Eskubide unibertsalak ala garapen teknologikoa? Adimen artifizialaren dikotomia

Adimen artifizialaren araudia zehazteko unean arazoak izaten ari dira. Teknologiaren garapen etengabea dela eta, egoera berri ugari antzematen dira egun, eta legedia horietara egokitzea konplexua da

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Nork du erantzukizuna adimen artifizialarekin egindako lan artistiko baten gainean? Nor da haren jabea: artista edo makina bera? Zalantza anitz ageri dira adimen artifizialaren (AA) gaineko arlo judizialean, marko erregulatzaile jakin bat osatzeko beharra sortzen duena. Teknologia berri honen inguruko galderak zein etorkizunera begirako prozesuak argitzeko helburuarekin prestatu da gaur egingo den Adimen artifizialaren argi-itzal juridikoak mahai ingurua, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak antolatuta. Bizkaiko Batzar Nagusietako Hitzaldi Aretoan izango da ekitaldia, Adimen Artifiziala: Iraultza hemen da jadanik egitasmoaren baitan.

Jurisprudentzia zehatza egiteke dago oraindik, baina legeztatuta daude hainbat kontzeptu, eta horien inguruan eztabaidatuko dute auzian aditu diren Maitane Valdecantos Audenseko bazkideak eta Iñaki Parientek, IKTko Zuzenbide Digitaleko aholkulariak. Erreminta berri honen nondik norakoak arlo judizialean izan behar duen presentzia azaltzea dute helburu. Lan konplexua, erabat.

Teknologia berri honen inguruko galderak zein etorkizunera begirako prozesuak argitzeko helburuarekin prestatu da gaur egingo den “Adimen artifizialaren argi-itzal juridikoak” mahai ingurua

Testuingurua hurbildu nahian, Valdecantosek AAren bereizketa jakin bat aurkeztu du: “AA sortzailea gainontzekoetatik bereiztu behar da, hura baita eduki sortzailea eta kulturala sortzen duena”. Abokatuaren arabera, trataera ezberdina jaso behar dute AArekin guztiz osatutako lanak eta AArekin lagunduta dauden artista batek sortutakoak. “Ez dira berdina”. Analisi fasean murgilduta daudelarik, hainbat kasu aztertzen ari dira. Valdecantosek dio herrialde batzuek teknologia bera pertsona juridiko bezala aurkezten ari direla; beste batzuek “hiritar elektroniko” gisa definitzen ari dira. “Hainbat kasu eta adibide daude”, azaldu du.

Bidea egiteke dago oraindik, eta arlo batzuek ulermen anitzak izan ditzakete, egile eskubidea kasu. “Lanaren inguruko originaltasuna, haren adierazpena edota haren esplotazioa eztabaidan dagoen gaia da”, mahaigaineratu du. Egun, erremintaren bidez egindako edozein obrak domeinu publikoa du; sortzaile izateko ahalmena pertsona fisikoek dutelako soilik, hau da, gizakiak dute ahalmen hori. “Garrantzitsua da bereiztea lan batek balioa izatea edota eskubideak izatea. AAk egindako lan batek balio handia izan dezake, baina ez du ustiatzeko aukera izango, jabetza intelektualaren eskubidea baita hura”. Horrela, solasaldian Valdecantosek honako auzien inguruan hausnartu nahi du, AA bidez egindako lanek eskubideak urratu dezakeen edo ez aztertuz. “Arlo judizialean egoera polita bizitzen ari gara, hausnarketa juridiko bat gauzatzen ari delako”.

Maitane Valdecantos: “Arlo judizialean egoera polita bizitzen ari gara, hausnarketa juridiko bat gauzatzen ari delako”

Bere aldetik, Parientek datuen babesa izango du hizpide, eta horrek AA teknologiaren barnean duen jokabidea aztertuko du, ChatGPT moduko trenen testuinguruan. Adibide gisa azaldu du ChatGPTk algoritmo baten baitan jarduten duela, eta hura “entrenatzen” joan behar dela, baina horrek datuen babesekin talka egin dezakeela. Araudi ugari daude honen inguruan Parienteren esanetan, gobernantza legea kasu, indarrean dagoena jada, edota AAren araudia, kaleratu aurretiko azken fasean dagoena. Era berean, dinamika berriak agertzen ari direla dio, datuen espazioak, adibidez. Bertan, datu ugari gordetzen dira ostera hainbat helburu gauzatzeko, baina honek ere hausnarketarako galderak sortu ditu: “AAk algoritmoak garatu ahal izateko pertsonen datuak erabili ditzake?”.

Datuen urraketa eman daiteke kasu honetan, eta informazioaren “anonimazio” honek zalantzak sortzen ditu Parienteren arabera. “Norena da datua? Zer gertatzen da datuekin? Nork erregulatzen du?”, galdetu du. Hausnarketa prozesuan daude hainbat eztabaida, eta auziaren inguruko arauak heldu berri edo heltzear daude egun. Guzti honek iraultza bat sortuko duela argi du adituak.

Legeen etengabeko aldaketa

Auzia aztertu nahian, eztabaida ugari izaten ari dira egun abokatuaren arabera, baina legediak ez du behar besteko presentzia teknologia berriei jarraitu ahal izateko. Arau jakin baten zirriborroa prestatzen denetik indarrean jarri ahal izan arte egoera aldatu egin dela dio. “Zirriborro batean ez genuen ChatGPT famatua, eta hurrengoan sartu egin behar izan zen”. Eztabaidak gai ugari jasotzen dituenez, teknologia “azkarregi” doa Parienteren arabera, eta legediak ezin dio aurre egin. “Norbaiti erabilera berri bat bururatzen bazaio dena aldatu behar da unean, bat-batean”, azpimarratu du.

Egoera bera hain “berria” da non azkar batean ezeztatzen diren zahar gelditu diren arauak, eta testuinguru honetan jurisprudentzia eratzea konplexua da adituen arabera. Etengabeko berrikuntza honetan suertatzen diren egoera berriak jorratu ahal izateko, Valdecantosek uste du beharrezkoa dela jarrera berriak behar diren bezala aztertzea. Hala ere, argi du egoera jakin batzuk ez direla aldatu, aldatu dena forma berri batzuen erabilera dela, besterik gabe. ‘Deep fake’ delakoen kasua aztertu nahi izan du.

Iñaki Pariente: "Norbaiti erabilera berri bat bururatzen bazaio dena aldatu behar da unean, bat-batean"

“Klaseko neska bat birtualki biluztu zuten kasua, esaterako. Mina egiteko era aldatu da, baina eskubide unibertsalen inpaktua berdina da”, nabarmendu du. Ohorerako eta intimitaterako eskubidearen kontra egiteko modua aldatu da, baina “erreminta” juridikoak daude horiei aurre egiteko, Valdecantosen arabera. Hori bai, AAk hainbat egoera berri sortzen dituela azaldu du, eta gertaera jakin bat identifikatzea zaila bilakatu da testuinguru honetan. Hori dela eta dio gertaera identifikatzen ez baldin bada, legea aplikatzea konplexua suertatu daitekeela, eta araudia zaharkituta egonda, sormenari ekin behar diotela egoera interpretatu ahal izateko. “Zenbait teknologia berriekin sormena izan behar dugu bidegabeko gertaerak barne hartzeko”.

Egoera berriei erantzun aproposa emate aldera, erreflexioa funtsezkotzat jo du Valdecantosek, batez ere teknologia berrien garapenean eta gizakien eskubide unibertsalen defentsan. “Zer nolako gizartea izan nahi dugun birpentsatu behar dugu. Zer puntura arte utziko diegun teknologiei gure eskubideetan sartzen”. Garapenaren eta antropozentrismoaren arteko “oreka” lortzea beharrezko ekintza izango dela uste du, eztabaida “oso filosofikoa” dena berez.  

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK