Eta nik, #txoria nuen maite

Elon Muskek Twitter erosi izana erabat aldatuko du orain arteko funtzionamendua, ala bere horretan jarraituko du?

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Azken egunotan Twitterrek Elon Musken erosketa eskaintza onartu izana trending topic izan da. Berria plazaratzearekin batera, Twitterren erresonantzia kutxa mota guztietako akordeak jotzen hasi da: Musken erosketarekin sare sozialaren arazo guztiak bukatuko direla baieztatzen duten armonia ederrei disonantzia ugari jarri izan zaizkie aurrez aurre.

Musika alde batera utzita, ez dira txiolari gutxi dilema etiko-moralak plazaratu dituztenak, eta, albistea baieztatu bezain laster sare alternatiboetara (adibidez, Mastodon bezalako plataforma deszentralizatuetara) jauzi egiteko deia egin dutenak. Beharbada, oraindik goiz da Musk efektua behar den bezala neurtzeko eta ondorioak ateratzeko hiruhileko batzuk igaro beharko dira, baina badirudi ez dela hain erraza txoritxoaren kaiola honetatik alde egitea. Zergatik?

Informazioaren aro honetan, edukiak gero eta ugariagoak (eta berehala eskuragarriak) bihurtu diren heinean, giza arreta da informazioaren kontsumoaren faktore mugatzailea. Gizakion arreta gaitasuna mugatua denez gero, informazioa jasotzeko dugun ahalmena ere mugatua da.

Arretaren ekonomia giza arreta ondasun mugatzailetzat hartzen duen informazioaren kudeaketarako ikuspegi bat da

Arazo hori ezagututa, Twitter bezalako enpresa teknologikoek milioiak bideratzen dituzte diseinura erabiltzaile interfazeak optimizatzeko. Diseinua optimizatzea, hitz lauetan esanda, erabiltzailea engantxatuta sentiaraztea da, erabilera denbora ahalik eta handiena izan dadin. Horretarako, diseinuak ahalik eta sinpleena izan behar du, zerbait aurkitzeko denbora gehiegi beharko bagenu beste lekuren batetan bilatuko genukeelako.

Horrez gain, plataforma teknologikoek gizakion subkontzientearen lerrabide kognitiboak baliatzen dituzte. Ezagunetako bat berreste isuria da, aurreiritziek edo sinesmenek baldintzatuta, gizakiok informazio jakin bat bilatu, gogoratu eta zabaltzeko dugun joerari dagokiona. Negatibotasunaren isuriak ere funtsezko paper bat jokatzen du, izan ere intentsitate bereko graduan, gertakari edo emozio desatseginek pisu handiagoa daukate gizakion prozesu psikologikoetan gertakari edo emozio positiboek baino.

Aurrekoa posible egiteko ezinbestekoak dira machine learning bidez entrenatutako gomendio-algoritmoak. Algoritmo mota hauek etengabe dabiltza ikasten adimen artifiziala erabilita, eta konkretuki gure datu eta metadatuengandik ikasten dute. Gure datuak gure izate fisikoaren ingurukoak izan daitezke (izena, generoa, adina...), baina metadatuak aplikazioa mugikorrean instalatuta izateagatik berez sortzen dira, eta gure profil pertsonalaren informazioa osatzeko balio dute (txioak zein mugikor motatatik argitaratzen ditugun, gure kokapena, zein edukirekin elkarreragiten dugun eta zeinekin ez...). Algoritmoek etengabe sortzen ditugun metadatu hauen bitartez ikasi egiten dute, eta kirola gustuko badugu, gure talderik gogokoenak argitaratutako edukiak gomendatuko dizkigute. Era berean, joera politiko jakin bateko politikariak edota komunikabideak jarraitzen baditugu, espektro politiko bereko beste hirugarren erabiltzaile batek argitaratutako edukiak eskainiko dizkigute, gu kontu horren jarraitzaile ez garen arren.

Fenomeno honek oihartzun ganberak sortzen ditu, non gure sinesmen eta aurreiritziak sistema itxi batean transmitituta anplifikatzen diren, ikuspegi kritikoei oso tarte txikia eskainiz edo guztiz alboratuz. Ondorioz, sare sozialetako algoritmoek burbuila sozialak ahalbidetzen dituzte, erabiltzaile batek eta bere auzokideak ikusten dituzten edukiak zeharo desberdinak bihurtuz.

Joko aretoetako makinek burmuinean isurarazten duten substantzia berbera sortzen du sare sozialen diseinuak: dopamina

Las Vegaseko kasinoak eguneko zein ordu den eta bertan zenbat denbora daramazun jakin ez dezazun diseinatuta dauden antzera, sare sozialetako feed delakoa amaigabetasun sentsazioa emateko diseinatuta dago. Twitter eta antzerako sare sozialen diseinuek slot-makinen palanka simulatzen dute atzamar lodiarekin pantailan beherantz irristatzen dugunean aplikazioaren edukia eguneratzeko. Joko aretoen tankerara, burmuinak ez daki palanka tiratzean saririk jasoko ote duen, Skinnerren kutxa balitz bezala. Baina erabiltzailea engantxatuta sentiarazteko (diseinua optimizatzeko) gainera, bada beste trikimailu bat saretik ihes egitea eragozten diguna: scroll amaigabea.

Erabilera denbora maximizatzearen azken helburua, jakina, ekonomikoa da. Twitter bezalako enpresa bat ez da inoiz Wall Streeteko dinamiketatik at egon, baina 2013an New Yorkeko burtsan akzio bakoitzeko 26 dolarretan kotizatzen hasi zenetik, sare sozialaren bilakaera enpresaren balioa handitzera bideratu da.

Erantzun ezagunik ez duten galdera ugari sortzen dira orain. Zer egingo du Elon Muskek sare sozialarekin? Erabiltzaileen pribatutasuna bermatuko du? Sareko giro toxikoa ahalbidetzen duten bot kontuak ezabatuko ditu? Twitterrek 2021ean Donald Trumpi kendutako kontua itzuliko dio Muskek aldarrikatzen duen adierazpen askatasunaren izenean? Hala izatekotan, zer nolako eragina izan dezake erabaki honek Ameriketako Estatu Batuetan 2022ko azaroan ospatuko diren midterm hauteskundeetan eta 2024ko hauteskunde presidentzialetan?

Ia ziur esan dezakeguna da Elon Muskek ez duela Twitter dirua galtzeko erosi. Horrenbestez, nahiz eta enpresaren jabetza osoa izan, bere balioa handitzen saiatuko da, eta horretarako plataformaren diseinua optimizatzen jarraituko du ahalik eta erabiltzailerik gehienok kaiolaren barruan txiokatzen jarrai dezagun.

Eta zuk, #txoria maite al duzu? Ala txoriak bere kaiolan harrapatu zaitu?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK