Biozientzietako ehun bat eragile elkartu ditu 'Etorkizuna Ikusmiran' jardunaldiak

'Txekintek' programaren uztak ezagutzeaz gain, talentuaren eta finantzazioaren erronkez aritu dira hainbat hitzaldi eta mahai ingurutan

Erakunde publiko ordezkariak eta jardunaldiko parte hartzaileak | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia Erakunde publiko ordezkariak eta jardunaldiko parte hartzaileak | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

200 enpresak osatzen dute Gipuzkoako biozientzien ehuna, eta guztira 8.000 enplegu kualifikatu sortu dituzte. Geroz eta indar gehiago hartzen ari den sektorea izanik, biozientzietako enpresa eta eragileek bat egin dute gaur Etorkizuna Ikusmiran – Biozientzietako erronkak eta errealitateak Gipuzkoan jardunaldietan. BIC Gipuzkoak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera antolatuta, hainbat helburu izan ditu: batetik, azaltzea zein den Gipuzkoan, eta nagusiki BIC Gipuzkoako biozientzia ekosistemaren orain arteko egoera; bestetik, enpresa, erakunde eta bestelako eragileen ikuspuntuak tokian-tokian jasotzea sektorearen aukerei eta erronkei buruz. Jardunaldia Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak zabaldu eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuak itxi du.

Egoerari dagokionez, txosten bat aurkeztu du Luisa Pareja egileak, bere master amaierako lanaren emaitza. 2000. urtean hasi ziren biozientziak geroz eta garrantzitsuago izaten. Hori dela eta jarri zen martxan Txekintek-Ekintzaile. Horren arabera, % 20 biozientzien eta osasunaren arlokoak dira, eta horietatik ia % 50ek merkatuan jarduten dute gaur egun. 2003az geroztik, guztira 6,2 milioi inbertitu dira (Gipuzkoako Foru Aldundiak % 50, SPRI Taldeak % 50). Sektoreka, 50 enpresa, medikuntzako produktuen enpresak dira (% 33); 33, enpresa bioteknologikoak (% 22); 26, sektoreari lotutako zerbitzuetakoak (% 17); 20 E-Health zerbitzuetakoak (% 13); 16 ‘HealthCare’ eremukoak (% 10); eta 13 farmaziako sektorekoak (% 8).

Erronkei eta aukerei dagokionez, hainbat ideia nabarmentzen joan dira mahai-inguru eta hitzaldi desberdinetan. Besteak beste, talentua erakartzeko beharra. Iñigo Atxutegi ikerbaskeko zuzendariak dioenez, gakoa da karrera zientifiko bat izateko aukera eskaintzea, ibilbide bat izan dezaten. Izan ere, oraindik ere zientzia alorrean prekaritatea nagusi dela azpimarratu du. Kasu honetan, ezagutza espezializatuaren beharra ere aipatu du Aritz Lazkoz Deneb Medicaleko zuzendari orokorrak.

Era berean, biozientzietako enpresen garapen prozesua beste zenbait esparrutan baino motelagoa izan ohi dela azpimarratu du, besteak beste, Leyre Madariaga BICeko presidenteak. Mahai-inguruetan ez ezik, Parejak aurkeztutako txostenean ere jaso da. Izan ere, Txekintek programan parte hartu dutne enpresek 2 urte inguru behar izan dituzte sortu direnetik lehen finantzazio rondaraino eta beste 4 urte salmentara igarotzeko.

Jorratutako beste puntu bat ekonomikoa eta finantzazioarena izan da, ikuspuntu anitzetik. Batetik, disruptiboak izateko beharrezkoa dela nabarmendu du Marta Ferrer Nafarroako Unibertsitateko Medikuntza fakultateko dekanoak. Bestetik, zenbaitetan hasiera-hasieratik finantzazioa lortzeko erronkei buruz hitz egin dute zenbait ekintzailek, proiektuak garatzeko fondoak lortzea zaila delako. Edozein kasutan, proiektuarekin eta unean uneko beharrekin bat datorren inbertsorea topatzeko garrantzia azpimarratu du Santiago Lozano Clave Mayor fondoko zuzendari elkartuak.

Informazio gehiago
Gipuzkoak terapia aurreratuen urrezko ligan jokatu nahi du
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK