• BERRIKUNTZA
  • Biozientziek 2.400 lanpostu baino gehiago sortzen dituzte Donostian

Biozientziek 2.400 lanpostu baino gehiago sortzen dituzte Donostian

Estimazioen arabera, balio kateko 100 eragile baino gehiagok eginiko lanak 189 eta 224 milioi euro bitarteko fakturaziora eraman zuen sektorea 2023an

Biozientzien txostena aurkezteko ekidaldian izan diren eragileak | Argazkia: utzitakoa
Biozientzien txostena aurkezteko ekidaldian izan diren eragileak | Argazkia: utzitakoa
maite reizabal arregui
EnpresaBIDEAko egunkariko zuzendaria
2025eko maiatzaren 30a
Eg. 2025eko maiatzaren 30a

Biozientzien sektoreak Donostian duen pisua ezagutzeko analisi bat gauzatu du Donostia Sustapenak hainbat eragilerekin batera, gaur goizean Ekinn eraikinean aurkeztu dutena. Aurkezpena egiteko ardura izan dute Unai Andueza Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak, Ane Oyarbide Donostiako Udaleko Ekonomia Sustapeneko zinegotziak, Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko zuzendari nagusiak eta Ainhoa Aldasoro Donostia Sustapeneko Berrikuntza arduradunak. Jendartean, berriz, ekosistemaren parte diren askotariko eragileak izan dira, baita zenbait hedabide ere.

 

Txostenak jasotakoaren arabera, esparru horretan aritzen diren 100 eragile baino gehiago biltzen ditu sektoreak Donostian, tartean ikerketa zentroak, enpresak, inbertsoreak eta abar. "Balio kateko eragile guztiak ditugu hemen", nabarmendu du Aldasorok. Hori guztia, administrazio publikoaren babesa alde batera utzi gabe. Sektorearen sorrerarako eta horri bultzada emateko gako izan baitira funts publikoak, Donostia Sustapeneko Berrikuntza zuzendariak adierazitakoaren arabera. Edozein kasutan, askotariko eragileen artean egiten ari diren lankidetza ere ezinbestekotzat jo dute aurkezpenean parte hartu dute eragile guztiek.  Hain zuzen ere, txostenak datuak emateaz harago, elkarrizketa sustatu eta lankidetza areagotzeko helburua du.

Donostiako biozientzia esparruan bilakaera nabarmena ikus daiteke fakturazioan: 2020an 79,1 milioi eurokoa bazen, 2022an 162 milioi euroan kokatzen zen. "Eta hazkunde bide beretik jarraitzea aurreikusten dugu". Estimazioen arabera, 189 eta 224 milioi euro bitarte kokatu zen 2023an. Gastuan ere bilakaera izan da, 28,8 milioi eurotik 62 milioi eurora gastua izatera igaro da. Aintzat hartuta hirian I+G sektorean 325 milioi euroko gastua dagoela, biozientziek duten pisua argi ikus daiteke.

 

Pisua langile kopuruan ere ikusten da: sektorean 2.428 langile daude, gehienak bioteknologian aritzen direnak, eta ez soilik ikertzaileak, baizik eta teknikoak ere. Halaber, aipatzekoa da Gipuzkoako hiriburuko enpresetan 801 patente daudela, "ezagutza babesteko esfortzuaren isla" dena, Aldasorok nabarmendu duenez. Gehienak, 551, zentro teknologikoetatik datoz.

Analisi horretako informazioa ez da soilik Eustat bezalako estatistika iturrietatik hartu, baizik eta inkesta eta elkarrizketa pertsonalekin ere osatu dute, informazio kuantitatiboaz harago, informazio kualitatiboa ere izateko.

Horietan, sektoreak bizi dituen erronkak nabarmendu dira: talentu falta, inbertsioa erakartzeko beharra, azpiegitura premia, espezialistak identifikatzeko lanketa eta nazioarteko aliantzak indartzea. Talentuari dagokionez, nazioarteko talentua erakartzeko beharra tokiko talentua formatu eta atxikitzeko beharrarekin uztartzeko beharrizana gakotzat jotzen da. Inbertsioari loturik, dirua erakartzea ezinbestekotzat jotzen dute, baina badute zailtasun bat: epe luzerako proiektuak izaten dira, garatzeko urte ugari behar izaten dituztenak erregulazioagatik, eta bitarte horretan diru iturriak behar dituztenak.

Azpiegituretan, Illunbeko poloaren sorrerak beste bultzada bat eman diezaioke sektoreari, bertaratutakoek nabarmendu zutenez. Eta nazioarteko aliantzetan mundu mailako hubekin eta ekitaldietan parte hartzearekin lanean ari dira.

Edozein kasutan, erronka horiei ere lankidetzaren bitartez heltzeko borondatea erakutsi dute gaurko jardunaldian.