EMSIA, kudeaketa energetiko digitala Ikerlanen eskutik

Dispositibo lokal batekin landutako metodologia erabili du Ikerlanek EMSIA proiektua gauzatzeko. Sistemak eskaintzen dituen soluzioak merkaturatzeko bidean dira jada

Proiektuan parte hartu duten pare bat ikerlari | Argazkia: Ikerlan Proiektuan parte hartu duten pare bat ikerlari | Argazkia: Ikerlan

Energia hornidura hobetzeko zein autokontsumo mailak indartzeko helburuarekin sortu du Ikerlanek EMSIA proiektua. Energia adimen artifizialeko (AA) teknologiaren bidez kudeatzeko proiektu multiteknologikoa da, sare elektrikoei kontsumo zein biltegiratze ahalmena eskaintzeko helburua duena. 2022an hasi zen proiektua, eta orain EMSIA bera kasu praktikoetan abiatzeko prozesuan ari dira proiektuko ikertzaileak. Etorkizunera begira, bateriaren karga ahalmena aztertzen ari dira, sistema osoaren eraginkortasuna hobetze aldera.

Adimen artifiziala oinarri, EMSIA proiektuak sare elektriko jakin bati erremintak ematen dizkio modu automatizatuan kudeaketa energetikoa hobetzeko. Ikerkuntza proiektua izan da, baina aplikazio praktikoak ditu jomugan. Hobekuntzak modu “pertsonalizatuan” emateko aukera eskaini nahi du egitasmoak, sare ugaritan instalatu ahal izateko. Halaxe azaldu du Haizea Gaztañagak, egitasmoaren koordinatzaileak. Autokontsumoa zein energia soberakina modu “optimoan” erabiltzeko xedea du EMSIAk, eta helburu horretan bateriaren kudeaketa funtsezkoa da koordinatzailearen esanetan: “Algoritmoa bat garatu dugu bateria kargatzeko”.

Algoritmoa horrek irizpide batzuen arabera moldatzen du bateria, batzuetan kargatzeko eta beste batzuetan deskargatzeko agindua emanez. Energiaren erabilera “jasangarria” jarduteko erremintak instalatu dizkiote ikerlariek, energia soberakina modu ahalik eta “eraginkorrenean” erabiltzeko. Adimen artifizialak aurretiaz bateriaren ahalmen egokiena zein den aurreikusten duela nabarmendu du Gaztañagak: “Zer puntutan kargatu beharko den aurreikusten du”. Hau da, epe laburrean behar duen energia epe luzean behar duenarekin alderatzeko ahalmena du AAk, eta programatuta dituen irizpideen arabera bateria gehiago kargatu eta deskargatu egiten du, soberakina galdu ez dadin. “Denbora muga jakin batean hartzen ditu erabakiak, momentuko beharretan zentratuta”.

Adimen artifiziala oinarri, EMSIA proiektuak sare elektriko jakin bati erremintak ematen dizkio modu automatizatuan kudeaketa energetikoa hobetzeko

Beharrizan horietara moldatzeko ahalmenaz aritu da Gaztañaga, eta AAk duen erabakiak hartzeko gaitasunaz ere bai. Haren esanetan, behin instalazioa gauzatuta, proiektuak bere kabuz modu “erabat” automatizatuan lan egiten du, irizpide egokienak erabiliko dituela ziurtasunez frogatuz. Horrela, baterian dagoen soberakina, beste sistema batzuetara bidaltzea edo baterian bertan gordetzea erabakiko du inteligentziak, programatutako irizpideen arabera. Finean, koordinatzaileak teknologia digitalen eta kudeaketa energetikoaren arteko ikerketa gisa definitu du egitasmoa: “Edge eta cloud soluzioak AA edota zibersegurtasuna bezalako teknologiekin konbinatzen dituen proiektua da, energia berriztagarriaren erabilera jasangarriago bat sortuz”. Sare elektriko ugaritan instalatzeko helburua dute.

Metodologia lokala

Sare elektrikoan adimenaren uztartzea lortzeko baina, prozesuka lan egin dutela azpimarratu du koordinatzaileak, ‘edge eta cloud’ metodologia garatuz. ‘Edge’ dispositibo lokalari dagokio, hau da, instalazioan dauden elementu guztiekin komunikatu egiten den sistema da. Bertan datuak jaso eta ‘cloud’ sarera bidaltzen du sistemak, tamaina eta ahalmen handiko ordenagailu bat dena, “ahalmen” informatiko handiagoa duena: “Algoritmo konplexuak bertan lantzen dira”. Elkarreragin honekin, prozesu guztiak aztertzeko aukera izan dute ikertzaileek laborategi batean, bateria erreal bat oinarri izanik.

Gaztañagaren arabera, algoritmoa modu “lokalean” landu zuten hasiera batean, ostera ‘cloud’ horretara migratzeko: “Potentzial handia zuela ikusi genuen”. Baina ez da nahikoa koordinatzailearentzako bada, orain, bateriaren bizi denbora aztertzeko bidean dira, sistema hobetzeko xedearekin. “Garrantzitsua da aztertzea kargak eta deskargak zer nolako eragina duten baterian, erabilera optimoena lortzeko”, azpimarratu du. Horrela, bateriaren amortizazioa ahotan izan du sistema are gehiago optimizatzeko. “Oraindik aurreratuagoa izateko aukera dugu”.

Haizea Gaztañaga: “Garrantzitsua da aztertzea kargak eta deskargak zer nolako eragina duten baterian, erabilera optimoena lortzeko”

Etorkizunerako hobekuntzez gain, EMSIAren teknologia merkaturatzeko lanetan ari da jada Ikerlan. Zentroaren arabera, 2024 urtean zehar proiektuaren soluzioa kopuru handietan sortuko dutela adierazi dute. Ikerlaneko Arrasateko instalazioetan gauzatuko dute produkzio hori, ostera merkaturatze orokorra osatzeko helburuarekin. Era berean, EMSIA hainbat foro espezializatutan eta bezero potentzialekin aurkeztu eta egiaztatu dutela ezagutzera eman du Ikerlanek. Aurten, bezeroekin lehen ezarpenak egitea aurreikusten dute, egitasmoak soluzioak emateko “heldutasun” maila nahikoa duela uste baitute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK