Euskadiko industriak zero isuri garbiak izatea du helburu 2050erako, Munduko Ekonomia Foroak ezarritako ekimenarekin bat egiteko. Bide horri ekiteko, Basque Net Zero Industrial Super Cluster egitasmoaren lehen ekintza fasea definitu dute hainbat eragilek Miramongo Parke Teknologikoan (Donostian) egindako bileran. Zehazki, CO2 gehien isuritzen duten bost industrietako klusterrek parte hartu dute bileran: birfindegiari lotuta, Energia Klusterrak; zementuari lotuta, Aclimak; siderurgiari lotuta, Siderex; galdaketari lotuta, AFVk eta paperari lotuta, Euskadiko Paperaren Klusterrak. Arantxa Tapia Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak eta SPRIko ordezkariek ere parte hartu dute.
Zehaztutakoaren arabera, lehen ekintza fasearen helburua izango da isuriak gutxitzeko plana ezartzen joatea 2022ko apiriletik 2023ko apirilera. Plan horrek sei esparru landuko ditu, lau sekuentzialak eta zeharkako bi. Esparru sekuentzialak honakoak dira: identifikatzea zein prozesu industrialek duten energia kontsumo handiena lehenetsitako bost azpi-sektore industrialetan; zehaztea zein teknologia eta neurri izan daitezkeen CO2 isuriak murrizteko; Euskadiko balio-katea edo balio-kate potentziala ebaluatzea, teknologiak identifikatu eta garatu, eta neurriak ezartzeko; eta identifikatzea zein proiektu pilotu eta demostratzaile izan daitezkeen konponbide teknologikoen artean, prozesu insutrialetan aplikatzeko. Horiekin batera, euskal egitasmoaren jardueren kudeaketa eta jarraipen organoak zehaztea eta egitasmoa nazioartean posizionatzea eta komunikatzea dute helburu.
Dena den, ez dute zehaztu nola egingo den enpresekin lanketa. Bai aldiz proiektuak garatzeko lizitazioa aurkeztuko dutela SPRIren bitartez datozen asteetan, laguntza teknikoa jaso ahal izateko.
Basque Net Zero Industrial Super Cluster egitasmoa udazkenean abiarazi zuten, Klima Aldaketaren konferentziaren testuinguruan. Munduko Ekonomia Foroak lau eskualde gonbidatu ditu 2050erako zero isuri garbiko helburua lortzeko egitasmoan parte hartzera, tartean Euskadirena. Zehazki, egitasmo horren bitartez nabarmendu nahi dituzte industria klusterrek zero isuri garbiranzko trantsizioan lortutako hitoak, beste kluster batzuk bide beretik jotzeko motibazioa, esperientziak eta tresnak izan ditzaten, eta konpromisoa har dezaten.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta