• BERRIKUNTZA
  • Alaitz Zabala: "Herrialde bakoitzak bere enpresak eta bankuak sustatu nahi ditu euro digitalean"

Alaitz Zabala: "Herrialde bakoitzak bere enpresak eta bankuak sustatu nahi ditu euro digitalean"

Euro digitala Europako Banku Zentralaren ekimena da eta nazioarteko ordainketak ahalbidetzeko helburua du. Horretarako, herrialdeak legedian eta ezarriko diren baldintzetan lanean ari dira

Alaitz Zabala | Argazkia : Aritz Loiola / Foku
Alaitz Zabala | Argazkia : Aritz Loiola / Foku
IMG 8456
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko urriaren 21a - 05:30

Mundu digitalean egiten ditugun erosketak bankuek eskuragarri jarri dituzten tresna digitalen bitartez egiten ditugu. Europako herrialde bakoitzean protokolo eta tresna desberdinak ezarri dira ordainketak errazteko. Europako Banku Zentrala egoera honen jakitun da eta urteak daramatza euro digitala aurrera eramateko tresnak eta legedia prestatzen. Urriaren 14ean egin zen Etekin ekonomia topaketan, ekimen hori aztertu zen wallet europarrarekin batera. Teknologia aurreratua zegoela adierazi zuten hizlariek, baina oraindik 4 edo 5 urte pasa daitezke errealitate bihurtzeko. Hizlarien artean, Alaitz Zabala Deustuko irakaslea egon zen eta ordaintzeko bide berri honen inguruan hitz egin dugu berarekin.

 

Zer da euro digitala?

Euro digitala Europar Banku Zentralak (EBZ) igorritako diru digital mugikor eta ofiziala da. Poltsikoan ditugun euro fisikoen berdinak dira, baina formatu digitalean sortutakoak. Legez, dirua banku batean sartzen duzunean, diru horren jabetza bankuarena izatera pasatzen da. Diru fisikoa edukitzeari uzten diozu eta kreditu-eskubide baten titular izatera pasatzen zara. Horregatik, bankuak kopuru hori zor die erabiltzaileei eta eskatzen dutenean bankuak itzultzeko betebeharra du. Hori dela eta, Eurogunean Gordailuak Bermatzeko Funtsa (GBF) erabiltzen da, gordailugile eta erakunde bakoitzeko 100.000 €-raino babesten eta bermatzen duena. Euro digitala, ordea, eskudiruzko forma digital bat da. Diru horren igorlea EBZ den arren, jabetza erabiltzaileena da, jabetzan bitartekaritzarik gabe. Beraz, moneta digitala duen zorro digital bat edukitzea bezalakoa litzateke. Hau da, betiko diru-zorroaren baliokidea da mundu digitalean.

Zergatik sortu da? 

 

Azken urteotan izandako aldaketa teknologiko zein geopolitikoei erantzuteko sortu da, Eurogunearen burujabetza eta egonkortasuna bermatzeko. Eskudiruaren erabilera nabarmen murriztu da eta EBZak diru publikoaren kontrolari eta presentziari eutsi nahi dio ingurune digitalean. Txinako eta AEBetako enpresa teknologiko handiek beren moneta digitalak edo stablecoinak zabaltzeko arriskua dago. Horrek EBZren kontrol monetarioa zein euroaren egonkortasuna arriskuan jar ditzake, finantza-krisi bat gertatuz gero EBZren maniobra gaitasuna mugatuz.

Bestalde, gaur egun Europako herritarrek egiten ditugun ordainketa digital gehienak AEBetako enpresa erraldoien azpiegituren bidez bideratzen dira (hala nola Visa, Mastercard, Apple Pay edo Google Pay bidez). Horren aurrean, Europar Batasunak bere ordainketa-sistema digital propioa, independentea eta subiranoa garatu nahi du, krisi politiko edo teknologiko baten aurrean kanpoko enpresa zein herrialdeekiko menpekotasuna saihesteko eta herritarrei doako aukera publiko zein segurua eskaintzeko.

Euro digitala oraindik erregulatzen ari den moneta digitala da eta eskuragarri egon baino lehen etorkizunean eduki ditzaken mugak eta baldintzak negoziatzen ari dira. Besteak beste, banku-sistemaren egonkortasuna babesteko helburuz, herritar bakoitzak gehienez ere 3.000 eta 4.000 euro arteko saldoa edukitzea proposatu da eta oraindik eztabaidan dagoen gaia da.

Moneta honek banku pribatuen desagerpena ekarri dezake?

Ez, Europako Banku Zentralak eta Europako Batzordeak proiektu hau banku-sistema pribatua ez suntsitzeko eta bere egonkortasuna babesteko diseinatu dute. EBZk ez ditu herritarren bezero-kontuak zuzenean kudeatuko. Bankuak beharrezkoak izango dira proiektuan bitartekari lanak egiteko.

Ekimen honen bitartez, diruaren jabetza aldatuko da. Erabiltzen dugun diru hori ez da banku pribatuen esku egongo, baizik eta Europako Banku Zentralaren eskuetan. Euro digitalak interes-tasarik edo errendimendurik ez du izango, eguneroko erosketak egiteko tresna izango baita. Aurrezki handiak banku pribatuetan uzteko pizgarria mantendu nahi da. Euro digitalaren erabilera azaltzeko autobuseko txartelarekin alderatzea gustatzen zait. Bertan dagoen dirua gurea da, gure patrikan dugun esku diruaren antzerakoa, baina digitala eta autobusa ordaintzeko baliogarria. Euro digitalarekin gure dirua hor egongo da, gurea da eta edonon ordaintzeko aukera emango digu.

"Ekimen honen bitartez, diruaren jabetza aldatuko da. Erabiltzen dugun diru hori ez da banku pribatuen esku egongo, baizik eta Europako Banku Zentralaren eskuetan"

2030erako euroen diseinu berria prestatzen ari dira; bestalde, euro digitalaren proiektua hemen dugu. Euskarri fisikoarekin zer gertatuko da? 

2030erako euroaren billeteen diseinu berria prestatzea eta euro digitalaren proiektua garatzea ez dira elkarren aurkako ekimenak, EBZk bi euskarriak elkarrekin bizitzeko diseinatu baitu finantza-sistema. Eskudiru fisikoak gure artean jarraituko du hamarkada askotan, segurtasun-neurri altuagoekin eta material ekologikoagoekin ekoitzitako hirugarren belaunaldiko billete berriei esker. Euro digitalak ez du ordezkatuko, baizik eta aukera publiko gehigarri bat eskainiko du ordainketa elektronikoen eremuan.

Euskarri fisikoari eustea ezinbestekoa da Europako erakundeentzat, batez ere gizarte-inklusioa eta sistemaren babes estrategikoa bermatzeko. Alde batetik, adineko pertsona eta gaitasun digital txikiagoa duten herritarren finantza-bazterketa ekiditen du paper-diruak. Bestetik, zibereraso, argindar-mozketa edo krisi geopolitiko handien aurrean azken babes-sare gisa funtzionatzen du. Beraz, euro digitala gure telefonoetan txartel eta aplikazio pribatuen ordezko publikoa izaten saiatuko da. Betiko diru-paper eta txanponen anonimotasuna, independentzia teknologikoa eta segurtasun fisikoa ziurtatuko digu euro digitalak.

Proiektu honek denbora behar duela adierazi zenuen Etekinen hitzaldian. Zein dira legediak aurrera egiteko arazoak? 

Arazo asko daude. Lehena Europar Batasunaren tamaina izan daiteke. Herrialde eta biztanle asko daude. Horrek hizkuntza eta ohitura desberdinak izatea eragiten duen proiektu batean lan egitea dakar. Modu digitalean ordaintzeko tresna desberdinak daude, Estatu mailan Bizum dago esaterako. Modalitate hauek ez dira Batasuneko beste herrialdeetan elkar-banatzen. Herrialde bakoitzak bere enpresak eta bankuak sustatu nahi ditu euro digitalaren proiektuan eta horiekin negoziatzea zaila da. Guztiekin akordio batera iristea ez da erraza eta ondo konektatua egoteko bideak ziurtatzea ezinbestekoa da.

Proiektu honen muina ordainketak Europar Batasuneko edozein tokitan egitea da, eta sistemak ondo konektatuta egoteko bideak ziurtatzea ezinbestekoa da. Gainera, europar wallet identifikazio-sistemarekin bateratu nahi da. Horretarako, herrialde bakoitzak euro digitalarentzako zein banku erabiliko dituen negoziatzen ari da eta horrek denbora eramango du. Hitzaldian horren inguruan galdetu zuten eta Kutxabank bezalako bankuak proiektuan sartuko diren zalantzan dago. Banku handiak sartuko direla argi dago, baina ez dakigu zer gertatuko diren tamaina ertaina eta txikia duten bankuekin.

Euro digitala bidaiatzeko tresna ona izan daitekeela dirudi. Gaur egun Revolut bezalako banku digitalak erabiltzen dira bidaiatzerakoan komisioak ekiditeko. Zer desberdintasun edukiko ditu euro digitalak?

Txartel horiek enpresa pribatuek ematen dituzte eta erakargarriak egiteko komisioak kendu dituzte. Komisioak ordaintzen ez baditugu, bestelako truke bat egiten ari gara bankuarekin. Besteak beste, gure datuak bide komertzialetarako erabiliko dituzte. Horrelako eragiketak banku guztiek egiten dituzte. Nik erabiltzen dudan bankuan, nire erosketen profila ikusgai dut. Grafiko baten bitartez, nire gastuak gaika zerrendatzen dira: etxebizitza, aisialdia eta abar. Datu horiek modu erantsi batean biltzea oso baliotsua da. Beraz, komisiorik gabeko txartel horietan, negozioa zure salerosketen informazioan dago.

Euro digitalaren kasuan, ordea, desberdintasun nagusia pribatutasuna eta izaera publikoa izango dira. EBZk sustatutako tresnak ez du helburu komertzialik izango eta ez dira gure daturik bilduko merkaturatzeko helburuarekin. Gure datu pertsonalen babesa erabat bermatuko duen tresna izango da eta eurogune osoan doan oraintzeko aukera segurua eskainiko da.

Alaitz Zabala | Argazkia: Aritz Loiola / Foku
Alaitz Zabala | Argazkia: Aritz Loiola / Foku

Nola egin daiteke euro digitala erakargarria erabiltzaileentzat? 

Euro digitala erabiltzaileentzat erakargarria egiteko hiru gako nagusi daude. Lehenik datuen pribatutasun osoa bermatzea, banku pribatuen ordezko publikoa izango denez, herritarren erosketa-profilik ez du bilduko eta informazio hori ez da helburu komertzialetarako erabiliko. Bigarren gakoa, Internetik gabe ordaintzeko gaitasuna da. Gaur egungo txartelek ez bezala, estaldurarik gabeko lekuetan edo konexio-arazoak daudenean ere erabili ahal izango da euro digitala.

"Komisioak ordaintzen ez baditugu, bestelako truke bat egiten ari gara bankuarekin"

Azkeneko gakoa, diruaren kokalekua da. Euro digitala EBZaren babesa izango du, bertan gordea egongo delako. Finantza krisi baten aurrean, EBZean dagoen dirua galtzea oso zaila da, beraz zure dirua bermatuagoa egongo da. Pertsona fisikoentzat hiru mila edo lau mila euroko topeak ezartzea aztertzen ari dira eta horrek estabilitate pixka bat eman dezake finantza krisi baten aurrean, edo monetak bere balioa gal ez dezan.

Enpresentzat zer nolako eragina eta abantailak ekar ditzake euro digitalak?

Euro digitalak abantaila ekonomiko handiak ekarriko dizkie enpresei. Visa edo Mastercard bezalako konpainia pribatuei ordaintzen dizkieten komisioak murriztu egingo dira eta dirua denbora gutxian bere kontuetan jasotzeko aukera izango da. Eurogune osorako prozesu estandar bakarra eskainiko da eta Interneteko konexiorik gabeko egoeretan ordainketak bideratzeko gaitasuna izango du.

Wallet europarrarekin bateratzerakoan, bezeoaren erosketa-esperientzia izugarri azkartuko da. Identifikazioa eta ordainketa klik bakarrez egingo dira, online inprimaki luzeak betetzea edo SMS bidezko kodeak saihestuz. Datu pertsonalen babes handia bermatuko du. Erosketa bat egin ahal izateko adina edo bestelako datuak jakitea beharrezkoa denean, prozesuak seguruagoak eta pribatuagoak izango dira. Sistemari behar duzun datua baieztatzea eskatzeko aukera emango da, baina datu pertsonalik eman gabe. Modu honetan, enpresek iruzur-arriskua gutxitu eta zerbitzu eraginkorragoa eskainiko diote bezeroari.

Euro digitala iruzur fiskala ekiditeko tresna izan daiteke? 

Bai hala da. Digitala denak anonimotasuna ekar dezake, baina kontrola ere. Eragiketa hauek, enkriptatzearen bitartez, anonimotasuna eta segurtasuna bermatuko dute, baina ikuskatze baten aurrean, enkriptatzea atzera bota daiteke eta iruzurra egon den ikertu. Diru digitalak askoz ere kontrol gehiago ditu eta iruzur fiskalaren aurkako tresna ezinbestekoa da.

"Gaur egungo txartelek ez bezala, estaldurarik gabeko lekuetan edo konexio-arazoak daudenean ere erabili ahal izango da euro digitala"

Euro digitala kriptomoneten erantzuna izan daiteke? 

Bai, neurri batean euro digitala kriptomoneten eta stablecoin pribatuen gorakadari emandako erantzun publikoa da, baina bereziki enpresa teknologiko handiek moneta propioak sortzeko eta Europako subirautza monetarioa arriskuan jartzeko duten mehatxuari erantzuten dio. Hala ere, desberdintasun erraldoi bat dago bien artean: Bitcoin bezalako kriptomonetak aktibo espekulatibo, deszentralizatu eta lurrunkorrak diren bitartean, euro digitala EBZk emandako eta babestutako diru publiko ofiziala da, balio egonkorra duena, balio-babesle gisa funtzionatu beharrean eguneroko ordainketa seguru eta doakoak egiteko pentsatua dagoena.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain