• BERRIKUNTZA
  • Diruaren metamormosia: Mesopotamiako metal preziatuetatik Txinatarren esku-ahurretara

Diruaren metamormosia: Mesopotamiako metal preziatuetatik Txinatarren esku-ahurretara

Eskudirua da oraindik ordainketa sistema erabiliena. Kreditu txartela 70. hamarkadan merkaturatu zen Euskal Herrian eta askorentzat ordaintzeko modurik erosoena da. Beste zenbaitzuk, gazteek batez ere, mugikorra edota ordularia erabiltzen dute. Txinan, aldiz, esku-ahurrarekin ordaintzen hasi dira

Mugikor bidezko ordainketa | Argazkia: iStock
Mugikor bidezko ordainketa | Argazkia: iStock
bb 20231002374563
EnpresaBIDEAko kazetaria
2025eko apirilaren 27a

Elkartrukea izan zen gizadiaren lehen ordainketa sistema, harik eta kristo aurreko 1.500 urte inguruan, Mesopotamian, metal preziatuak erabiltzen hasi ziren arte. Metal horiek dira, historialarien ustetan, lehen dirua kontsidera daitekeena. Lehenengo moneta, aldiz, Anatolian, egungo Turkian sortu omen zen kristo aurreko 640 aldean. Lidiako Aliates erregearen aurpegia zuten txanponak ziren. Billeteak Txinan omen du jatorria, VII. mendean, kobrearen eskasia dela eta, dirua paper bilakatu zuelarik Asiako erraldoiak.

 

Txanponak eta billeteak izan dira azken mendeetako ordainketa sistema nagusia XXI. arte. Orain, ordea, eskudiruz ordaintzea elkartrukea bezain zaharra da askorentzat. Txartela ere soberan dute beste zenbaitzuk. Mugikorrak, ordulariak, eskumuturrak, eraztunak… etxetik diru-zorrorik atera gabe ere, erosketak egiteko  arazorik ez da egun.

Diruaren akaberaren hasiera XX. mendearen bigarren zatian hasi zela esan daiteke. 1971an, egun BBVA den Banco de Bilbao izan zen kreditu txartela sortu zuen Euskal Herriko lehen finantza erakundea. 1978an lehen VISA txartela egin zuen eta 1986an Mastercard. Harrezkeroztik, hamar milioi kreditu txartel baino gehiago sortu dituela kalkulatu du bankuak. Halaber, Espainiako Bankuaren arabera, 2024an ia ehun milioi kreditu txartela ziren aktibo Espainiako estatu osoan.

 

Nazioartean lehen kreditu txartela hogei bat urte lehenago sortu zen. Ralph Schneider eta Frank McNamara enpresa gizon estatubatuarrek Diners Club enpresaren bidez sortu baitzuten, bezeroek hainbat dendetan txartel berarekin egin zitzaten erosketak.

Eskudirua da oraindik ordaintzeko modurik ohikoena

Diruaren akaberaren hasiera gainditu dugu segur aski. Agian, erdibidean gaude dagoeneko, baina dirua ez da bukatu oraindik, ez eta gutxiago ere, Espainiako Bankuak iaz egindako azterlan batek baitio ordainketa digitalek gora egin badute ere, eskudirua dela oraindik gehiengoaren ordaintzeko modu nagusia. 55 urtetik gorako pertsonak eta oinarrizko ikasketak dituzten hiritarrak dira eskudirua gehien erabiltzen dutenak, eta hura erabiltzeko arrazoi nagusiak erosotasuna eta ohitura dira.

Txartela da bigarren ordainketa modu ohikoena saltokietan, eta mugikorra hirugarrena. Txartela biztanleriaren %30ek erabiltzen du, txostenaren arabera, eta erabilera handiena emakumeek, 25 eta 54 urte arteko pertsonek eta ikasketa maila altukoek egiten dute. Mugikorra, aldiz, %11k erabiltzen du, gazteen artean nabarmentzen da erabilera mota hori, zehazki, 18 eta 24 urte artekoen artean %35ek erabiltzen du.

55 urtetik gora pertsonak eta oinarrizko ikasketak dituzten hiritarrak dira eskudirua gehien erabiltzen dutenak

Saltoki, denda edota ostalaritzan diharduten negozioak biztanleriaren kontsumo ohituretara egokitu beharra dute. Eskudirua saltoki guztietan onartzen da, jakina. Txartela eta mugikorraren onarpen tasak ere nabarmen egin du gora, Espainiako Bankuak dioenez. 2024an saltokien %92etan onartzen zen txartela, mugikorra, aldiz, %84ean (2023an %78).

Eta zer gertatzen da lagunen artean zorrak kitatzeko egiten diren eragiketen artean? Bada, bizumaren aukera indartsu sartu bada ere (gazteen artean batez ere), gehiengoak eskudirua erabiltzen du oraindik (%63). Bizuma, aldiz, %33ren lehen aukera da. Banku- transferentzia oso gutxik baliatzen dute (%2).

NFC teknologiak ekarri du iraultza

Ordainketa sistemaren bilakaeran, mugarria izan zen NFC (Near Field Comunication), euskaraz, "erabilera hurbileko komunikazioa" esan dezakegu, teknologiaren sorrera. Teknologia honen bidez, datu trukaketa gauzatu daiteke bi gailu gerturatuz, baina elkar ukitu gabe. Horrela sortu ziren lehen contact less txartelak, hau da, txartela kutxazaineko zulotxoan sartu gabe dirua ateratzea ahalbidetzen dutenak. BBVAren arabera, 2020an txartel bidez egiten ziren eragiketen erdiak baino gehiago (%61) contact less eran egiten ziren. Eta teknologia honek ahalbidetu du, era berean, mugikorrak, ordulariak edota eraztunak ere erabili ahal izatea egun ordainketa modu gisa.

BBVAren arabera, 2020an txartel bidez egiten ziren eragiketen erdiak baino gehiago (%61) contact less eran egiten ziren

Gailu bidezko ordainketa sistemen ugaltzeak Apple, Samsung edota Google bezalako erraldoi teknologikoen esku hartzea ekarri du merkatuan. Konpainia horiek euren ordainketa sistema propioak ezarri dituzte, hala nola, Apple Pay eta Google Pay. Bankuek ere gauza bera egin dute (KutxabankPay edo LKPay). Hots, euren aplikazio propioak sortu dituzte, smartphonetan, adibidez, ordainketak eta banku eragiketak burutu ahal izateko. HCE (Host Card Emulation) teknologiaren bidez garatu dira ordainketa sistema horiek. Bankuek zere nahi dute: bezeroek euren HCE erabiltzea, bestela Apple, Samsung edota Googlen sistemak erabiltzeagatik urteko komisio bat ordaindu behar dute.

iStock 2183810402
Eraztun bidez ordaintzeko aukera eskaintzen du Bartzelonako Rikki enpresak | Argazkia: iStock

Eraztunak ezkontzeko eta ordaintzeko

NFC teknologiaren bidez ordain daiteke txartel, mugikor edo eskumutur bidez. Bada, merkatua erosketa esperientzia azkarragoa egiteko moduak garatzen ari da, eta azken joera eraztun bidezko ordainketa litzateke. Bartzelonako Rikki konpainiak eraztun adimendun bat sortu zuen orain urtebete pasatxo erosketak ordaindu ahal izateko. Caixabank bankuak ere eraztunaren aldeko apustua egin du. 2024aren amaieratik finantza erakundearen MasterCard txartelak lotu daitezke eraztunarekin, eta 2025ko lehen hilabeteotan gauza bera egiteko asmoa du Visa txartelekin.

Bartzelonako Rikki konpainiak eraztun adimendun bat sortu zuen orain urtebete pasatxo erosketak ordaindu ahal izateko

Nola ez, Samsung, Apple edo Xiaomi bezalako etxe handiak ere euren eraztun adimendunak garatzen ari dira. Gailu teknologiko berritzaile horiek hainbat informazio jasotzeko aukera izango dute, hala nola, osasun arlokoak, loaldiaren denbora, etab… Oraindik ikusteke dago zein beste funtzionalitate izango duten, baina baliteke ordainketak egiteko aukera ematea, contact less bidez, hau da, NFC teknologia bidez.

Txinan, aurpegiz edo esku-ahurraz

Txina teknologikoki beste edozein herrialde baino aurreratuagoa dela zalantzan jartzen duen edonork ikusi besterik ez du zertan dabilen. 2017rako dagoeneko Smile to pay (irribarre egin ordaintzeko) sistema sortu zuen, AliPay zerbitzuaren bidez. Erabiltzaileek erosketa ordaintzerakoan euren aurpegia tablet baten parean jarri, hura errekonozitu eta automatikoki egiten zuen ordainketa.

Orain, aurpegiz bakarrik ez, esku-ahurraz ere ordaindu daiteke Asiako herrialdean, Tencet enpresa teknologikoak sortu baitu WeChatPay sistema, zeinaren bidez ordainketa biometrikoa gauzatu daitekeen. Gailu batek esku-ahurra identifikatu eta automatikoki egiten da ordainketa. Hemen adibidea. Txinara bidaiatzean, hortaz, diru-zorroa etxean utzi, baina bermatu eskua bere lekuan duzula.