Zabalik da Nafarroako urteko emakume enpresariak izendatzeko sarian izena emateko epea

Datorren ostiralera arte aurkeztu ahalko dira hautagaitzak

Iazko irabazleak | Argazkia: AMEDNA/NEEZE Iazko irabazleak | Argazkia: AMEDNA/NEEZE

NEEZE Nafarroako emakume eta zuzendarien elkarteak urteko Enpresari, Zuzendari eta Ekintzailea izendatuko ditu beste urtebetez, horretarako bereziki antolaturiko sarietan. Sarien helburua da emakumeek jarduera profesionalean egiten duten ekarpenarekiko bisibilizazio, sentsibilizazio eta kontzientziazio lana egitea, ikuspuntu sozial, ekonomiko eta politikoa kontuan hartuta. Horretarako hautagaitzak aurkezteko epea zabalik da, eta urriaren 14ko gauerdira arte arte ahalko da izena eman.

Irabazleak hamar bat kideko epaimahaiak izendatuko ditu, Nafarroako entitate ekonomiko eta sozial nagusietako ordezkariek osatutakoa. Horretarako hainbat ezaugarri izango dituzte kontuan. Emakume enpresari eta zuzendarien kasuan, besteak beste ondorengoak hartuko dira aintzat: enpresaren garapena, hazkundea, eta egonkortzea hautagaia bertara iritsi zenetik; giza-baliabideetako politika; berrikuntzarako apustu irmoa; edo aurkeztutako memoriaren kalitatea. Ekintzaileei dagokienez, esaterako, enpresaren negozio-plana, taldea, hitoak eta hazkunderako potentziala aztertuko dira.

Hautagaitzak aurkezteko hainbat bide onartuko ditu NEEZEk, alegia, posta bidezkoa, helbide elektroniko bidezkoa eta online galdetegi bidezkoa, elkartearen webgunean topa daitekeena. Postaz aurkeztuz gero, honako helbide honetara idatzi beharko da: Yanguas Miranda kalea, 1, 2º, 5. bulegoa, 31002 Iruñea. Helbide elektronikoa, berriz, info@amedna.com emaila izango da. Oinarri guztiak AMEDNAren webgunean topatu daitezke.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK