
2025 Kuantikaren Nazioarteko Urtea dela-eta egitarau berezia antolatu dute Kutxa Fundazioak eta Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa-zentroak. Helburu dute fisika kuantikoa “modu errazean” zabaltzea eta gaia gizarteratzea, hain zuzen, teknologia kuantikoaren ezaugarriak eta abantailak zeintzuk diren erakusteko. Hala, datozen hilabeteetan gaiari buruzko hitzaldiak egingo dituzte “zientzialari eta komunikatzaile bikainek” Tabakaleran, euskaraz zien gaztelaniaz, eta doakoak izango dira.
Maiatzaren 14an, DIPCeko Ikerbasque irakaslea eta nanoelektronikan aditua den Arantzazu Garcia Lekue fisikariak eskainiko du lehen hitzaldia, “Aldatu txipa, murgildu kuantikan!” izenekoa, arratsaldeko sei eta erdietan. “Edonorrek ulertzeko moduko hizkeran” azalduko du gaia fisikariak, eta atomoen zein nanoeskalaren “mundu liluragarrian” murgilduko da.
Eduardo Sáenz de Cabezón matematikari eta dibulgatzaileren txanda izango da irailaren 2an “Esku-kolpeak gela ilun batean. Konputazio kuantikoaren etorrera” izeneko hitzaldiarekin (gaztelaniaz). Azken hori ere arratsaldeko sei eta erdietan hasiko da.
Teknologia kuantikoa puri-purian dagoen gaia da Donostian: IBMren Quantum System 2 ordenagailu kuantikoa hiriko Ikerbasqueren eraikinean kokatuko da, eta atzo bertan egin zuten Dorre Kuantikoa izeneko bigarren eraikin berriaren aurkezpena, non txip kuantikoak garatuko diren.