• BERRIKUNTZA
  • Asier Alea (GOe): "Elikaduraren berrikuntzaren talaia izan nahi dugu"

Asier Alea (GOe): "Elikaduraren berrikuntzaren talaia izan nahi dugu"

BCCko Garapen Globaleko zuzendariaren hitzetan, "GOe da BCCren ibilgailua munduan fakultatetik harago, horren edukina"

 Asier Alea, BCCko Garapen Globaleko zuzendaria | Argazkia: Gorka Rubio/Foku
Asier Alea, BCCko Garapen Globaleko zuzendaria | Argazkia: Gorka Rubio/Foku
Maite Reizabal Arregi
EnpresaBIDEAko egunkariko zuzendaria
2025eko azaroaren 17a - 05:30

Gastronomy Open Ecosystemen inaugurazioaren ajea igarota jaso du Asier Alea BCCko Garapen Globaleko zuzendariak EnpresaBIDEA. Harrotasunez begiratzen dio aurrean duen eraikinari. Azken ukituak ematen ari dira azaroaren 17an —gaur— eraikinaren ekosistemaren parte izango diren eragileak iritsi daitezen. Gaur hasiko baita GOe funtzionatzen elikaduraren zentro teknologiko, ekintzaileen inkubagailu, formakuntza gune eta beste askotariko espazio bezala. 

 

Igaro da inaugurazioa, eta azaroaren 17an —gaur— zabaltzen ditu ateak eraikinak. Zer moduz zaudete?

Oso ilusionatuta. Pentsa: renderretan asko ikusi dugu diseinua, eta lehen egunean, eskailera honetan bertan eseri nintzenean, ia-ia irudia gerturatu egin nahi nuen, pantaila baten ikusten ariko banintz bezala [barrez]. Hainbestetan eseri naiz hemen, hemen existitu aurretik, ezen nire parte batek sentitzen duen oraindik renderra ikusten ari dela. Polita da.

 

Ikuspegi praktiko batetik, sinesgarritasuna ematen du. Jende askorekin hitz egin dugu kontzeptu honi buruz eta zentzu batean dagoeneko Basque Culinary Centerrek egiten du hau, baina fisikoki apustua ikusteak sinesgarriago bihurtzen zaitu. 

Ardura ere sortzen du. Mugarri handi bat lortu dugu, baina orain hurrengoak datoz. 

Zer izango du GOek? 

Nik berrikuntza lantegi bezala ikuste dut, hainbat aldagai dituena. Bata, parte akademikoa: Masterreko ikasleak etorriko dira lehenik. Bestea, berrikuntzaren partea, zentro teknologikoa, Miramonetik hona lekualdatuko da, eta lehen solairuan kokatu. Hirugarrena, ekintzaileena. Eta baita ekitaldiak ere, gureak zein hirugarrenenak eta betiere berrikuntzari loturikoak —batez ere gastronomia eta elikadurari loturiko berrikuntzarekin—. Hori dena herritarrentzako hitzaldi eta ekitaldiak ahaztu gabe. Dagoeneko nahiko programazio zabala dugu martxora bitarte. 

Asier Alea 2 | Argazkia: Gorka Rubio/Foku

Asier Alea, BCCko Garapen Globaleko zuzendaria | Argazkia: Gorka Rubio/Foku

BCC eta GOe bereizi egingo dira? 

Eskutik joango dira, eta espero dut bereizketarik ez izatea. Baina izaera desberdinak izango dituzte. BCC fakultatea da, eta beti izango da fakultate, bere gradu, master, graduondoko eta doktoretzekin.

Horietako batzuk hona etorriko dira, eta nahasi egingo dugu ekintzaileekin, enpresekin eta zentro teknologikoarekin. Fakultatearen zer parte lekualdatuko da hona, hemen 'bizitzeko'? Elikaduraren erronkekin zerikusia duten eta ekintzailetza eta enpresatik gertuago dauden askotariko formakuntzak: Food and Design elikadura eta diseinuko masterra, Zientzia Gastronomikoetakoa, Fermentazioetakoa eta Food and Data elikadura eta datuetakoa. Harago, nik espero dut ikasle guztiak hemendik igarotzea, egiten ditugun ekitaldietara etortzea, start-upekin izatea, etab.

Berrikuntza aipatu duzu. Nola ulertzen du GOek berrikuntza?

Elikaduraren sektorean hiru eremu nagusi daude: parte sentsoriala, osasunari loturikoa eta jasangarritasunari dagokiona. Jasangarritasuna luzerako iritsi da. Osasunaren kasuan, bizirauteko jaten dugu. Baina elikadura bermatuta dagoen tokietan, osasunaz ere hitz egin dezakegu egun. Alegia, elikatzen gaituen hori osasuntsua izan beharko litzateke, hobeto bizitzen lagundu.

Bi alderdi horiek bermatuz gero, zerbait kontsumitzerako garaian benetan aldea ezartzen duena da parte sentsoriala, ea goxoa dagoen edo ez. Gozatzeko jaten dugu: hamaiketakoa, bazkaria lagunekin, afaria familiarekin...

"Elikaduraren sektorean hiru eremu nagusi daude: parte sentsoriala, osasunari loturikoa eta jasangarritasunari dagokiona. Guk sinisten dugu BCCtik sortzen den produktu orok hiru aldagaien arteko oreka izan behar duela"

Guk hiru alderdiak landu nahi ditugu. Guk sinisten dugu Basque Culinary Centerretik sortzen den produktu orok, izan guk lagundu dugulako edo izan bertatik sortu delako, hiru aldagaien arteko oreka izan behar duela. Askotan badirudi zerbait osasuntsua izan dadin ez dela ona egon behar, edo nolabait zerbaiti uko egin behar diozula. Gure filosofia da ez egitea uko.

Gainera, frogatu da zaporetsuak ez diren produktuek, epe luzean, ez dutela arrakastarik. Soilik gutxiengo batek egiten ditu bere, oso militantea dena. Hori primeran dago. Baina borroka bat irabazi nahi baduzu, elikaduran zein bestelako arloetan, konbentzitu egin behar duzu. Eta konbentzitzeko, elikagaia goxoa eta zaporetsua izan behar da, jasangarria eta osasuntsua izateaz gain.

Eta hiru zutabeak oinarri hartuta horretan lanean ari diren ekintzailetza proiektuak hautatzeko nola egingo duzue?

Ekintzailetza munduarentzat askotariko tresnak eta eskaintzak izango ditugu. KM0ko ekosistematik hasiko gara —Donostia, Gipuzkoa, EAE—. Ahalik eta irekienak izango gara. Produktu teknologiko baterako ideia bat edo baliozko proposamen bat duen eta enpresa bat bultzatzera eraman dezakeen ikasle eta profilei erreparatuko diegu. Horientzat inkubazio programak izango ditugu. Beka sistemaren bitartez, urtero sei proiektu hautatuko ditugu, urtebetez edo bi urtez gure instalazioak, mentoreak eta abar doan erabiltzeko. Sei horiez harago, sarbidea beste askorentzat izango da, eta tarifa arrazoizkoak izango ditugu.

Eta KM0a zabalduta, azelerazio programak izango ditugu, bizpahiru asteetakoak, munduko edozein txokotako start-upak etor daitezen. Kasu horretan zorrotzagoak izan beharko gara azelerazio programa zehazteko, batzuek lan egingo dutelako proteina alternatiboekin eta beste batzuk algoritmizazioarekin.

Asier Alea 3 | Argazkia: Gorka Rubio/Foku

Asier Alea, BCCko Garapen Globaleko zuzendaria | Argazkia: Gorka Rubio/Foku

Programa propioak izango dira soilik, ala hirugarrenenak ere bai?

Azelerazio mota batzuk propioak izango dira, eta beste batzuk hirugarrenenak. Alegia, azelerazio programa bat egin nahi duten horiei eskaini nahi diegu aukera gurekin egin dezaten eta start-upak ekar ditzaten..

Adibidez, dagoeneko Tokioko udaletxeak martxan jarritako lehiaketa bat irabazi dugu Cambridge Innovation Centerrekin batera, elikadurari loturikoa. Dozena bat start-up tokion bertan azeleratzen izan ginen pare bat hilabetez, eta ondoren hona etorriko dira, urte amaieran. Horrela Donostiako eta Tokiko ekosistemen arteko komunikazioa sortzen ari gara. 

Aldi berean, beste hainbat eragile publiko zein pribaturekin ari gara, hori bera ad hoc eurekin sortzeko aukerak aztertzeko, betiere elikadurarekin loturik badago.

GOeren estrategian, zein toki du orduan ekintzailetzak?

Guk ekintzailetza ikusten dugu jarduera sortzeko bidearen parte bezala. Ez da gure negozio lerro nagusietakoa, baina bai gure eragin lerro garrantzitsuenetakoa, ekosistemara ekarpena egitekoa. 

"Ekintzailetza ikusten dugu jarduera sortzeko bidearen parte bezala. Ez da gure negozio lerro nagusietakoa, baina bai gure eragin lerro garrantzitsuenetakoa"

Zergatik ez da negozio lerroa ekintzailetza?

Hain zuzen ere esan dudanagatik: ekosistema sortzeko lerroa da guretzat, eragitekoa. Inbertitu egin nahi dugu, baina ez berezko inbertsio ekonomikoa, baizik eta gure denborarekin eta aktiboekin, eta zerbitzuak eskainita.

Orduan zein izango da negozio lerro nagusia?

Berrikuntza. Formakuntzaren partea, eta ekitaldi eta tailerren partea ere izango dira negozio lerroak. Baina batez ere berrikuntza bere zentzu zabalenean: enpresentzat eta start-upentzat, produktuei dagokienez, zentro teknologiko garen heinean; baina baita ia-ia formakuntza moduan ere. Alegia, euren ikuspegia zabaltzeko beharra duten enpresetako taldeak ekarri nahi ditugu, edota ezagutza behar dutenak ikusteko zer-nola ari den aldatzen euren industria. Berrikuntzaren talaia ere izan nahi dugu zentzu horretan. Izan ere, gure abantailen artean da parte akademikoa, aholkularitza partea eta nazioarteko sarea izatea, ahalbidetzen dizuna AEB edo Japoneko edo munduko beste hainbat txokotako azken tendentziekin konektatuta izatea. 

Asier Alea 4 | Argazkia: Gorka Rubio/Foku

Asier Alea, BCCko Garapen Globaleko zuzendaria | Argazkia: Gorka Rubio/Foku

Berrikuntza esparruko erronketako bat da transferentzia teknologikoa nola egin, hau da, nola bihurtu enpresa unibertsitate mailan edo zentro teknologikoetan sortzen ari diren punta-puntako soluzioak. Nola planteatu duzue hori zuek?

GOeren filosofiaren bihotzean dagoen elementu bati egin diozu erreferentzia. Oraindik ere GOe pare bat diapositibatako power pointean jasotako ideia bat zenean hor zegoen elementu bat zen hori. GOeren lehen marrazkia izan zen metro-geltoki sare bat. Sare horretan, demagun, ekintzaileak linea horia ziren, enpresak gorria, fakultatea urdina, herritarrak berdea... Hor irudikatu genuen, linea bakoitzak bere espazioa duela ulertuta, gakoa zela toki batzuetan topo egingo dutela aprobetxatzea, metro lineek geltokietan topo egiten duten bezalaxe. Coworkinga, adibidez, izango da ekintzaileek eta enpresek topo egingo duten lekua. Agora, elkarrizketa hau egiten ari garen espazioa, denon topalekua da, geltoki nagusia.

Berrikuntzak duen arazo nagusienetakoa dira konpartimentu estankoak. Zientifikoak, enpresa bilakatzeko ezagutza dutenak, inbertsiogileak... uneren baten hitz egitera iristen dira, baina askotan luze jotzen du prozesu horrek, eta baten batek egin du dagoeneko beharrezkoa ez zen zerbait. Hemen saiatzen ari gara gardentasuna berehalakoa izan dadin, elkar ikusten ari garelako. Eraikina bera pentsatuta dago ezinezkoa izan dadin topo ez egitea. 

Adibide bat jartzearren. Nestlé edo Unilever bezalako enpresa handi bati hemen dauden laborategiek ez diote ekarpenik egingo. Baina hona etortzeak ahalbidetuko dio talentuarengana sarbidea izatea. Zentroaren izenak dioen bezala, gastronomiaren ekosistema irekia eskaintzen ari gatzaizkio. Izena ez da kasuala. Buelta asko eman genizkion.

"Berrikuntzak duen arazo nagusienetakoa dira konpartimentu estankoak. Hemen saiatzen ari gara gardentasuna berehalakoa izan dadin"

Zer-nolako prozesua izan da sinergiak bilatzea GOe posible izan dadin?

Garrantzitsuena izan da harremanak eraikitzea kontzeptua eta horri loturiko eraikina eraiki diren bitartean. Alegia, ez itxarotea GOe eraikinak ateak zabal zitzan enpresengana edo ekintzaileengana joateko. Abantaila zen elementu batzuk dagoeneko bazirela fakultatean.

Hori aprobetxatuta munduan zehar bidaiatzen aritu gara enpresekin hitz egiteko, aliantzak ehuntzeko, azelerazio programak sortzeko askotariko tokietan —Londres, Boston, Copenhage, Buenos Aires...—. Inaugurazioaren egunean, aktore horietako asko dagoeneko gurekin lanean egoteak bultzada ematen digu. Inertzia dagoeneko hor dago. Eta gainera, eraikinak berak, lehen esan bezala, biderkatu egiten du hori, eta sinesgarritasuna ere ematen digu.

Asier Alea 5 | Argazkia: Gorka Rubio/Foku

Asier Alea, BCCko Garapen Globaleko zuzendaria | Argazkia: Gorka Rubio/Foku

Zer moduzko harrera izan du eraikinak nazioartean?

Izugarrizkoa izan da. Inaugurazioa izan zen astean, arkitekturako aldizkari nagusiek azalean jarri zuten. Eta pentsa astero eraikin interesgarri asko zabaltzen direla nazioartean. Mundu mailan urteko eraikin garrantzitsuenetako bat da arkitektonikoki. Horrek badu bere meritua: ez da handiena, edota ondoen komunikatuta dagoen hiri baten kokaturiko eraikina.

Are gehiago, anaia batekin batera jaio da GOe. Googlek Londresen duen egoitzako —bere nagusienetakoa Sillicon Valleyn duenarekin batera— eraikinaren prozesua gutxi gora behera gurearekin batera abiararazi zen. Arkitekto bera topatu zuten lana egiteko, Ingles Bjarke. 

"[GOeren] Inaugurazioa izan zen astean, arkitekturako aldizkari nagusiek azalean jarri zuten"

Dena delako arrazoiagatik... 

Dena delako arrazoiagatik [ironiaz]. Googlen bulegoa ateak zabaltzear da, eta antzekotasunak ditu GOerekin. Aldiz, Ingles Bjarke taldeko bulego guztiek urtero hautatzen dute eurek egindako eraikin bat azpimarragarri gisa. Eta ez dute Googlena hautatu, GOerena baizik. Hori ere hor dago.

Asier Alea 8 | Argazkia: Gorka Rubio/Foku

Asier Alea, BCCko Garapen Globaleko zuzendaria | Argazkia: Gorka Rubio/Foku

Nazioarteko sinergiez harago, hiritarrekin ere sinergiak eraiki behar dituzue. Gainera, eraikinaren kokalekuak zeresan handia eman du Donostian, eta deserosotasuna ere sortu du. Nola landu dituzue sinergiak donostiarrekin?

Elkarrizketa ugari izan ditugu: hiriko eta batez ere Gros auzoko askotariko eragileekin bildu gara, bizilagunak eta elkarteak barne, entzuteko.

Eraikina egiteko lehiaketako bost finalistak jakinarazi genituenean, hona etorri ziren eta aukera izan zuten bizilagunekin hitz egiteko. Eta bada zerbait deigarria: bakoitzaren azken proposamenak bere berezitasunak bazituen ere, denek zuten goiko partean parke bat, zakurrak paseatzeko-eta. Denek hartu zuten aintzat zein erabilera emango zioten bizilagunek. Beraz, honetan parte hartu zezaten gako izan da. 

Ez da kasualitatea irekiera urriaren 17an egin izana, eta inaugurazio instituzionala 20an. Lehen aldiz hiriari zabaldu zizkion GOek ateak, ez erakundeei. Txandaka bisitatzeko aukera izan zuten 1.000 donostiarrek.

Bide beretik segituko duzue?

Hori egiten jarraitu nahi dugu, bai. Harremana izan nahi dugu. Harreman hitza beti izan dut gustuko, hartu eta eman esan nahi duelako. Hori da harreman bat: nik eman egiten dizut eta zuk hartu, eta alderantziz. Hiritarrek euren iritzia eman digute, eta guk gure ikuspegia ere partekatu dugu. 

Eta hemendik aurrera ere ez da soilik komunikazio irekia izango dugula. Bisita gehiago egiteko aukera eskaini nahi dugu. Urtarriletik aurrera egin ahalko dira, kafetegia eta jatetxea zabalik daudenean. 

Eta aldi berean auzoko aktore bizia izatea nahi dugu hainbat arrazoirengatik. Batetik, espazioari dagokionez. Esan bezala, eserita gauden toki hau Agora da. Zabalik dago, eta hona etorri ahalko zara eserita egoteko plaza babestu honetan. Bertako klima aintzat hartuta, ez dator batere gaizki [barrez]. Aldi berean, eraikinaren goiko aldean izango duzu hiriko talaia bat 24 orduz asteko 7 egunetan, hiria ikustea ahalbidetuko dizuna oso perspektiba berezitik. 

"Elkarrizketa ugari izan ditugu hiritarrekin, [...] eta hemendik aurrera ere ez da soilik komunikazio irekia izango dugula. [Eraikina] auzoko aktore bizia izatea nahi dugu"

Bestetik, gaurtik aurrera tailerrak egingo ditugu herritarrentzat ere, elikaduraren munduari buruzko kuriositatea duen edonorentzat. Enfasi berezia jarriko dugu haurretan eta adineko pertsonetan, gizarte bezala ditugun erronkekin lotuta, etorkizuneko belaunaldiak formatu, eta euskal gizartearen zahartzeari erantzuna emateko. Eraikinak Donostia zeharkatzeko modua da hori.

Azkenik, hiriko gizartea laborategi ireki honen parte izango da, osagai bat. Hemen ekintzaile eta enpresek lantzen dituzten berrikuntzak hiritarren esku jarriko ditugu kafetegiaren, jatetxearen eta egingo ditugun tailerren bitartez. Horrek ere bereizi egiten gaitu. 

Donostia mundu mailako bost edo hamar hiri gastronomikoetako bat da. Hala da tradizio eta kulturagatik. Baina honekin eboluzionatu egiten du, gastronomia ere badelako zientzia, berrikuntza, industria. Mundu mailan hiri gastronomikoa den horretan lehenik BCC jaiotzea, eta ondoren GOe, are gehiago bereizten du Donostiak duen izaera bereizgarri hori.

Asier Alea 7 | Argazkia: Gorka Rubio/Foku
Asier Alea, BCCko Garapen Globaleko zuzendaria | Argazkia: Gorka Rubio/Foku

Nazioarteko ikuspegiak eta horrek ekarri dezakeenak eraman dezake GOe ez izatera hiritarrekin konexiorako gune bat, baizik eta turismo gehiago erakartzeko modu bat. Nola planteatu duzue hori?

Nazioarteko bisitariak etortzen jarraituko dira, eta kanpotik bazatoz, hau Donostia bisitatzeko puntu bat gehiago izango da. Baina guk programazioa tokiko bisitariarentzat pentsatu dugu, GOe biziko dutenak —gazteleraz, habitar hitza— Donostiako edo Gipuzkoako edo KM0ko biztanleak izan daitezen bilatzen dugulako. Eurak izango dira berrikuntzaren elementu hori. Nazioartetik erakarri nahi duguna ikasleak, ekintzaileak eta zientifikoak dira, ez hainbeste turismoa. Turistak jasoko ditugula? Noski. Baina gure helburua da jarduera ekonomiko berritzailea sustatzea, zerbitzu aurreratuen industriari loturik dagoena. Quantum bezalako sektoreetan egiten ari diren berdina egin nahi dugu.

"Turistak jasoko ditugula? Noski. Baina gure helburua da jarduera ekonomiko berritzailea sustatzea, zerbitzu aurreratuen industriari loturik dagoena"

Bioteknologiako polo horretako askotariko sektoreekin nola ari zarete sinergiak lantzen?

Guk uste dugu GOe dela Donostiako izaera gastronomikoaren luzapen bat, baina baita bioteknologiaren alde hiriak egin duen apustuarena ere. Elikadura bioteknologiaren alderdietako bat da, eta gu gara hor bultzatzaile taldekoak. Datua ere landu beharko dugu. 

BCC estrategiaren barruan, zein rol du GOek nazioarte mailan beste puntu baten kokatzeari dagokionez?

GOe da BCCren ibilgailua munduan fakultatetik harago, horren edukina.