Euskadiko Ingurumen Industrien Kluster Elkarteak, Aclimak, Ingurumen-berrikuntza eta transferentzia teknologikoaren I Foroa antolatu du BEC-en. Basque Greentech izenpean, jardunaldiaren helburua izan da aztertzea zein tresna izan ditzaketen enpresek ekonomia zirkularrari, klima aldaketari eta ingurumen-kalitateari lotutako erronkei aurre egiteko, bai teknologiei, bai ikerketari dagokionez.
Foroan parte hartu dute enpresetatik, zentro teknologikoetatik eta unibertsitateetatik etorritako ehun lagunek baino gehiagok, den-denak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseilukoak, eta egitarau zabala izan du. Batetik hainbat mahai inguru izan dira, besteak beste, ekonomia zirkularrari buruzkoa, eta ingurumenari lotutako berrikuntzari buruzkoa. Bestetik, sei proiektu berritzaile aurkeztu dira, zeinetan Aclima parte hartzen ari den, hala nola: LowCO2, CO2a jasotzeko eta balorizatzeko teknologiak ikertu eta sortzeko helburuarekin sortua, eta Kontrae, antibiotikoen erresistentziaren zergatiei buruz ikertzeko eratua. Horiekin batera, parte hartzaileek aukerak izan dituzte enpresen arteko bilerak egin eta elkarlanerako aukerak aztertzeko.
Foroan izan dira, besteak beste: Aclimako zuzendari nagusia, Olga Martin; Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea, Estibaliz Hernaez Laviña; Euskadiren Europar Batasuneko ordezkaria, Marta Marín; Ihobeko zuzendari nagusia, Alexander Boto; Innobasqueko Nazioarteko zuzendaria, Lola Elejalde; eta SPRI taldeko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun arloko zuzendaria, Cristina Oyón.
Ekonomia zirkularra, klima aldaketa eta ingurumen kalitatea Europako Itun Berdearen estrategia berriak jasotako erronketako hiru dira.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta