Adimen artifizialak beharrezkoak dituen azpiegituretan pentsatzerakoan, AEBn dauden datu-zentro handiak etortzen zaizkigu burura. Duela lau urte, ezin genuen imajinatu AA bezalako tresnak gure eguneroko bizitzan erabiliko genituenik eta gizartearen onespena jasoko zutenik. Edozein gauza kontsultatzeko Gemini, ChatGPT edo Claude bezalako laguntzaileak erabiltzen dira. Duela urte batzuk zalantza bat argitu nahi genuenean Googlen bilatzea iradokitzen genuen; gaur egun AAko laguntzaile batean galdetzea proposatzen dugu. Aldaketa horrek galdera asko sortu ditu: nor dago laguntzaile horien atzean? Zergatik daude atzerrian ezagunenak? Zer baliabide ditugu gurean?
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Azken galderari erantzun nahi izan diote Euskarabilduaren aurtengo edizioan. Adimen Artifiziala herriaren zerbitzura lelopean, San Telmo Museoan topaketa egin zen atzo. Azpiegiturei buruz hitz egiteko 'AAk beharrezkoa duen azpiegitura. Euskal Herrian zer baliabide ditugu?' izeneko mahai-ingurua antolatu zen. Bertan, German Rigauk, Hitz zentroko zuzendariordeak, mahai-inguruko sarrera egin zuen, eta azken lau urteetan egon den aldaketaz hitz egin zuen. AAren erabilera handitu den bitartean, baliabideak handitu behar izan dira eta Rigauk urtero erabilera nola handitu den erakutsi zuen. Rigauk adierazi zuenez, Europan 80.000 GPU (AAren azpiegituraren oinarrizko elementuak) eskuragarri daude AA garatu ahal izateko. Kopuru hori, AEBko enpresa batek duenarekin alderatuz, askoz murritzagoa da. Are gehiago, Elon Muskek Memphisen duen klusterrean ia 300.000 GPU daude. Argi dago Europako AAren azpiegitura mugatuagoa dela eta, Euskal Herriko egoerari begiratuz gero, are txikiagoa dela.
Zein dira gurean ditugun baliabideak?
Axier Lopez Argiako kazetariak zuzendu zuen Euskal Herrian dauden baliabideak ezagutzeko helburua zuen mahai-ingurua. Bertan izan ziren lurralde guztietako arduradun eta ikerlariak, besteak beste, Izaskun Echeverria, Nasertic-eko Banatutako Sistemen arloko arduraduna; Iratxe Montoya, EJIEko Eraldaketa eta Adimen Artifizialeko zuzendaria; Aran Garcia Lekue, DIPCko proiektu estrategikoen zuzendaria; Alex Etxeberria, aDi Data Center Euskadiko zuzendaria eta Alexis Guirlé, Izarralde Taldeko zuzendaria.
Mahai-inguruan eskualde mailako ekimen publikoen papera azpimarratu zuten parte-hartzaileek. Nafarroako Gobernuaren sozietate publikoaren (Nasertic) lana da horren adibide bat. Erakunde horrek Nafarroako erreferentziazko bazkide teknologiko gisa jarduten du, eta Echeverriak azaldu zuenez, Nafarroan superkonputazio zentro propio bat kudeatzen dute. Gaur egun, baliabide horiek Espainiako Superkonputazio Sarearen (RES) bidez garatzen dira eta komunitate zientifikoaren esku jartzeaz gain, tokiko unibertsitateei, ikerketa-zentroei eta enpresa txiki eta ertainei ere eskaintzen zaizkie.
EAEko azpiegitura publikoak EJIEk kudeatzen ditu. Bertan 15.000 zerbitzari inguru kudeatzen dira, eta horietatik gehienak zerbitzu publikoen aplikazioen beharrak bermatzeko erabiltzen dira. Bestalde, AAren erabilera aurrera eramateko Argia plataforma hibridoa sortu dutela azaldu zuen Iratxe Montoyak, eta bertan AArekin probak egiteko aukera dagoela jakinarazi zuen. Erabilera Eusko Jaurlaritzako sail guztien esku dago eta gainera, AA garatzen duten ekimenentzat eskuragarri daude zerbitzariak eta GPUak.
Argi dago Europako AAren azpiegitura mugatuagoa dela eta, Euskal Herriko egoerari begiratuz gero, are txikiagoa dela
Bestalde, Aran Garciak ezagutarazi zuen DIPC AAko azpiegitura ordenagailu kuantikoarekin lotzeko lanean dabilela. Horrelako azpiegitura gutxi daude munduan; gaur egun bi daude AEBn eta Donostian sortuko dena hirugarrena izango litzateke. Bertan garatzen den AA fisikarekin, medikuntzarekin edo bestelako arlo zientifikoekin erlazionatua dago. AAren erabilera oinarrizkoena programazioa izaten da, hau da, kodea sortzeko erabiltzen da gehienetan.
aDi Data Center lankidetza publiko-pribatua duen egitasmoa da. Zentroaren zuzendari Alex Etxeberriak azaldu zuen burujabetzaren garrantzia ezinbestekoa dela eta horretarako horrelako proiektuak garatu behar direla. AEBko enpresek ixteko erabakia hartuko balute, zer gertatuko litzateke? Galdera horri erantzuna emateko lan egiten dutela esan zuen Etxeberriak eta horretarako azpiegitura sortzen ari dira, ondoren baliabide horiek enpresen eskura jartzeko xedez. Hori aurrera eramateko hodei subiranoak behar direla azaldu zuen eta horien bitartez softwarea garatzeko ahalmena. Kataluniako adibidea ekarri zuen mahai ingurura: bertan, hodei subiranoa izateko proiektua martxan jarri dute. aDi Data Center azpiegitura abian jartzen hasi da eta bezero batzuek —euskaldunak zein Espainiako Estatukoak— beren GPUak dituzte bertan. Lehenengo lana AAri ostatu ematea izaten ari dela adierazi zuen Etxeberriak.
Topaketan arreta berezia eskaini zitzaion datuen babesari eta multinazional handiekiko menpekotasunari. Ipar Euskal Herriko esperientzia partekatu zuen Izarralde taldeko Alexis Guirlék. Euren helburua tokiko enpresei datu-zentro hurbilak eta seguruak eskaintzea dela azaldu zuen. Eredu horren barruan, Bidarten kokatutako datu-zentroa eta garatutako 500 kilometroko zuntz optiko propioa aipatu zituen. Azpiegitura independente horri esker, enpresek euren datuak kanpoko hornitzaile handietatik igaro gabe kudea ditzakete. Erakunde horien asmoa da datozen hilabeteetan AAko ereduak tokiko zerbitzarietan bertan integratzea, enpresek euren informazio konfidentziala babestu ahal izan dezaten barne-tresnak edo bezeroarentzako laguntza-sistemak erabiltzen dituzten bitartean.
Eskualdeko zentral hidroelektrikoen bidez elikatutako zerbitzarien eredua nabarmendu zuen, eraginkortasun energetikoa lehenetsiz eta ingurumenaren gaineko eragina mugatuz
Jasangarritasun energetikoa ere izan zuten hizpide. Konputazio zentro handiek kontsumo elektriko izugarria behar duten bitartean, tamaina ertaineko tokiko zentroek energia-kontratu berdeak erabiltzeko aukera dutela adierazi zuen Guirlék. Ildo horretan, eskualdeko zentral hidroelektrikoen bidez elikatutako zerbitzarien eredua nabarmendu zuen, eraginkortasun energetikoa lehenetsiz eta ingurumenaren gaineko eragina mugatuz.
Mahai-inguruaren amaieran gazteen artean duen eraginari buruzko galderak egin ziren. Hainbat kideren iritziz, adingabeei tresna digitalak edo pantailak debekatzeko bidea ez da eraginkorra, batez ere teknologiak gaur egungo errealitatearen parte direlako eta haurrek lehendik ere eskura dituztelako. Zentzu horretan, ikastetxeetan eta etxeetan adimen artifiziala laguntza-tresna gisa ulertzen irakatsi behar dela azpimarratu zuten, informazioa modu kritikoan aztertzeko gaitasuna landuz eta arriskuen aurrean babes-neurriak hartuz. Azkenik, belaunaldi berriek teknologia modu naturalean barneratzeko duten gaitasuna nabarmendu zuten. Mahai-inguruko partaideen arabera, etorkizunean gazteek beraiek erakutsiko diete helduei tresna horiek nola erabili era eraginkorragoan, betiere helduen gainbegiratzea eta hezkuntza-esparru egoki bat bermatzen badira.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta