Bere ikus-entzunezko egitura berregituratzen jarraitzen du EITB Mediak, telebista-ekosistema berrian lekua egiteko asmoz. Datorren asteazkenetik aurrera, ETB3 eta ETB4 kateek izena aldatuko dute eta ETB1 ON eta ETB2 ON izango dira, hurrenez hurren. Korporazioaren urrats hori ingurune digitalera eta kontsumo-ohitura berrietara egokitzeko ahalegina da.
Euskal irrati-telebista publikoak hilabeteak daramatza edukiak banatzeko estrategian aldaketak sustatzen. 2025aren amaieran, ETB ON plataforma jarri zuen martxan, EiTB Nahieran zerbitzuaren ordez, eskaintza digitala zentralizatzeko eta streamingak zein eskaripeko kontsumoak menderatutako merkatuan lehiatzeko. Orain, EITBk logika hori bera telebista linealera eraman du. ETB3 eta ETB4 desagertu egingo dira, ETB1 ON eta ETB2 ON bihurtzeko. Bi seinale horiek, nagusiki, ETB1 eta ETB2 kanal nagusien programazioa islatuko dute (simulcast). Hala ere, ordu-tarte jakin batzuetan eduki bereiziak eskainiko dituzte, hala nola, haur-programazioa, berremisioak, western filmak edota kirol-ekitaldiak.
EITB Mediaren arabera, kanal berri horiek LTD tradizionaletik harago kontsumitzeko eta korporazioaren ekosistema digitalaren parte izateko diseinatu dira. Izan ere, ETB ON plataforman ere eskuragarri egongo dira, eta momentuz baieztatu dute kanpoko beste plataforma batzuetan ere ikusi ahal izango direla (YouTuben edo Samsung TV Plus zerbitzuetan, besteak beste).
Aldaketa horrekin batera, kanalen identitate bisuala berritu dute. Ohiko koloreak mantenduko dira —gorria ETB1erako eta urdina ETB2rako—, baina kanalaren zenbakia karratu baten barruan agertuko da hemendik aurrera. Azken urteetako joerari jarraituz, taldearen irudi korporatiboa berriz aldatu da. Lau urte pasatxoan, EITB marka "txoritxoaren" logotipo ezagunetik Mikel Urmenetak sortutako barretara igaro zen, eta orain beste aldaketa grafiko bat dator. Irudi korporatiboan nolabaiteko ezegonkortasuna islatzen duen eraldaketa-segida da hau.
Erantzuna audientzien beherakadari
ETB3 eta ETB4 eraldatzeko erabakia audientzia-datu apalen testuinguruan ulertu behar da. Barlovento Comunicación aholkularitza-enpresaren txostenaren arabera, 2025ean ETB3k ez zuen %0,5eko kuota gainditu, eta ETB4k, berriz, apenas lortu zuen %1a. Datu horiek oso urrun daude kanal batzuk finkatzeko behar diren erregistroetatik. Emaitza horiek bultzatuta, EITB Mediak estrategia birdefinitu du, seinaleak desagerrarazteko aukera mahai gainean egon ostean (zurrumurru ugari izan da azken hilabeteetan).
Ordezko aukera bat ETB3 Makusi markari lotutako haur-kanal bilakatzea eta ETB4 kirol-kanal espezifiko bihurtzea izango litzateke
Mugimendu horrek ez du jarraitzen beste korporazio publiko batzuen eredua. Katalunian, adibidez, 3Catek, kanal espezializatuen alde egiten du: TV3 (orokorra), 3CatInfo (informazioa), SX3 (haurrak) eta Esport3 (kirolak). Antzeko eredua du RTVEk ere: La 1 eta La 2 orokorrak, 24 H (informazioa), Clan (haurrak) eta Teledeporte (kirolak). Horren ordezko aukera bat ETB3 Makusi markari lotutako haur-kanal bilakatzea eta ETB4 kirol-kanal espezifiko bihurtzea izango litzateke.
Euskarazko haurrentzako eduki gutxiago
Gainera, aldaketa honek eragin nabarmena du euskarazko eskaintzan. ETB3 haurrentzako kanal gisa desagertuko delarik, euskarazko haur-programazioak ordu-tarte jakin batzuk baino ez ditu beteko, eta horrek nabarmen murrizten du haurrek telebistan euskarazko edukiak kontsumitzeko duten aukera.
Egitura mailan aldaketa txikia eman dezakeen arren, erabaki honek euskal telebista publikoaren erronkak islatzen ditu: audientzien zatiketa, plataforma digitalen lehia eta kontsumo-ohitura berriak.
ETB1 ON eta ETB2 ON sortuta, ikusleak erakartzeko zailtasunak zituzten bi kanali bizitza berria eman nahi die EITB Mediak. Ikusteko dago estrategia honekin ikus-entzunezko presentzia indartzea lortuko duten ala merkatu konplexu honetan taldea birdefinitzeko beste doikuntza bat besterik ez den.