M1 agregatua: atzeraldi baten atarian al gaude?

EBZk zirkulazioan dagoen dirua neurtzen du M1 moneta-agregatuaren bidez. Nabari egin du behera hilabeteotan. Historian zehar halako jaitsierak atzeraldi ekonomikoen iragarle izan ohi dira.

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Herriak asko daki. Gauzak noiz doazen ondo eta noiz ez. Kantak zaharrak hala erakutsi zigun: "Txin-txin, txin-txin, diruaren hotsa, haretxek ematen dit, maitea, bihotzean poza".  Aurreikuspen ekonomikoen dantzan bizi gara azken bolada honetan. Langabe kopurua etengabe behera doa, baina gobernuek euren aurreikuspen ekonomikoak okertzen dituzte. Dena ondo doala esaten digute, baina aspaldi galdu genuen baikortasunerako joera. Datuen saltsa honetan gauza bat ziurra dela badakigu: gastatzeko dugun diru kopuruak esaten digu gure ekonomia ondo doan ala ez. 

Etxeko ekonomian bezala herrialde, edo eskualde, batean zirkulazioan dagoen diruari erreparatzen diote agintariek ekonomiaren osasuna neurtzeko. Europako Banku Zentralak burutzen du zeregin hori moneta agregatuak erabiliz. Diru-masa edo diru-eskaintza osatzen duten elementuak neurtzen ditu moneta agregatu batek. Ekonomia batean zirkulazioan dagoen diruaren osotasunari dagokio. Diruaren kontzeptuaren alderdirik likidoena aztertzen du, hortaz. Kontabilitatearen ikuspegitik, moneta agregatuak zorra dira banku zentralarentzat, billeteak eta txanponak jaulkitzen dituena, eta aktibo bat diru hori daukanarentzat.

Etxeko ekonomian bezala agintariek moneta agregatuen bidez zirkulazioan dagoen diruari erreparatzen diote ekonomiaren osasuna neurtzeko.

Banku zentralek, gurean EBZk, hiru moneta agregatu erabiltzen dituzte, diruaren erabilgarritasunaren arabera (eskudirua, gordailuak, aktiboak...). Ulertzeko errazena M1 agregatua da, eskudirua neurtzen duena. Billete eta txanponez gain kontuan eskuragarri dugun dirua ere aintzat hartzen du. Epe luzeko gordailuak eta bestelako finantza aktiboak ez dira agregatu honetan sartzen. M1, hortaz, moneta masa kontrolatzeko erabiltzen da. Eskualde batean zirkulazioan dagoen dirua da. Banku zentralentzat oso adierazle ona da gastua eta inbertsioak burutzeko erabiltzen delako. Ekonomiaren jarduera maila neurtzen du azken batean, eta hori hazkunderako ezinbesteko erreferentzia da. Banku zentralek moneta politikaren bitartez zirkulazioan dagoen diru kopuruan eragin dezakete. Hazkunde ekonomikoa dagoenean, M1 igo egiten da. Bankuek maileguak errazago ematen dituzte eta zirkulazioan dagoen kopurua handitu egiten da. Atzeraldi ekonomikoetan, ordea, moneta agregatu hau murriztu egiten da.

Europako Banku Zentralak moneta politika oso hedakorrak garatu ditu azken urteotan. Aurreko finantza krisiak eragindako motelaldiari eta deflazio arriskuari aurre egiteko interes tasak jaitsi, eta pizgarrien politikak abiatu zituen. Aktiboen erosketa masiboa izan zuen horretarako ardatz. Egoera egonkortzen ari zela, koronabirusak ekonomia irauli egin zuen. EBZk moneta politika hedakorrari ekin zion berriz ere merkatuan diruaz txertatuz. Interes tasa negatiboak ere ezarri zituen. Bankuei pizgarriak eman zizkien dirua maileguen bitartez ekonomian txertatzeko. Diru emariak, hortaz, moneta politika hedakorren ondorioz oparoa behar zuen. Ez da hori, ordea, M1 agregatuak dioena.

M1 ekonomiaren atzeraldiaren iragarle

Alberto Musso EBZko ekonomialariak eta moneta politiken analistak M1 agregatuaren benetako iragarpen-ahalmena aztertu zuen jarduera ekonomiko errealerako euro-eremuan (The predictive power of real M1 for real economic activity in the euro area). 1970eko urtarrila eta 2019ko otsaila bitartean, M1 agregatua aztertu zuen, inflazioaren eragina aintzat hartuta. Grafiko berean M1en portaera eta euroguneko BPGren bilakaera bildu zituen.

Iturria: EBZ
Iturria: EBZ

Harremana agerikoa da. Atzeraldi ekonomiko guztiek M1 moneta-agregatuaren beherakada izan dute aurretik. 2008ko finantza krisian, eta 2012ko bigarren bueltan, adibidez, argi ikusten da. Bada salbuespen bat: 2000.urtekoa. Urte hartan moneta masa murriztu bazen ere, Europa mailan ez zen atzeraldirik etorri. Alemanian eta beste zenbait herrialdetan, ordea, bai. 1998 eta 2005 bitarteko urte horietan Alemaniak langabezi maila altuak izan zituen, eta defizita murrizteko neurri zorrotzak ezarri zituen.

Gaur egungo egoera

Europako Banku Zentralak M1 agregatuaren datu eguneratuak eskaintzen ditu eta joera aldaketa nabaria igartzen da azken bi urteotan.

azken urteak
Iturria: EBZ

Koronabirusaren ondorioei aurre egiteko EBZk ekonomian dirua txertatzeko moneta politika hedakorra abiatu zuen 2020ko martxoan. Pandemiaren larrialdiari aurre egiteko erosketa programaren bitartez, 1,85 bilioi euro txertatu ziren Eurogunean ekonomia sustatzeko. M1en bilakaerak argi azaltzen du politika horren eragina. 2021eko otsailean, ordea, joera aldaketa izan zen. Hazkundeak malda negatiboa hartu zuen. Azken hilabeteotan Europa inflazio altuko boladan sartu da hornidura kateen krisiak eta Ukrainako gerrak eraginda. Inflazioak M1en datua desitxuratzen du. Inflazioaren eragina kenduta, M1 agregatuaren gainbehera are handiagoa izango litzateke.

Ataka konplikatuan dago EBZ. Inflazioari aurre egiteko tasak igo behar ditu. Horrek merkatutik likidezia xurgatuko du, M1 ahulduz.

Egoera konplikatuan dago EBZ. Alde batetik, badaki neurri gabeko inflazioaren gorakadari aurre egin behar diola. Bere esku dagoen tresna nagusia interes tasen igoera da. Moneta politika horren bitartez, likidezia xurgatuko luke ekonomiatik. Horrek, ordea, M1aren beheranzko joera malkartsuago batera eramango luke. Christine Lagardek badaki oreka horri eutsi behar diola. Ingurune ekonomiak ez du, ordea, laguntzen. Txinako Gobernuak koronabirusaren aldaera berriak kontrolpean izateko hartutako murrizketa zorrotzek eskualde nagusien konfinamendua ekarri du. Txinako porturik handierak itxi ditu. Hornidura kateetan tentsioa eragiteko arriskua geroz eta handiagoa da.

Ameriketako Estatu Batuetan, bestalde, Erreserba Federalak tasak igo ditu. Jerome Powellek argi azaldu du interes tasak igotzen jarraituko duela. Igoera horiek, baina, albo kalteak izan ditzaketela ere esan du. Atzeraldi teknikoan sartzeko arriskua dago. Lehen hiruhilekoan ekonomiak % 1,4 egin du atzera. Beste hiruhileko batez hazkunde negatiboa izateak atzeraldira eramango luke munduko lehen potentzia.

Testuinguru aldakor eta hegazkor honetan interes tasen gaineko erabakiak tentuz hartu behar dituzte ekonomia agintariek. Europako datu makroekonomikoak positiboak badira ere, euskal ekonomiak oraindik ez du lortu pandemia aurreko datuetara bueltatzea. Aurten hazkunde tasak espero dira, baina aurreikuspen ekonomikoen iraungitze datak geroz eta laburragoak dira. 

Merkatuen konfiantza neurtzen duen adierazle nagusiak, arrisku sariak, igotzen hasi dira. Abiadura, ordea, herrialdez herrialde aldatzen ari da. Herbehereek 29,15 puntutako arrisku saria duten bitartean, Grezia 244,15 puntutan dago. Frantziak 52,75 puntutakoa du, eta Espainiak 109,45. Herrialdeen arteko distantziak zabaltzen hasi dira. 

Atzeraldi baten beldurra indartzen ari da. Adierazle nagusiek kezka hori elikatzen dute. Geroz eta gehiago.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK