• Aitor Ayastuy izango da Ulma Taldeko zuzendari nagusi berria

Aitor Ayastuy izango da Ulma Taldeko zuzendari nagusi berria

2026tik aurrera hartuko du kargua, Iñaki Gabilondo ordezkatuta. Ulma Construction kooperatibako zuzendari nagusia izan da orain arte

Argazkia: Ulma
Argazkia: Ulma
2025eko irailaren 26a - 10:58

Aldaketak datoz Ulmaren agintaritzan, 2026tik aurrera Aitor Ayastuy izango baita kooperatiba taldeko zuzendari nagusi berria. Iñaki Gabilondoren lekukoa hartuko du Ayastuyk, zeina 16 urtez izan den taldearen gidaritzan.

 

Ulma Taldea bederatzi kooperatibek osatzen dute eta Ayastuy kooperatiba horietako bateko zuzendari nagusia izan da orain arte, Ulma Construction-ena hain zuzen.

Oñatiko (Gipuzkoa) kooperatiba taldeak ohar bidez azaldu duenez, errelebo prozesua “modu ordenatuan” garatu dute azken hilabeteetan. Ayastuyk ibilbide luzea du industriaren eta kudeaketaren arloan, baita naziortean eskarmentua ere. Halaber, Ulma Taldeko Zuzendaritza Kontseiluko kide da duela 17 urtetik.

 

Arrasatearra da Ayastuy, enpresa zientzietan lizentziaduna EHUn. 1995ean Ulma CyE, S. Coop. enpresan sartu zen, Agrícola negozio-lerroan. Bi urte beranduago kooperatibaren eraikuntza arlora igaro zen, bere jarduera Oñatin zein nazioartean garatuz. 2008ko ekainaz geroztik izan da Ulma Construction kooperatibako zuzendaria.