• BERRIKUNTZA
  • Ainhoa Bereziartua: "Ikerketa egiteaz harago, ezagutza zientifikoa gizartera gerturatu nahi dut"

Ainhoa Bereziartua: "Ikerketa egiteaz harago, ezagutza zientifikoa gizartera gerturatu nahi dut"

Hiri-osasunak gure ongizatean duen eragina aztertu du ikertzaile gipuzkoarrak, 'One health' ikuspegian oinarriturik. Erakusketa ibiltari bat sortu du bere ezagutzak jendartera zabaltzeko

Aireko kutsadurak helduen osasun mentalean duen eragina aztertzen ari Bereziartua bere tesian | Argazkia: Kutxa Fundazioa
Aireko kutsadurak helduen osasun mentalean duen eragina aztertzen ari Bereziartua bere tesian | Argazkia: Kutxa Fundazioa
IMG 0321
Kazetaria
2025eko urriaren 13a - 05:30

Ainhoa Bereziartua Aranzabal errezildarra Biogipuzkoako ikertzailea da, eta helburu du One Health (gizakien, animalien eta ingurumenaren osasunaren arteko interdependentzia) ikuspegitik hiri-osasunari eta horrek komunitatearen ongizatean duen eraginari buruzko ezagutza handitzea, zientziaren eta Gipuzkoako gizartearen arteko zubiak eraikiz. Gaur egun, erakusketa-proiektu ibiltari bat garatzen ari da dibulgazio zientifikoan espezializatutako ilustratzaile batekin elkarlanean, hiri-osasunari buruzko ezagutzak zabaltzeko. Proiektu horri esker, Kutxa Fundazioaren Inspira Gazteak saria irabazi berri du.

 

Zein izan da zure ibilbide profesionala orain gutxira arte?

Biomedikuntzako gradua ikasi nuen Bartzelonan. Ondoren, Herbeheretara joan nintzen, eta Utrecht Unibertsitatean One Health kontzeptuari buruzko masterra egin nuen, bi urteko nazioarteko masterra. Bertan, ikerketa zentro bateko talde batean lanean egon nintzen. Bi urte horiek amaitu eta gero, Euskal Herrira bueltatu nintzen, eta Biogipuzkoako eta EHUko ikerketa taldeetan hasi nintzen lanean. Horiek ingurumen epidemiologiako bi ikerketa talde dira, elkarrekin kolaboratzen dutenak. Urtebetez ikertalde horiekin lanean jardun ondoren, EHUn Osasun Publikoko doktoretzan matrikulatu nintzen. Harrezkero, doktoretza egiten ari naiz, osasun publikoan, Environmental Health Research Group ikerketa taldearen baitan.

 

Nondik dator proiektuaren ideia?

Betidanik gustatu zaizkit ikerketa eta zientzia, baina bai Bartzelonan biomedikuntzako praktikak egin nituen laborategian, bai epidemiologia arlora sartu nintzenean, beti bota izan dut faltan ikerketa egiteaz harago, ezagutza zientifiko horiek herriarengana eta gizartearengana gerturatzea. Biak gustatzen zitzaizkidan, baina ibilbide akademikoan zehar, gehiago landu izan dut ikerketa eta zailagoa egin zait herriarengana zabaltzea ezagutza hori.

Proiektua bakarrik edo elkarlanean gauzatu duzu?

Biomedikuntzako gradua nirekin egin zuen beste euskal lagun batekin aurrera eraman dut, Maddi Astigarragarekin; biok ikasketa berdinak egin arren, bide oso desberdinak hartu genituen. Maddik ilustraziora egin zuen salto, eta elkartzen ginen bakoiztean ideia asko izaten genituen; nik kontatu nahi nituen ezagutza zientifiko horiek, eta berak horri irudia jarri nahi zien, ideia artistikoagoak gehituz. Orduan erabaki genuen ideiari horri heltzea.

"Betidanik gustatu zaizkit ikerketa eta zientzia, baina bai Bartzelonan biomedikuntzako praktikak egin nituen laborategian, bai epidemiologia arlora sartu nintzenean, beti bota izan dut faltan ikerketa egiteaz harago, ezagutza zientifiko horiek gizartearengana gerturatzea"

Zertan datza zehazki proiektua?

Proiektua erakusketa ibiltari bat da, eta ingurumenak osasunean nola eragiten duen azaldu nahi dio gizarteari modu erakargarri batean. Zehazki, aireko kutsadurak osasunean duen eragina hartu genuen lehenengo gai gisa. Erakusketak ilustrazioa, zientzia eta teknologia uztartzen ditu. Ilustrazioak egongo dira, irudi bidez modu erakargarri batean islatzeko zabaldu nahi dugun informazioa, testu labur eta ulerterrazekin lagunduta. Atal gehigarri bat izango du, non mugikorreko aplikazio bat erabiliz, mugikorrarekin panel horiek enfokatzen dituzunean, irudi gehigarriak eta mugimenduak gehituko zaizkion. Honekin lortu nahi duguna da publiko zabalago batera erakargarri egitea; batez ere, publiko gazteari.

Zergatik erabaki duzue errealitate birtuala gehitzea?

Errealitate birtuala gehitzeak alde positibo batzuk ematen dizkigu: erakargarriagoa egitea, eta informazio ezagutza transmititzeko metodo berriak erabiltzea. Izan ere, gaur egun, gazteek, oso barneratuta daukate teknologia. Halaber, garbi geneukan ez genuela nahi erakusketa osoa horren baitan uztea, hau da, mugikorra izan gabe eta errealitate birtualeko elementu gehigarri hauek izan gabe, panela bera ilustrazioarekin eta testuarekin ikusi ahal izatea. Teknologia gehigarri bat da, baina ez mugatzen duen zerbait.

Helburu horiez aparte, zein da proiektuaren ardatz nagusia?

Proiektuaren ardatz nagusietako bat da zientzia hori unibertsitatetik, liburuetatik edo museoetatik harago ematea, herriko egunerokotasuneko espazioetara gerturatzea, kaleetara, tabernetara, ikastetxeetara… Gai horietaz inoiz pentsatu ez duen publiko horrengana iritsi nahi dugu. Informazioa helaraztea, pertsonak ahalduntzeko; informazio horrekin norbanakoa ohartu daitekeelako bere egunerokotasunean dituen bizi ohitura aldatuz gero, arrisku horiek gutxitu edo ekidin ditzakeela. Ez da soilik informazioa helaraztea modu pasibo batean, baizik eta publikoak lehen pertsonan bizitzea, eta bere egoera edo ingurukoena hobetzeko hartu ditzakeen bizi ohituraz ohartzea. Azken finean, tresna bat da, zu babesteko edo ingurukoak babesteko estrategia gisa.

"Ulertarazi nahi da, osasuna ulertzeko modu zabalago baten bidez, nola ingurumenaren eta bertan bizi diren animalien, eta, noski, gizakion osasuna, elkarrekin lotuta dagoela"

Zergatik hiri osasuna?

Erakusketaren helburua ingurumeneko arrisku faktore horiek osasunean duten eragina aztertzea izan da, eta abiapuntu gisa One Health begirada eman diogu; ulertarazi nahi da, osasuna ulertzeko modu zabalago baten bidez, nola ingurumenaren eta bertan bizi diren animalien, eta, noski, gizakion osasuna, elkarrekin lotuta dagoela. Abiapuntu hori hartuta, eta begirada zabalago honetatik, azken batean sistema konplexu bat dela azaltzen da. Begirada zabal honen baitan, gu zentratuko gara hiriko inguruneak gure osasunean duen eraginaz; baina garrantzitsua iruditzen zaigu esparru handiago batetik egoera edo arrisku zehatzagoetara joatea, beti argi izanda zein den hasierako abiapuntua.

Zer suposatu du Kutxa Fundazioaren Inspira Gazteak saria irabazteak?

Saria irabaztea sorpresa handia izan da. Lanean jarduten gara inori ezer esan gabe, ezer gehiegi espero gabe. Horrelako sari bat irabaztea, lehenengo eta behin, aitortza handia da; konturatzen zara ez dela zure zorakeria bat, benetan interesgarria izan daitekeen zerbait baizik. Bestalde, jendea ezagutzea eta sare bat sortzea suposatzen du; epaimahaikideak, Kutxa Fundazioko langileak eta parte-hartzaileak ezagutzea, gure artean zertan gabiltzan azaltzea, arazoak, zergatiak… Lehen pertsonan bakoitzaren proiektua entzutea ikaragarria da.

"Nire tesian aireko kutsadurak helduen osasun mentalean duen eragina aztertzen ari naiz"

Nolakoa izaten ari da zuretzat proiektu hau aurrera eramatea?

Proiektua aurrera eramatea oso polita izaten ari da. Azkeneko hilabeteetan egia esan garatu dudan arlorik nagusiena komunikazioa izan da. Inurri gisa, atzeko lan hori egiteagatik, aurrerapauso bat egin dugu. Jendeari azaltzea zer den egiten duguna, bai ikerketa taldean, bai proiektu honetan, hori izan da gehien garatuta dudana, zabaltzea gure lan guztia.

Eta orain, zer?

Orain nire ikerketa taldean eta doktoretza tesiarekin jarraituko dut. Proiektu asko dauzkagu, baina nire tesian aireko kutsadurak helduen osasun mentalean duen eragina aztertzen ari naiz. Datorren urte hasieran, Italiara joango naiz, hango unibertsitate batean egonaldi bat egitera. Lehenago ere Bartzelonara joango naiz; izan ere, gure mundua dezente mugikorra dela esango nuke. Ez da batere estatikoa, eta ikerketan jarraitu nahi dut, baita dibulgazioko beste edozein jarduerarekin ere bai.