Etengabeko berrikuntza ikus-entzunezkoetan

‘Zinemaldia Startup Challenge’ lehiaketak hainbat ekintzaile zein enpresa erakartzen ditu urtero Zinemaldiaren testuinguruan. Antolatzaileek proiektu onenak erakartzea dute erronka nagusi

Iazko edizioko argazkia | Argazkia: Zinemaldia Iazko edizioko argazkia | Argazkia: Zinemaldia

Ikus-entzunezko sektorea eguneratzeko zein indartzeko asmoz, ‘Zinemaldia Startup Challenge’ lehiaketa gauzatzen du Donostiako Zinemaldiak, diziplinaren inguruko egitasmoak ezagutzera emateko. Sektoreari aplikatutako teknologia berritzaileen arloan enpresa eredu berriak ezagutzera ematea du xede lehiaketak, nazioarte mailan oihartzuna duena. 10.000 euroko saria jasoko du enpresa proiektu saridunak.

Ekintzaileen lehiaketa Zinemaldia & Technology ekimenaren baitan dagoen egitasmoa da, SPRIk eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustatzen duena. Gaur ospatuko da Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko Prisman, eta bertan aurkeztuko da lehiaketaren bostgarren edizioa; 2019an gauzatu zen lehena. Era berean, Zinemaldia & Technology topaketa 2018an sortu zen Zinemaldiaren apustu estrategiko gisa, teknologiaren eta ikus-entzunezkoen arteko loturak estutzeko zein zinemaren eta enpresa teknologikoen berrikuntzaren munduak hurbiltzeko xedearekin.

Zinemaldia & Technology ekimenaren koordinatzailea den Jose Manuel Ariasek egitasmoaren bilakaeraz hausnartu du: “Edizioz edizio jasotako izen-emateek unean-uneko punta-puntako teknologiak zeintzuk diren ikusteko aukera ematen digu”. Lehen edizioetan big data, blockchain edota errealitate birtuala aplikatzen dituzten proiektuak aurkeztu zirela dio, eta aurten metaversoa edo adimen artifiziala nabarmenagoak direla.

Zinemaldia & Technology topaketa 2018an sortu zen Zinemaldiaren apustu estrategiko gisa, teknologiaren eta ikus-entzunezkoen arteko loturak estutzeko zein zinemaren eta enpresa teknologikoen berrikuntzaren munduak hurbiltzeko xedearekin

Lehiaketak ekar dezakeen abantailari erreparatuta, "zinemaldiaren nazioarteko izaerak berezko erakargarritasuna du proiektuentzat”, adierazi du. Hau da, oihartzuna lortzeko aukera ona dela uste du, baita “kontaktu sarea” zabaltzeko ere. Hainbat enpresek aurrera egitea lortu dute lehiaketa burutu ostean. Ibilbide “arrakastatsua” izan dute Ariasen arabera. “Jaialdiak ematen dien ikusgarritasuna oso garrantzitsua da haientzat”, nabarmendu du.

Aurreko urteetan parte hartu duten kasuetako hiru dira FilmChain, Largo AI edota Kinetix. FilmChain proiektuak eduki sortzaileak, finantzarioak, salmenta konpainiak eta banatzaileak babesteko helburua du ikus-entzunezko sektorean, funtsen transferentzia, eskubideen kontrola eta ekoizpen bakoitzaren errentagarritasunaren ezagutza automatizatzen baititu horretarako. Bere aldetik, Largo AI egitasmoak film baten potentziala balioztatu dezake hasierako faseetan, baita gidoi mailan ere, eta ulermen aktuarialak eman ditzake hobetzeko. Azkenik, Kinetix start-upa da, bideoa editatze 11 milioi euroko inbertsioa lortu zuena.

Aurreko enpresen ibilbide hori jarraitzeko helburuarekin, bederatzi proiektuk hartu dute parte aurtengo edizioan: Europako bost egitasmok eta Espainiako lauk. Spanish Screenings: XXL ekimenaren esparruan, lehiaketa bi kategoriatan banatu da: espainiakoa eta nazioartekoa. Ekimen horrek Espainiako ikus-entzunezkoen ekoizpenerako nazioarteko posizioa indartzea du helburu, sektorean hub gisa duen rola indartzeko xedearekin. Testuinguru horretan, Donostia Zinemaldiak ’Spanish Screenings: Financing & Tech’ jarduera antolatzen du, mintzaldi eta mahai-inguruak gauzatzen direnak horretan. Adimen artifizialaren inguruko mahi ingurua gauzatuko dute gaur hori dela eta.

Ekintzaile zein enpresa

Kontuan hartu behar da teknologia berrietan oinarritutako ikus-entzunezko enpresa proiektu berriak proposatzen dituzten ekintzaileei eta start-up sortu berriei zuzenduta dagoela Zinemaldia Startup Challenge. Beraz, ekintzaile gisa zein enpresa moduan parte hartu daiteke lehiaketan eta, horrela, start-up batek aurkeztutako proiektu onenei zuzendutako 10.000 euroez gain, ekintzaile batek aurkeztutako proiektu onenari 3.000 euroko sari berezi bat emango diote antolakuntzatik.

Sarituak bilatzeko, erronkarik handiena Europako zein Espainiako proiekturik “onenak” erakartzea izan dela dio Ariasek. Zinemaldian parte hartzearekin “pozik” egotea eta ekitaldian dauden profesionalekin “harremanak” izatea lortzea du helburu horretarako. “Urtero sektore teknologiko, zinematografiko eta ekonomikoko profesionalak gonbidatzen ditugu”, jarraitu du. Jardunaldian parte hartu izan dezaten sustatu nahi du Ariasek, ostera beren “know-how” ekarpena egin diezaieten hautatutako proiektuei.

Sarituak bilatzeko, erronkarik handiena Europako zein Espainiako proiekturik “onenak” erakartzea izan dela dio Ariasek

Parte hartzaile guztiek jasoko dute Euskadiko Teknologia Parkeen Sarean dagoen BICetako inkubagailu batean doako sarbidea izateko aukera, baita proiektuak aurrera eramateko 500.000 bat euroko finantzazioa ere. Hori bai, finantzazio horretaz gozatzeko parte-hartzaileek Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea edo Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza soziala izatea ziurtatu behar dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK