
EAEko enpresen %17ak barneratuta dauzka adimen artifizialeko prozesuak. Beste hainbat ikerketa zentro nahiz eragile teknologiko ere ari dira teknologia horren gaineko testak eta garapenak egiten. Proba horien emaitza ohikoena, ordea, errorea izaten da; izan ere, proba eta akats etengabean dabiltza tokiko enpresak, AAren zurrunbiloan barrena. Alex Etxeberria aDi Atlantic Data Infrastructure-Data Center Euskadiko zuzendariaren esanetan, “errore, errore, errore fase batean gaude”. Baina, ez dago besterik, behin baino gehiagotan huts egin beharra dago asmatzeko, adimen artifizialaren aukerak probesteko, gizarte lehiakorrago bat sortzeko.
Etekin topaketaren edizio berri bat egin zen atzo Bilboko Yimby aretoan, eta, nola ez, adimen artifiziala eta harek tokiko enpresetan duen eragina izan zen hizketagai. Etxeberriarekin batera izan ziren Amaia Iñurria Fagor Arrasateko Negozioari aplikatutako Adimen Artifizialaren arduraduna eta Elixabete Garcia Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko zuzendaria.
“Mundu osoan adimen artifiziala lehiakortasunean integratu behar den elementu bezala ikusten da”, adierazi zuen Iñurriak. Egun, BAICen arabera, Araba, Bizkaian eta Gizpuzkoan 9.500 profesional daude adimen artifizialaren sektorean, %25 handitu delarik kopuru hori azken urteetan, eta gainera, adimen artifiziala erabiltzen duten enpresen fakturazioak automatikoki gora egin duela frogatu da.
“Adimen artifiziala barneratzen duten enpresek abantailak dituzte. Errore horietatik azkarrago ikasten dute, aukera berriak lortzen dituzte”, gehitu zuen Garciak. Hein horretan, adimen artifizialera salto egiteak beldurra ematen badu ere, hiru adituek ohartarazi zuten derrigorrez igo beharreko trena dela. “Kontua ez da prest egotea edo ez, salto egin behar da”, zioen Iñurriak. “Erakundeetan goitik beherako nahiz zeharkako inplikazioa behar dugu”, gehitu zuen Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko zuzendariak.

Datu zentroak eta ingurumena
Adimen artifizialaren garapena ezin da edozein prezioetan egin, ingurugiroa ere kontuan hartu beharra dagoela gogoratu zuen Nerea Reparaz kazetariak, zeinak atzoko mahai-ingurua gidatu zuen. “Konputazio beharrek argindarra kontsumitzen dute, egia da. Egia da baita ere gaur egun hemen egin diren data center gehienek erabiltzen duten energia berriztagarria dela”, nabarmendu zuen Etxeberriak.
Elixabete Garcia: “Adimen artifiziala barneratzen duten enpresek abantailak dituzte. Errore horietatik azkarrago ikasten dute, aukera berriak lortzen dituzte”
Egun, ura ere erabiltzen da datu zentro horiek hozteko, baina Etxeberriak uste du haizeak sortutako energiarekin nahikoa dela. “Orain dela hamar urte Jaurlaritzak zeuzkan datu zentroek zerbitzarietan erabiltzen zuen kilowattio bakoitzeko kasik 0,8-0,9 behar zituen txipa hozteko, hurrengoetan erabiliko ditugunak %10 beharko dute hozteko. Hau da, hogei urtean ia hamar aldiz energia gutxiago behar dugu”, gaineratu zuen aDiko zuzendariak.
Etxeberriaren ustetan, energia ez da datu zentroen arazo handiena, nahiz eta onartu duen sarean inbertsioak egiteari utzi zaiola azken urteetan, eta horrek eragina izan dezakeela datu zentroen eraginkortasunean.
Bi oztopo: datua eta ezagutza
Hezkuntzan, osasunean edota administrazioan AAk “eraginkortasuna” ekarriko duela uste du Garciak. “Sektore guztiak ari dira euren ibilbidea definitzen adimen artifizialean edo bestean txertatzeko”, zehaztu zuen atzoko hitzaldian. Hori bai, sektore guztietan aurkitzen ari dira oztopoak. Iñurriak industrian eman daitezkeen bi traba aipatu zituen: datua eta ezagutza. “Datua badugu, baina ez behar dugun moduan, ez dago erlazionatuta beste elementu batzuekin, ez baitago prozesu bat bezala ulertzeko moduan”, esan zuen. Ezagutzari dagokionez, AA arloko prozesu ugari martxan jartzeko ideia asko eduki arren, enpresek barne ezagutzarik ez dutela iritzi dio. “Ez da hainbeste teknologikoa, baizik eta barruko antolakuntzako zerbait”.
Amaia Iñurria (Fagor Arrasate): “Datua badugu, baina ez behar dugun moduan, ez dago erlazionatuta beste elementu batzuekin, ez baitago prozesu bat bezala ulertzeko moduan”
Adimen artifizialak egungo enpresen paradigmak erabat aldatu dituela nabarmendu zuen Etxeberriak, eta uste du teknologia hori ez dela etengabeko hobekuntza zikloetan sartu beharrezko zerbait, baizik eta zerbait "disruptiboa" izan behar dela. “Helburu zehatz bat jarri beharra dago, adimen artifizialarekin zer lortu nahi dugun ondo zehaztu. Talde bat egin, ikusi eta ikasi”. Iñurriak ildo beretik jo du: “Enpresan zerbait berria probatzen denean, lehenengo planteamendua adimen artifizialetik egin behar da. Ezin bada egin, teknologia ez dagoelako behar den puntuan edo datuak ez ditugulako, beti geratuko zaigu modu tradizionala”.
Horrek guztiak kultura aldaketa bat eskatzen du, pentsamolde diferente bat, eta pedagogia egin beharra dago. Horren harira, lengoaia ere giltzarri da, Garciaren ustez. “Hitz teknikoekin hurbiltzen bagara, batez ere, enpresa txikietara, galdu egiten zaizkigu eta ez dute ulertzen. Negozioaren ikuspegitik sartzen bagara, fakturazioan izan dezaken inpaktua ikusten badute, errazagoa da, eta atzetik zer datorren ulertuko dute gerora”.

Elkarlana eta ardura
Adimen artifizialaren arrisku etiko-sozialez ere mintzatu ziren atzoko solasaldian. Izan ere, araudia teknologiaren garapenaren atzetik doa, eta horrek zaildu egiten du adimen artifizialaren erabilera kontrolatzea. Araudia betetzeaz gain, formazioaren garrantzia azpimarratu zuen Garciak. “Sentsibilizazio eta kapazitazio tailerrak antolatzen ditugu”, esan zuen.
Alex Etxeberria (aDi): “Helburu zehatz bat jarri beharra dago, adimen artifizialarekin zer lortu nahi dugun ondo zehaztu. Talde bat egin, ikusi eta ikasi”
Fagor Arrasateren kasuan, adimen artifiziala barne prozesuetan ari dira integratzen, ez hainbeste kanpora begira, eta, beraz, arriskuaren gaineko balorazioetan ez du inpaktu handirik izan. Hori bai, jakitun dira laster ziurtagiriren bat ailegatu daitekeela merkatura, eta erne izango dira.
Etorkizunera begira, elkarlana eta arduratsu jokatzea gakotzat jo zituen Garciak. Beharbada, Euskal Herrian zailago izango da adimen artifizialeko hamar proiektu handi aurrera ateratzea, baina eragileen arteko kolaborazioari esker, agian, proiektu handi bat abiatu daitekeela ondorioztatu zuten hiru hizlariek.