42 Urduliz Bizkaia formakuntza zentroa jaio zenetik bost urte igaro dira jada. Programazioaren munduan lurraldeko jendea trebatzeko funtzioa betetzen du, eta ondorioz, bertako enpresak talentuz hornitzekoa. Baina ez da beste edozein zentro bezalakoa. 42 Urduliz Bizkaia berezi egiten duten hainbat ezaugarri daude, batez ere bertan erabiltzen den heziketa filosofiarekin lotutakoak. Estibaliz León 42 Urduliz Bizkaia programazio kanpuseko zuzendaria da, eta bereizgarri guzti horien onurak azaldu ditu, besteak beste.
Zer da 42 Urduliz Bizkaia?
42 Urduliz Bizkaia formakuntza teknologikoa eskaintzen duen zentroa da. Teknologiaren munduaren barruan programazioari ematen diogu garrantzi handiena. Programazioa makinekin komunikatzeko erabiltzen dugun lengoaia da.
Nola eta zein helbururekin jaio zen?
42 programa internazionala da, 59 kanpusek osatutako sare internazionala. 2013. urtean jaio zen, Parisen. Momentu horretan programaren sortzaile izango zirenek ikusi zuten krisi ekonomiko globalaren ondorioz langabezia handia zegoela, baina aldi berean enpresa teknologikoek talentu kualifikatua kontratzeko beharra zutela, eta ez zirela hori aurkitzeko gai. Paradoxa horren aurrean, lehen kanpusa martxan jartzea erabaki zuten: 42 Paris. Gaur egun ere kanpus guztiek erabiltzen dugun metodologia berritzaile bat ezarri zuten. Ikaslegoaren parte izateko baldintza bakarra adinez nagusia izatea da, ez dugu eskatzen aurretiko titulaziorik edo ezagutzarik. Gainera, guztiz doakoa da formakuntza.
Espainiara 2019an iritsi zen programa, Telefonica Fundazioaren eskutik, eta lehenengo kanpusa 42 Madril izan zen. Urduliz Bizkaia Estatuan ireki zen bigarren kanpusa izan zen, Telefonica Fundazioa eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko elkargo publiko-pribatuaren eraginez. Helburu komuna proiektu estrategiko bat garatzea zen. Formakuntza zentro bat sortu nahi zuten talentua trebatzeko eta lurraldeko enpresak talentu horrekin hornitzeko. Bizkaian ehun ekonomiko oso industriala dugu. Industria, gaur egun, teknologiaren erabilera nabarmenaren sinonimo da, eta beraz, argi dago guk trebatzen ditugun profilen beharra dagoela lurraldean.
Nolakoa da 42ko heziketa metodoa?
Ikasleek duten ikasteko modua berritzailea da. Zentroa irekita dago asteko zazpi egunetan eta eguneko hogeitalau ordutan zehar. Ikasleak beraien kabuz moldatu behar dira ariketak egiteko, ez dago irakaslerik, ikasgairik, ordutegirik edota teoriarik. Peer to peer deritzogun ikasketa metodoa sustatzen dugu, hau da, berdinen arteko ikasketa. Horrela, mundu profesionalean txertatzerakoan aurkitu dezaketen giroa kopiatzen dugu.
Heziketak enbor komun bat du, lehendabiziko zortzi mailak osatzen dutena. Horietan, ikastetxeetan bezala, ikasle guztiak oinarrizko nozioak ikasten hasten dira eta, mailak gainditzen dituzten heinean, ikasi beharrekoa zailagoa bilakatzen da. Enbor komun hori amaitzeko gehienez bi urte dituzte ikasleek; urte eta erdian edo urte betean amaitzeko gai badira ez dago arazorik, beti ere bi urte igaro baino lehen amaitzen badute. Prozesu horretan, besteak beste, C eta C++ tankerako errendimendu altuko programazio lengoaiak erabiltzen eta garatzen ikasten dute. Adimen Artifizialaren alorrari dagokionez, Python irakasten diegu, AA garapenean zabalduen dagoen lengoaia dena.
Zortzi maila horiek gainditu ondoren, espezializatzeko aukera eskaintzen dugu. Zehazki zortzi espezializazio ditugu, hala nola, zibersegurtasuna, AA eta data, algoritmia, marketin digitala edota garapena. Guzti horietatik ikasleek nahi haina espezialitate burutu ditzakete; hiru egin ditzakete, edo bat bera ere ez. Hor bakoitzak bere espezializazio ibilbidea antolatu dezake askatasun osoz.
“Ikasleak beraien kabuz moldatu behar dira ariketak egiteko, ez dago irakaslerik, ikasgairik, ordutegirik edota teoriarik”
Noiz esan daiteke ikasle bat graduatu egin dela?
Guretzat graduatzen direnak lehenengo zortzi maila horiek gainditzen dituztenak dira. Besteak espezializatzen ari direla esan dezakegu. 42ko metodologia diseinatuta dago graduatzen diren ikasleak programazioan trebatu ez ezik, beste zeharkako gaitasun batzuetan ere trebatzeko. Horiek dira, besteak beste, ikasten ikastea, hutsegitearen eta horrek dakarren frustrazioaren kudeaketa, arazoen konponketa, sormena, talde-lana eta komunikazioa.
Hemen barneratzen dituzten tresna horiekin, gure ikasleak graduatzen direnean prest daude lan mundura jauzi egiteko. Gainera, teknologia munduan egon daitekeen edozein aldaketa edo berrikuntzaren aurrean erantzuteko prest ere badaude; izan ere, hemen beraien kabuz ikasten erakusten diegu, eta horrenbestez, berrikuntza horiek dakarten programa berriek nola funtzionatzen duten ikasten. Adibidez, orain AAren eztandaren ondorioz Python entzutetsu bilakatzen ari da, eta oso erabilia izaten ari da, baina bihar agian beste lengoaia ezberdin bat da erabiliena, eta horren funtzionamendua ikasi beharra dago.
Gainera, Bizkaiko eta 42 Urduliz kanpuseko errealitatea da sektore digitalean dagoen lan eskaintza handiaren ondorioz enpresek gure ikasleak hautatzen dituztela baita graduatu aurretik ere. Beraz, enbor komun hori amaitzen duten ikasleen %100ak lanpostu bat du sektore digitalean, baina amaitu aurretik sektore digitalean lanbide bat duten ikasleen ehunekoa 60koa da.
“Enbor komuna amaitzen duten ikasleen %100ak lanpostu bat du sektore digitalean”
Eta ikasleen hautaketa prozesua nolakoa da?
Hautaketa prozesua oso gogorra da, eta ezagutzen dugunarekiko oso ezberdina. Gauza da 42n ez dugula ikasle bikain horren edo titulazio onena duen ikasle horren profila bilatzen. Hemen jarrera ona duen jendea bilatzen dugu, ikasteko gogoz dagoena eta akats baten aurrean gogogabetuko ez dena. Metodologia guztia eta hautaketa prozesu guztia ikasle mota horiek aurkitzera bideratuta dago.
Hautatua izateko eman beharreko lehen urratsa gure webgunean izena ematea da. Bertan, logika matematikoko test batzuk gainditu behar dira. Test horiek online bidez edo presentzialki -ate irekietako jardunaldietan- egiteko aukera dago. Behin joko horiek gaindituta, igerilekurako plaza bat lortzen duzu. Igerilekuak gure hautaketa prozesuei deitzen diegun modua da. Prozesu horiek 26 eguneko epeez osatuta daude, astelehenetik igandera bitartekoak. Bertan, ikasleak gure metodologian murgiltzen dira, banakako proiektuak eta azterketak egiten dituzte, baina ez irakaskuntza tradizionalean aurkitzen ditugunak bezalakoak, beste mota batekoak baizik. Igerilekua gaindituz gero, ikasle bilakatzen zara.
Igerilekua ez gainditzea ere gerta daiteke. Baina 42 metodologiaren ezaugarrietako bat da akatsa ez dela zigortzen: hemen garrantzitsuena da akatsaren aurrean ikasleak ea zein erantzun duen. Unibertsitateko metodologia tradizionalera gaude ohituta, non aukera mugatuak ditugun azterketa batera aurkezteko. Gure metodologian, igerilekua gainditzea lortzen ez baduzu, berriro saia zaitezke 42n sartzen. Ikasle askok bigarren aukera bat behar izan dute programan sartzeko, baina, orokorrean, hirugarrengo saiakera bat ez dute behar izaten.
“Igerilekua gainditzen duen orok plaza bat eskuratzen du ikasle bezala gure kanpusean”
Bestalde, hemen ez dago promoziorik, hau da, igerilekua gainditzen duen orok plaza bat eskuratzen du ikasle bezala gure kanpusean, eta behin barruan daudela beste ikasle guztiekin partekatzen dute bidea. Gauza da gure metodologiaren ondorioz ikasleek kideen lanak zuzendu behar dituztela, maila dena dela ere. Agian bi edo hiru maila altuagoko ikasle baten lana zuzentzea tokatzen zaizu, edo alderantziz. 360 ebaluaketa deitzen diogu, ebaluatzaileak ebaluatua ebaluatzen du, eta ebaluatuak ebaluatzailea.
Aipatu beharra dago ere, igerilekuaren kasuan bezala, ikasle zarenean akatsa ez dela zigortzen, ez dago azterketara aurkezteko deialdi kopuru jakinik. 30 aldiz azterketa berbera gainditzen saiatu diren ikasleak izan ditugu, baina azkenean lortu egiten dute. Garrantzitsua den beste ezaugarri bat da igerilekuak ez direla lehiaketa bat, hau da, 100 pertsonek parte hartzen badute eta guztiek probak gainditzen badituzte, guztiak sartzen dira programan.
Eta ba al dago guztientzako tokia?
Bai, gu Urduliz dorrean gaude. Gaur egun 192 ordenagailu ditugu, eta 250 ikasle. Kanpusa erabilgarri dagoenez astean zazpi egunez eta hogeita lau orduz, ez dira ikasle guztiak batera etortzen, eta beti izaten da ordenagailuren bat libre. Gainera, ikasle orok edozein ordenagailu erabil dezake, saioa hasi baino ez baitute egin behar. Beraz, momentuz ez dago arazorik zentzu horretan.
42ko metodologian nolakoak dira azterketak eta proiektuak?
Azterketak daude, baina ez dira irakaskuntza tradizionalekoak bezala, hau da, ikasleek ez dute orri zuri bat bete behar. Ariketak egin behar dituzte kodeen inguruan, kodeek funtzionatzea lortu behar dute. Gure formakuntza guztia praktikoa da, eta AA sortzailearen eta interneteko testuinguruan edonork aurkitu ditzake hortik erantzunak. Guk hemen bilatzen duguna ez da unibertsitatean bezala titulua atera nahi duen jendea, programatzen ikasteko gogoa eta motibazioa duen jendea baizik. Beraz, azterketak mailaz igarotzeko probak dira, hau da, maila oro igotzeko, guztiz praktikoa den azterketa bat gainditu behar da. Azken finean bestelako proiektu edo ariketa baten tankerakoak dira azterketak; hurrengo mailara pasatzeko gaitasunak barneratu dituztela ziurtatzeko modua dira.
Zergatik da onuragarria ikasleentzat metodo hau?
Nire ustez lehen aipatutako zeharkako gaitasunen eskuratzea unibertsitatean baino azkarragoa da. Bestalde, programatzaileek taldean egin behar dute lan, proiektu ezberdinetan eta produktuen garapenaren fase ezberdinetan. Beraz, kode baten garapenean, adibidez, idazkerak argia behar du izan, ondoren esku hartuko duen lankideak erraz uler dezan eta garapenarekin modu egokian jarrai dezan.
Hori da hemen sustatzen dena. Teoriarekin zerikusia duen guztia ezabatzen dugu eta hautaketa prozesua bera zeure burua neurtzeko proba bat da. Nik igerilekuaren hamabost egun burutu nituen zuzendari lanetan hasteko, eta esan dezaket esperientzia bitala dela; izan ere, ez zara beste kideen aurka lehiatzen ari, zure buruaren aurka baizik. Gaitasun horiek izatea ezaugarri oso positiboa da ikasleentzat. Enpresen aldetik gure ikasleekiko dagoen eskaera maila ikustea besterik ez dago.
"Igerilekua esperientzia bitala da; izan ere, ez zara beste kideen aurka lehiatzen ari, zure buruaren aurka baizik"
42 Urduliz Bizkaia sortu zenetik bost urte pasa dira, zer nolako balorazioa egiten duzu? Zein puntutan dago orain proiektua?
Bost urte hauetan nabari dugun zerbait da kanpusaren soziologia aldatu dela. Adibidez, kanpusa ireki zenean ikasle gehienak 30 urte baino gehiagoko pertsonak ziren, programazioa ikasi nahi zutenak eta hemen aukera ezinhobea ikusten zutenak. Aurretiko titulaziorik eskatzen ez dugunez eta graduatzerakoan kalitatezko lanbidea izateko aukera dagoenez, jende helduagoa etortzen zen hona ikastera. Hala ere, gaur egun ikasleen %52 30 urtez azpiko jendea da, hau da, 18, 20, 22 urteko gazte gehiago ari dira kontsideratzen 42 formakuntza nagusi bezala.
Gustuko dugun beste gauza bat da hemen graduatutako hainbat ikasle badaudela lurraldeko enpresa ezberdinetan lanean, zeinak gaur egungo ikasleen errekrutatzaile nagusiak diren.
Bestalde, gure gizarteko biztanleriaren piramidea iraulia dela ikusita, hau da, gizarte zaharkitu bat garela eta hor erronka demografiko bat dagoela ikusita, pasa den urtean Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera ekimen bat bultzatzea erabaki genuen. Langileentzako formakuntza bat eskaintzean datza. Orain hasi gara, hain justu, formakuntza lehen aldiz eskaintzen. Kasu honetan ez gara bi urteko formakuntza batez hitz egiten ari. Gure metodologia jarraitzen da, bai, baina 35-40 orduko formakuntzak dira, eta ordutegi jakin bat dago. Python lengoaia irakasteko igerileku bat da, 7 egunetan zehar burutzen dena. 18 enpresa ezberdinetako 43 langile ari dira parte hartzen, eta arrakastatsua izaten ari da. Haatik, urtea amaitu aurretik adimen artifizialeko bestelako formakuntzak ere eskainiko ditugu.
Etorkizunari begira, zein intentzio duzue?
Eduki berriak eskaini nahi ditugu. Orain Python eta AA eskaintzen ari gara, baita enpresetako langileentzako formakuntzak ere. Baina ideia da oraindik kontatu ezin diren eduki berriak eskaintzea, ekoizpen sektoreko behar teknologikoekin zerikusia dutenak.
Ikaslea laguntzen duzue lan munduan txertatzen?
Graduatu aurretik lagundu egiten diegu, maila jakin batera heltzen direnean. Lana bilatzeko tresnak izaten erakusten diegu, hala nola, curriculuma nola hobetu, elkarrizketetan zein jarrera izan edota froga teknikoak nola egin. Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean, lurraldeko enpresetako lan eskaintzetarako sarbidea bermatzen diegu ikasleei. Hots, hilabetero jasotzen ditugu enpresa ugariren bisitak, gure formakuntzaren nondik norakoak hobeto ezagutzeko nahiarekin, eta hemengo talentua hautemateko helburuarekin.