• BERRIKUNTZA
  • Aitziber Lasa (Elhuyar):"STEAM Ehungileak aliantzaren indargunea da bakoitzak bere ezagutza jartzea"

Aitziber Lasa (Elhuyar):"STEAM Ehungileak aliantzaren indargunea da bakoitzak bere ezagutza jartzea"

STEAM Ehungileak proiektuak zientzia eta teknologia gazteengana hurbiltzeko erronkari heldu nahi dio. Kutxa Fundazioaren Gipuzkoa Aliantza programa baliatuta, hainbat erakundek indarrak batu dituzte helburu komun baten aldeko estrategia partekatua eraikitzeko

Aitziber Lasa, STEAM Ehungileak proiektuko arduraduna | Argazkia: Elhuyar
Aitziber Lasa, STEAM Ehungileak proiektuko arduraduna | Argazkia: Elhuyar
June Agirre Ansa
Kazetari kolaboratzailea
2026ko azaroaren 23a - 05:30

Gipuzkoako haur eta gazteen artean zientzia eta teknologia sustatzeko STEAM Ehungileak proiektua garatuko dute Elhuyarrek, Deustuko Unibertsitateak, Iseakek eta Don Bosco LHIIk, proiektu pilotuak Oarsoaldea eskualdean egingo direlarik. Emakunde, Ikastolen Elkartea, Euskadiko Parke Teknologikoak, Oarsoaldeko erakundeak edota Pasaiako Portuak ere babestu duten egitasmoak hiru urteko iraupena izango du, eta arreta berezia jarriko du nesken bokazioak eta autoestimua indartzen, ikuspegi inklusibo eta berdinzale batetik. Horretarako gako izan da Kutxa Fundazioaren Gipuzkoa Ahalbidetuz programaren bitartez jasotako laguntza ere. Aitziber Lasa Iglesias da proiektuaren arduraduna. 

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Zein beharretatik sortu da STEAM Ehungileak?

Aliantza osatzen dugun erakundeok urteak daramatzagu STEAM hezkuntzaren arloan lanean, eta erronka berriei heldu nahi genien. Ikerketek erakusten dute gazteen, bereziki nesken, etorkizuneko STEAM posizionamenduan eragin handia duela arlo horiek adin txikitatik lantzeak. Horregatik, zientzia eta teknologia haurrei lehenago hurbiltzeko moduak esploratu nahi ditugu, hezkuntza formaletik harago.

 

Bestalde, jasangarritasuna, erreferente profesionalen gertutasuna eta Lanbide Heziketaren aukerak landu nahi ditugu. Zientziarako bidea ez da unibertsitatetik edo ikerketatik soilik igarotzen, eta hori ere gazteei erakutsi nahi diegu.

Zein oztopo dituzte oraindik gazteek, bereziki neskek, STEAM arloetara gerturatzeko, eta nola sustatuko dituzue haien bokazioak?

Familiak, egiten dituzten jarduerek eta etxean lantzen diren gaiek, besteak beste, eragin handia dute neska gazteen STEAM arloekiko interesetan. Erreferenteen gertutasunak ere berebiziko garrantzia du. Gure galdetegien arabera, 14 eta 16 urte bitarteko nesken artean, lautik hiruk ez dute beren burua etorkizunean zientzian eta teknologian lanean ikusten.

Oztopo nagusietako bat gizartean oraindik indarrean dauden estereotipoak dira. Zientziaren eta teknologiaren inguruko irudi estereotipatuek eta emakumeek lan-munduan aurkitzen dituzten zailtasunek eragina dute neska gazteek beren etorkizuna irudikatzeko garaian.

Horregatik, lehenik eta behin, egoera hobeto ulertu nahi dugu, eraginkorrago jarduteko. Erreferenteak adin txikiagoetara hurbilduko ditugu, familiak inplikatuko ditugu eta irakasleei baliabideak eskainiko dizkiegu. Horrez gain, arreta berezia jarriko dugu egoera zaurgarriagoetan dauden haur eta gazteengan.

"Zientziaren eta teknologiaren inguruko irudi estereotipatuek eta emakumeek lan-munduan aurkitzen dituzten zailtasunek eragina dute neska gazteek beren etorkizuna irudikatzeko garaian"

Zer motatako hezkuntza-esperientzia eta metodologia proposatuko dituzue?

Bizipenak eta komunitatea uztartuko ditugu. Gazteei zientziaren eta teknologia gertutik ezagutzeko aukera eman nahi diegu: arlo horietan lan egiten duten pertsonak, haien eguneroko jarduna eta erronkak. Horretarako, pentsamendu konputazionala, ikerketa-proiektu errealak, Lanbide Heziketarekiko loturak eta jasangarritasunarekin lotutako esperientziak landuko ditugu.

Estereotipoak hausteko, ez da nahikoa arlo horiei buruz hitz egitea; esperientzia errealak eskaini behar dira. Horregatik, edukien diseinuan eta transmisioan arlo bakoitzeko profesionalek parte hartuko dute.

Aliantza zabal bat osatu duzue. Zer ekarpen egiten du erakunde bakoitzak?

Elhuyarrek koordinatzen du proiektua, eta zientziaren dibulgazioan, STEAM hezkuntzan eta erakundeen arteko elkarlanean duen esperientzia jartzen du. Deustuko Unibertsitateak berrikuntza pedagogikoan, pentsamendu konputazionalean eta emakumezko erreferenteak gazteei hurbiltzen dituen Inspira STEAM programan duen esperientzia eskaintzen du.

Iseak Fundazioa ikerketaz eta inpaktuaren ebaluazioaz arduratuko da; Lanbide Heziketaren mundua gazteengana hurbiltzen lagunduko du Don Bosco Lanbide Heziketak, eta Elhuyar Zubizek berdintasuna, partaidetza eta eraldaketa soziala landuko ditu.

Aliantzaren indargunea da bakoitzak bere ezagutza eta esperientzia partekatzea, ikuspegi osagarriak bateratzeko eta proiektu osoago bat garatzeko.

Zer leku izango dute euskarak eta jasangarritasunak proiektuan?

Euskara zeharkako ardatza da, baina lehentasunezkoa Elhuyarrentzat. Gure lana euskaraz egiten dugu, eta programak ere euskaraz diseinatzen ditugu. Proiektu hau ere euskaraz gauzatuko dugu, hezkuntzan euskararen erabilera sustatzeko dugun konpromisoarekin bat eginez.

Jasangarritasuna ere proiektuaren ardatzetako bat da. Zientzia eta teknologia gizartearen eta ingurumenaren erronkei erantzuteko tresna gisa landu nahi ditugu.

STEAM Ehungileaken parte hartzen ari diren erakundeetako ordezkariak | Argazkia: utzitakoa
STEAM Ehungileaken parte hartzen ari diren erakundeetako ordezkariak | Argazkia: utzitakoa

Zer eragin espero duzue Gipuzkoako hezkuntza-komunitatean eta etorkizuneko belaunaldietan?

Beste urrats bat egin nahi dugu. Gure asmoa jarduera berriak esperimentatzea da, etorkizunean hobeto funtziona dezaten eta gizarteak zein hezkuntza-sistemak baliabide berriak izan ditzaten. Gipuzkoa osoa izango dugu lan-eremu, eta Oarsoaldean esperientzia bereziak garatuko ditugu, itsas kulturarekin, ekonomia urdinarekin eta jasangarritasunarekin lotuta.

Prozesu dinamikoa izango da: gauzak probatu, emaitzak aztertu eta bidean ikasten jarraituko dugu. Gure lana etengabe hobetzea da gakoa.

Kutxa Fundazioaren laguntzak zer aukera eman dizue proiektua garatzeko?

Kutxaren laguntzak beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzeko aukera eman dizkigu, eta horrek proiektuaren irismena biderkatu du. Profil osagarriak dituzten eragileak elkartuta, proiektu osoago bat diseinatzeko aukera izan dugu.

Gainera, elkarren lana ezagutzeko eta etorkizunean ere lankidetzan jarraitzeko harremanak sortu ditugu. Elkarrekin irudikatu dugu proiektu-sorta, eta elkar indartu dugu bai proposamena lantzeko garaian, bai hiru urteko elkarlan honetan ere. Laguntzak, beraz, proiektua garatzeko baliabideak ez ezik, ezagutza partekatzeko eta sare berriak ehuntzeko aukera ere eman digu.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain