• BERRIKUNTZA
  • Alex Etxeberria (ADI Data Center): "Teknologia berri hauekin guztiok ari gara ikasten"

Alex Etxeberria (ADI Data Center): "Teknologia berri hauekin guztiok ari gara ikasten"

Datu zentroak tokian izateak zerbitzu hobea eta seguruagoa eskaintzea ahalbidetzen duela nabarmendu du ADI Data Center Euskadiko zuzendariak. Arrasateko datu zentroa 2027aren amaierarako martxan izatea espero du

Alex Etxeberria ADI Data Center Euskadiko zuzendaria da 2022az geroztik | Argazkia: Marisol Ramirez / Foku
Alex Etxeberria ADI Data Center Euskadiko zuzendaria da 2022az geroztik | Argazkia: Marisol Ramirez / Foku
Joanes Marquet Lopetegi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2025eko urriaren 30a - 05:30

ADI Atlantic Data Infrastructure proiektuaren zuzendaria da Alex Etxeberria Aranburu (Azpeitia, Gipuzkoa, 1967). Lurraldea beharrezko azpiegituraz hornitzea du helburu ADIk, enpresek eta erakundeek azpiegitura teknologiko egokiak izan ditzaten. Abantoko datu zentroa martxan da urte hasieratik eta Arrasaten eraikiko dute bigarrena. Etxeberria joan den astean egin zen Etekin topaketan izan zen, adimen artifizialaren eta datuen gainean hizketan. Bere aburuz, adimen artifizial berriak garatzeko ikuspegi apurtzailea beharrezkoa da enpresetan. Datu zentroak lurraldean errotuta izatearen garrantzia nabarmendu du.

 

Adimen artifizialak enpresen paradigmak aldatu dituela aipatu zenuen joan den asteko solasaldian, eta teknologia hori ez dela enpresen etengabeko hobekuntza zikloetan sartu beharreko zerbait, baizik eta zerbait disruptiboa izan behar duela.

Egia da gaur egun zenbait enpresa hainbat arlotan adimen artifiziala erabiltzen ari direla; bisio artifizialean, labe baten erregulazioan edota portuetako trafikoa kudeatzerakoan, adibidez. Erabiltzen den tokietan, adimen artifizial klasikoaz ari naiz orain, etengabeko hobekuntza zikloen barnean sartzen da.

 

Baina pixka bat apurtzaileak diren gaur egungo LLM eta adimen artifizial mota hauek guztiak zerbait berria dira. Eta adimen artifizialeko erreminta eta gaitasun berri horiek martxan jartzeko ikuspegi disruptibo hori behar da. Beharbada, motzegi sartu ginen solasaldian. Zehaztu behar da adimen artifizialak urteak daramatzala martxan, eta, zentzu horretan, hainbat tailer, produkzio leku edo ospitaletan etengabeko hobekuntza hori barneratuta duten makinak badaudela jada. Egun ikusten ari garen adimen artifizial hau, irudiak eta musika sortzen duena, testuak idazten dituena edota testua irakurri eta datuak atera… hori martxan jartzeko nik uste dut disruptiboak izan behar garela.

BAICen azken txostenak dio adimen artifizialaren erabilera %42 handitu dela azken urtean EAEn, eta enpresen %17 inguruk erabiltzen duela. Gainera, teknologia hori erabiltzen duten enpresen fakturazioa handitzen dela ondorioztatu du.

Datu horiek orokorregiak dira, baina askotan esaten da ondo dabiltzan enpresak adimen artifiziala erabiltzen dutela, ondo dabiltzan enpresak berrikuntzaren aldeko apustua egiten dutela, eta gaur egun, berrikuntzan ari garenean, ez dut esango proiektu guztietan, baina askotan azaltzen da adimen artifiziala eta zibersegurtasuna. Bi behar horiek berrikuntzako proiektu edo produktu gehienetan sartzen dira.

AAk enpleguak suntsituko dituenaren kezka nola ikusten duzu?

Arriskuetako bat hor dago. Teknologia berriek hainbat enplegu aldatu dituzte, eta beste berri batzuk sortu. Hori etengabeko adaptazioa da gizartearen ekonomian. Geroz eta lanpostu espezializatuagoak sortzen joango dira eta beste hainbat lanpostu aldatuko dira.

Inportantea da teknologia hau erabiltzea orain lanean ari den jendeak lana hobeto egin dezan. Teknologia hauek balio erantsi bat dakarte, argindarrak edo Internetek ekarri zuten bezala. Baina balio hori noren eskuetan geratuko da? Arriskua da, alde batetik, ez erabiltzea gaur egungo langileen lana hobetzeko, eta, beste aldetik, teknologiak sortzen duen balioa ez kudeatzea modu inklusibo batean. Hau da, gizarteari bueltan balioa eman beharrean, multinazional batzuk edo herrialde batzuk balio horren estrakzio bat egitea.

"Inportantea da teknologia hau erabiltzea orain lanean ari den jendeak lana hobeto egin dezan. Teknologia hauek balio erantsi bat dakarte, argindarrak edo Internetek ekarri zuten bezala"

Adimen artifiziala etengabeko proba eta errore fasean dagoela aipatu zen solasaldian. Zuk aipatzen zenuen, errore, errore, errore etengabe batean gaudela, baina adimen artifizialaren trenera igo beharra dagoela. Nola kudeatu dezakete prozesu hori enpresek?

Berrikuntzaren paradigmetako bat izaten da gaztelaniaz esaten den "con permiso para fallar". Akatsa egiteko beldurrarekin baldin bagoaz, ez dugu aurrera egingo. Baina egia da proiektu hauetan guztietan, akatsak azkar ikusi eta ikasi behar ditugula. Akats batean bagabiltza, nahiz eta bide horretatik jarraitu, ikasten goaz eta hobetzeko bidea daukagu.

Egia da teknologia berri hauekin guztiok ari garela ikasten. Orain arte, ezagutza unibertsitatean eta zentro teknologikoetan egon da batik bat, eta orain gizarteratzen ari da. Gizarteratze honetan, enpresa batzuk erabiltzen dakite eta beste batzuk oraindik ez. Joango gara ikusten. Gogoratzen naiz orain dela 30 urte inguru lehenengo excel orria kontable bati eman nionean, "niri honek ez dit ezertarako balio" esan zidan. Handik hiru urtetara jada enpresa guztiek zeukaten excel hori. Ikasten joaten gara erremintak nola erabili.

 DSC4705
Joan den astean Bilbon eginiko Etekin topaketa parte hartu zuen Etxeberriak | Argazkia: Marisol Ramirez / Foku

Burujabetzaz ere hitz egin zenuten. AEBetako armadak Microsoftetik ezin zuela atera zioen albiste bat aipatu zenuen. Ezin badu AEBetako armadak atera nola aterako gara gu?

Sistema guztiak Microsoften sistemetan oinarrituta daudela esaten ari ginen. Gure inguruan egon badaude enpresak Microsoft asko erabiltzen dutenak, eta beste batzuk ez dute erabiltzen. Burujabetzak, hainbat eta hainbat aplikaziotik, erabakiak hartzea esan nahi du, eta erabaki horiek kontzienteki hartu behar direla. Saiatu behar gara ahalik eta libreen egoten, ze arriskuak hor daude.

Burujabetzaren lau atal nabarmendu zenituen: fiskalitatea eta lurraldetasuna, baliabideen jabetza, datuen kudeaketa edo zainketa eta teknologiak. Lau atal horietan hemengo ekosistema nola dagoela esango zenuke?

Hemengo enpresa eta erakunde gehienek datuak bertan dauzkate, bere sistemetan. Gaur egun, Euskadin ez dago zerbitzuak hemendik eskaintzen dituen enpresa handi edo multinazionalik. Europatik bai, baina ez gure lurraldean, hau da, ez daukagu bere datu zentroak hemen dituen hipereskalarrik. Gu eta beste datu zentro batzuk gaude, eta aukera lokalak eskaintzen saiatzen gara. Enpresa handien alternatibak osatu nahian gabiltza, eta gure aldetik saiatzen ari gara lau atal horiek ahalik eta gehien betetzen. Lurraldetasuna erraza da, jabetza ere, teknikariak bertakoak dira, eta teknologiak ahalik eta irekienak erabiltzen ditugu, hau da, gutxien lotuko gaituztenak.

"Orain arte, ezagutza unibertsitatean eta zentro teknologikoetan egon da batik bat, eta gizarteratzen ari da orain"

Abantoko ADI datu zentroa 2025aren hasieran jarri zenuten martxan. Zer moduz doaz lehen hilabeteak?

Bisita eta zerbitzu batzuk martxan dauzkagu, eta hainbat eta hainbat bezero posiblerekin proiektuak egiten ari gara, beren estrategia digitalen parte izateko. Gure lurraldeko bezero izan daitezkeenekin egiten ditugu hartu-emanak eta hor gabiltza aukerak eskaintzeko prest.

Zer onura ekarriko dizkie hemengo enpresei halako datu zentro bat izateak?

Data center batek eskaintzen dizuna da zure datuak leku seguru batean edukitzea, bai fisikoki, bai zibersegurtasun aldetik. Modu askotara egin daiteke, baina gertutasunak ere balio bat du. Gertutasunak zerbitzu hobea ematen du, abiadura handiagoa, zure proiektua garatzeko unean beti zaudelako zure zerbitzaritik gertuago.

Gainera, gure datu zentroaren konposizioagatik eta proiektuaren ikuspegiagatik lurraldeari lotuta gaude; gure lurraldearen etorkizunarekin lotuta. Ez gara izango atzean hainbat funts amerikar edo txinatar dituen data center bat. Gure jabeak bertakoak dira eta bertan jarraituko dute. Horrek segurtasuna ematen du, eta beste hainbat lekutan eman diren salmentak gure kasuan ikustea oso zaila da.

Hemen errotzea bermatu nahi duzue, beraz?

Bertako jendeak kudeatuko ditu datu zentroak. Datu zentro hipereskalarrak edo multinazional handietako proiektuak ikusten ditugunean, prezioak garestiak izaten dira, eta guk nahi dugu prezioan konpetitu ere. Alternatiba ez da lurraldetasuna bakarrik, prezio konpetitiboan eskaini nahi ditugu zerbitzuak. Hori ere gure obligazioetako bat da.

 DSC4943
Argazkia: Marisol Ramirez / Foku

Arrasateko datu zentroa orain hasiko zarete eraikitzen. Noizko aurreikusten duzue martxan izatea?

Ea aurten martxan jartzen ditugun obrak. Kalkulatzen dugu bi edo hiru urte beharko ditugula, 2027ko Gabonetarako amaituta edukitzea nahiko genuke.

"Ez gara izango atzean hainbat funts amerikar edo txinatar dituen 'data center' bat"

Funtzio bera izango du zonaldeko enpresentzat?

Abantoko datu zentroari bere bikotea jarriko genioke. Bien eskuragarritasuna eta segurtasuna handitzen du datuak alde batetik bestera mugitzeko. Hainbat berrikuspen ere izango ditu, adimen artifizialak edukiko dituen beharrei erantzuteko.

Behin bi datu zentroak martxan izatean, zeintzuk izango dira ADIren hurrengo urratsak?

Gure zerbitzuak egonkortu, lurraldeari atxikita jarraitu, bertako ekonomiak eskatzen dizkigun beharrei aurre egin eta hobeto erantzuteko palanka izatea da gure helburua. Ez dadila izan hemen data centerrik ez dagoelako, ez dugu nahi aukerak beste leku batzuetara joan eta galtzea.