• BERRIKUNTZA
  • Finantza sektoreari eta teknologia kuantikoari buruzko jardunaldia egingo da Bilbon

Finantza sektoreari eta teknologia kuantikoari buruzko jardunaldia egingo da Bilbon

BBVAk eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Banks in Quantum Days 2025 ekitaldiak nazioarteko adituak bilduko ditu, aro kuantikoak finantzetan dituen erronkei eta aukerei buruz eztabaidatzeko

Banks in Quantum Days 2024ko argazkia | Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Banks in Quantum Days 2024ko argazkia | Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
2025eko urriaren 15a - 14:45

Bihar, urriaren 16an, Bilboko Iberdrola Dorrean egingo da Banks in Quantum Days 2025 – Next Gen Talent topaketa, konputazio kuantikoak finantzen esparruan duen eragina aztertzeko jardunaldi irekia. BBVAk eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu dute saioa, eta Ainara Basurko Ekonomia Sustapeneko foru diputatuaren eta Marta Alonso BBVAko Iparraldeko Lurralde Ordezkaritzako zuzendariaren ongietorriarekin hasiko da.

 

Goizean zehar, HSBC, Erste Group Bank eta Santander bezalako erakundeetako espezialistek aztertuko dute nola teknologia kuantikoak eraldatzen ari diren finantza-sistema eta sektorearen prestakuntza, aurrerapen horiek eragindako segurtasun-mehatxuen aurrean.

Programak tarte berezia eskainiko dio talentu kuantikoaren garapenari, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU), Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko ordezkarien hitzaldiekin. Hitzaldi horietan, EHUko Quantum Centerreko zuzendari Aitor Bergarak moderatuta, diziplina horretan adituak diren hurrengo belaunaldia erakartzeko eta prestatzeko gakoak aztertuko dira.

 

Horrez gain, teknologia kuantikoak komunikazio seguruetan, metrologian eta finantzei aplikatutako konputazioan dituen aplikazio praktikoak eztabaidatuko dira, Telefonica Tech, Quantum Mads eta Falcondale enpresen parte-hartzearekin. Amaitzeko, Escolástico Sánchez, BBVAko Quantumeko arduraduna, eta Valentin García, Lantikeko Berrikuntzako zuzendaria, egongo dira, eta, ondoren, networking saioa egingo da.