IRITZIA

Deskonexio digitalaren bide luzea

Deskonexio digitalaren eskubidea Datuen Babeserako Lege Organikoaren 88.8 artikuluan, Langileen Estatutuaren 20bis artikuluan eta Urrutiko Lanaren 18. artikuluan jasotzen da eta enpresaburuaren aldetik langileen atseden-denbora, baimenak eta oporrak errespetatzen direla bermatu nahi du, haien kontziliazio pertsonala, familiakoa eta lanekoa babesteko.

Hala ere, esan beharra dago deskonexio digitala lan-legedian gutxien errespetatzen den eskubideetako bat dela. Izan ere, bizi garen mundu hiper konektatu honetan, berehalakotasunaren kultura nagusitu da, eta horren bidez, enpresek, bezeroek eta herritarrok, oro har, etengabeko arreta eskatzen dugu urteko 365 egunetan eta eguneko ia 24 orduetan. Horrek eragin zuzena izan du lan-harremanetan, enpresek bezeroen berehalako erantzunen beharra helarazi baitiete langileei. Jakina, telelanak ere ez du lagundu pandemiaren garaian, non egunak gauekin eta lanegunak asteburuekin nahasten ziren.

Atseden uneetan lanean sartzea saihestu nahi da; izan ere, gailu elektronikoak erabilpenarekin gero eta zailagoa da zerbitzuak emateko uneak eta atseden hartzeko uneak bereizten dituen lerroa aurkitzea. Argi dago etengabeko konexioak laneko arriskuak eragin ditzakeela, hala nola gehiegizko konektibitateak ekar dezakeen gainkarga mentalaren ondoriozko estresa edo antsietatea. Beraz, eskubide hori arrisku psikosozialak prebenitzeko eratzen da.

Horretarako arauak mekanismo bat aurreikusten du: enplegatzaileek barne-politika (protokolo) bat egin beharko dute, langileen ordezkariei entzun ondoren. Protokolo horretan, deskonexiorako eskubidea baliatzeko modalitateak eta langileak (zuzendaritzako langileak barne) prestatzeko eta sentsibilizatzeko ekintzak zehaztuko dira, neke informatikoaren arriskua saihestuko duten tresna teknologikoak zentzuz erabiltzeko. Horrela, langileek babestuta ikusiko lukete lan-ordutegitik kanpo edo atsedenaldietan posta elektronikorik, telefono-deirik, WhatsAppeko mezurik edo bestelako komunikaziorik ez erantzuteko eskubidea.

Protokolo hori nahitaezkoa da enpresa guztientzat, haien tamaina eta sektorea edozein izanda ere, eta formalizaziorik eza Laneko eta Gizarte Segurantzaren Ikuskatzailetzak zigor dezake (eta zigortzen hasiak dira). Gainera, enpresek saihestu ahal izango lukete langileen balizko erreklamazioen arriskua lan-istripuagatiko kalte-galeren prestazioen edo kalte-ordainen errekarguen inguruan, baldin eta horiek egiaztatzen badute deskonexio digitalaren protokoloa ez ezartzearen eta eragindako osasun-kaltearen arteko kausalitate lotura.

Hala ere, oso gutxi dira protokolo hori eratu duten enpresak (%20ko datua erabiltzen ari da), eta deskonexio digitalaren eskubidea kasu askotan ez da betetzen ari. Izan ere, gauza bat da legeak markatzen duena eta beste bat legea betetzea. Beraz, bide luzea dago oraindik eskubide hori langile guztientzat bermatzeko.