaintzen dizkiete.

Beste proiektu talde bat haurren, gazteen eta helduen prestakuntza integrala osatzen duten gaitasunak, jarrerak eta balioak garatzeko hezkuntza programak garatzera bideratuko da; baztertuta geratzeko edo kalteberatasun arriskuan dauden pertsonak lan merkatuan sartzera, lanbide trebakuntzaren, lan praktiken, prestakuntza beken eta/edo ekintzailetzarekin lotutako proiektuen bidez.

Ikerkuntzak eta berrikuntzak ere Vital Fundazioaren laguntza izango dute ikerketa zientifiko eta teknikoko, garapeneko eta berrikuntzako programak bultzatzeko hezkuntzaren, industriaren, kulturaren, eta gizartearen sektoreetan.

Laguntzen multzo garrantzitsu bat kulturara edo ingurumenera zuzenduko da, bai eta ondare historiko kulturala eta ingurumenekoa sustatzeko eta mantentzeko jarduera eta programetara ere.

 Vital Fundazioak lagunduko dituen 120 proiektuak hautatzeko, bertako lantalde teknikoak beraien izaera berritzailea baloratu du, eta baita konponbide berriak eta gizarte eraldaketa sortzen dituztenak, euskararen erabilera bultzatzen dutenak, genero berdintasunaren alde egiten dutenak, eta gizarteratzea eta boluntariotza bultzatzen dituztenak ere. “Alderdi horiek guztiak koherenteak dira Vital Fundazioaren Patronatuak sustatzen dituen balioekin eta gure gizarte ekintzan garatzen ditugun Garapen Iraunkorreko Helburuekin”, nabarmendu du Jon Urresti Vital Fundazioen presidenteak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK