Elon Musk eta Twitterren telesail amaiezinak aurrera jarraitzen du

Epaiketa hasi eta astebetera, Elon Muskek sare soziala erosiko duela iragarri du berriro

Twitterren egoitza | Argazkia: iStock Twitterren egoitza | Argazkia: iStock

Apirilaren hasieran, teknologia handien munduan gogoratzen den telesail amaiezin garrantzitsuenetako bat hasten zen. Elon Musk handikiak erosteko eskaintza egin zion Twitter sare sozialari, eta, azkenean, erretiratu egin zuen. Orain, epaiketa hasi aurretik, Teslaren sortzailea txoritxo urdinaren sare soziala bereganatzeko prest agertu da berriro. Nor da Elon Musk, eta zein da bere estrategia Twitterrekin?

Teknologiaren, automobilgintzaren, industria aeroespazialaren sektoreetan, edo gizartean bertan eragin handiena duen pertsonetako bat bihurtu da azken hamarkadan. Gaur egun, bere enpresak nabarmentzen dira beren berrikuntzagatik eta etorkizunerako ikuspegiagatik. Horri esker, Musk munduko pertsonarik aberatsenetakoa da gaur egun. Kontuan izan behar da enpresaburu hegoafrikarra familia dirudun batetik datorrela, eta Musken ikasketak, eta hasieran sorturiko proiektuak eta enpresak finantzatzen lagundu duela. Musk aipatuta, burura datorkigun enpresarik ospetsuena Tesla izango da segur aski; baina SpaceX, PayPal eta The Boring Company bezalako enpresak ere ditu, besteak beste.

2021aren amaieran, Elon Musk oso kritiko agertu zen Twitter sare sozialaren funtzionamenduarekin. Musken kexen artean zeuden sareko adierazpen askatasun eza, boten kopuru handia eta existitzen diren profil faltsuak edo identifikatu gabeak. Beste handiki batek, Donald Trumpek, Twitterren antzeko sare sozial berri bat aurkeztu zuen urte hasieran, Truth Social izenekoa. Izan ere, AEBko presidente ohiaren Twitter kontua bertan behera geratu zen 2021eko urtarrilean Kapitolioko erasoaren ondoren. Muskek txoritxoaren sare sozialeko jarraitzaileei galdetu zien ea gauza bera egin behar zuen eta antzeko aplikazio bat abiarazi, berarentzat Twitter sare soziala gorrotoz eta zentsuraz beteta baitzegoen.

Erosi eta ez erosi

Aurtengo udaberriaren hasieran, Muskek konpainiaren akzioen %6 bereganatu zuen. Twitterreko akzioen prezioa izugarri igo zen NASDAQen eta handik egun gutxira Muskek konpainia bere osotasunean erosteko asmoa iragarri zuen. Egun batzuk geroago, erosketa egingo zela zirudienean, Teslaren jabeak atzera egin eta sare soziala ez erostea erabaki zuen. Konpainia ez erosteko jarri zituen aitzakietako batzuk izan ziren profil faltsuen kopuru handia eta sare sozialaren zuzendaritzaren gardentasun eskasa. Erabaki-aldaketaren ondorioz, akzioak behera egin zuten eta Twitterrek kasua auzitara eramatea erabaki zuen.

Zalantzarik gabe, txoritxoarena sare sozial eraginkorrena bihurtu da komunikazioari dagokionez. Hori dela eta, azken urteotan, alderdi politikoek, gizarte-mugimenduek edo komunikabideek oso tresna baliagarritzat jo dute tresna, biztanleriaren zati handi batengana heltzeko. Sare sozialak duen arazo handienetako bat, berriz, iritzi publikoan eragiteko dauden bot eta profil faltsuen kopurua da. Muskek agindu du arazo hori desagerraraziko duela eta sare soziala plaza publiko moduko bat bihurtuko duela, erabiltzaileek beren benetako nortasuna erakusteko.

Konpainia ez erosteko jarri zituen aitzakietako batzuk izan ziren profil faltsuen kopuru handia eta sare sozialaren zuzendaritzaren gardentasun eskasa. [...] Twitterrek kasua auzitara eramatea erabaki zuen

Gainera, sare sozialeko erabiltzaile bat bera ere ez zentsuratzeko eta adierazpen-askatasuna plataforman egoteko beharra nabarmendu du, betiere profila identifikatu ahal bada. Azkenik, Muskek Twitter NASDAQetik atera eta enpresa pribatu bihurtu nahi du, non akziodunek ez duten ez ahotsa, ez bozkatzeko aukera. Musken arabera zerbitzu publikoa eman behar duen enpresa bihurtu behar da.

Datozen asteetan ikusiko dugu telesaila nola amaitzen den eta azkenean Elon Muskek Twitter bereganatzen duen edo ez. Hegoafrikako handikiak lortuko al du sare sozialeko botak eta toxikotasuna deuseztatzea?

Informazio gehiago
Eta nik, #txoria nuen maite
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK