• Mikel Irujo eta Mikel Jauregi solasean arituko dira EnpresaBIDEAk antolaturiko topaketan

Mikel Irujo eta Mikel Jauregi solasean arituko dira EnpresaBIDEAk antolaturiko topaketan

Nafarroako Gobernuak, CEINek, Laboral Kutxak eta Artizarra Fundazioak babestuta, ekitaldia CEINen egoitzan izango da, azaroaren 27an

Irujo eta Jauregi, agerraldi banatan | Argazkiak: Nafarroako Gobernua/Irekia
Irujo eta Jauregi, agerraldi banatan | Argazkiak: Nafarroako Gobernua/Irekia
2025eko urriaren 31a - 12:00

Gaurtik aurrera, izena eman daiteke Ekin eta egin: ekintzailetza eta industria topaketan. EnpresaBIDEAk antolaturikoa, ekitaldiak babesle izango ditu Nafarroako Gobernua, CEIN Nafarroako ekintzailetza eta berrikuntzaren zentro europarra, Laboral Kutxa eta Artizarra Fundazioa. Azaroaren 27an, ostegunean, izango da, CEINen egoitzan, Noainen. Goizeko 9:00etan hasiko da hitzordua, eta ordu eta erdi inguruko iraupena izango du gutxi gorabehera. Ekitaldiko protagonista izango dira Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industria kontseilaria eta Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua, buruz buru solasean arituko direnak. Horrez gain, Nafarroako hainbat ekintzailek osatutako mahai-ingurua ere izango du ekitaldiak.

 

Jorratuko diren gaien artean dira, besteak beste, erkidegoen arteko lankidetza, erakunde publikoen rola, ekintzailetza eta gaurkotasuneko beste hainbat gai. Hitzordua euskara hutsean izango da, eta bertaratzeko, ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea. Horretarako, esteka honetan topa daitekeen formularioa bete beharko da.

Ekitaldiaren egitarau osoa datozen asteetan izango da eskuragarri.