• BERRIKUNTZA
  • Gaizka Tena: "Erronka digital hezitzailea, erakargarria eta eskuragarria sortu nahi dugu"

Gaizka Tena: "Erronka digital hezitzailea, erakargarria eta eskuragarria sortu nahi dugu"

Laboral Kutxaren berrikuntza taldeak LK Open Innovation Challenge egitasmoa abiatu du. 'Start-up' bat hautatuko dute, zeinak abendurako plataforma digital baten demo funtzionala sortu beharko duen, finantza erakundearekin elkarlanean

Gaizka Tena | Argazkia: utzita
Gaizka Tena | Argazkia: utzita
bb 20231002374563
EnpresaBIDEAko kazetaria
2025eko ekainaren 20a

Gazteak aurrezki eta inbertsioen mundura gerturatu nahi ditu Laboral Kutxak eta horretarako plataforma digital bat sortu nahi du. LK Open Innovation Challenge egitasmoaren bidez, start-up batek aukera izango du hiru hilabetez finantza erakundearekin elkarlanean aritzeko, plataforma digitala sortzeko azken helburuarekin. Hautagaitzak aurkezteko epea irekita dago jada. Programa honi buruzko nondik norakoak azaldu dizkigu Gaizka Tena Laboral Kutxako Berrikuntza taldeko kideak, baita finantza erakundearen talde horretan garatzen ari diren bestelako proiektuei buruzkoak ere.

 

Zein funtzio dituzue Laboral Kutxako berrikuntza-taldean?

Gure lana entzuten hasten da. Taldeei eta bezeroei aktiboki entzuten diegu, haien benetako beharrak ulertzeko. Ez gara protagonistak, bideratzaileak baizik: berrikuntza erakundearen barruan modu arinean ibiltzea laguntzen dugu. Esaten dugun bezala, bi belarri eta aho bat baditugu, entzun dezagun hitz egiten dugunaren bikoitza.

 

Hiru zutabetan oinarritzen gara: behar estrategikoak eta aukerak identifikatzea, ekosistemarekin zubiak eraikitzea (start-up-ak, unibertsitateak, beste enpresak), eta helburu argi eta partekatuak ezartzea. Gure eginkizuna pertsonak, ideiak eta gaitasunak konektatzea da, berrikuntza arlo guztietan ohiko praktika bihur dadin.

Eta hori guztia gertutasun-jarreratik egiten dugu. Ez gara erronka zehatz bat dagoenean soilik agertzen den taldea, denetarako gaude. Entzuteko, laguntzeko, gertu egoteko. Etxeko talde guztiak ezagutu nahi ditugu, haiekin aurrez aurre egon eta egunerokoan parte hartu. Konfiantzazko harremanak eraikiz bakarrik lor daitezke ideiak askatasunez partekatzea eta proiektu erreal bihurtzea.

Zein harreman duzue finantza-erakundeko beste sailekin?

Oso gertukoa. Erronka edo egitasmo bakoitza arlo jakin baten behar zehatz batetik sortzen da, partikularrak, teknologia, kanalak edo ordainketa bideak, adibidez, eta haiekin elkarlanean garatzen da. Baina, horrez gain, entzute aktiboko saioak antolatzen ditugu taldeekin, erronka zehatzik ez dagoenean ere. Gure eginkizuna harreman-taldea izatea da, etxeko pertsona guztiak ezagutzea, nola lan egiten duten eta zer kezkatzen dituen ulertzea. Haien taldeko kide gisa ikus gaitzatela nahi dugu, eta ez kanpotik berrikuntza aplikatzera datorren norbait bezala.

Erakundearen barruko aliatuetan oinarritzen gara, ikuspegia eta konpromisoa partekatzen dugun pertsonetan. Barneko sare hau funtsezkoa da berrikuntzak benetako eragina izan dezan. Konfiantza dagoenean, ideiak askatasun handiagoz partekatzen dira, eta horrek benetan gauzak gertatzea ahalbidetzen du.

Zertan laguntzen diezue edo zein helburu lortu nahi dituzue lankidetza honekin?

Erronkak modu berritzailean konpontzeko bide berriak aztertzen laguntzen diegu, metodologia arinak, teknologia berriak edo kanpo lankidetzak erabiliz. Gure helburua bikoitza da: Laboral Kutxaren eraldaketa bizkortzea eta berrikuntza-kultura zeharkakoa eta jasangarria izatea. Horretarako, egoera bakoitzera egokitzen dugun zerbitzuen katalogo moduko bat dugu. Batzuetan, sail batek dagoeneko dueen ideia bat aztertzeko laguntza eskatzen digu, beste batzuetan, ideiak hutsetik sortzea tokatzen zaigu. Merkatu-azterketak, bideragarritasun-analisiak, kontzeptu-probak edota bezeroekin balidazioa egiten ditugu. Garrantzitsuena da behar den tokian balioa ematea.

Gure berrikuntza-ekosistema asko lantzen dugu: bidean laguntzen diguten pertsona, start-up, unibertsitate eta inguruko eragile horiek. Gure berrikuntzako lagunak dira, eta haiei esker azkarrago joan, urrunago iritsi eta gehiago ikasi dezakegu.

Gaizka Tena: "Merkatu-azterketak, bideragarritasun-analisiak, kontzeptu-probak edota bezeroekin balidazioa egiten ditugu"

Zein proiektu dituzue une honetan esku artean?

LK Open Innovation Challenge proiektua da une honetan gure bandera-proiektua, baina, horrez gain, beste hainbat proiekturen gainean ere ari gara lanean, eta guztiak ilusio handiz. Horien artean, adimen artifizialaren gobernantza proiektua nabarmentzen da. Teknologia hori modu etikoan, garden eta gure balio kooperatiboekin bat eginez nola erabili aztertzen ari gara. Ez da AA erabiltzea soilik, ondo erabiltzea baizik.

Mondragon Unibertsitateko ikasgelak bultzatzen ere jarraitzen dugu: hausnarketa eta ikaskuntza partekaturako espazio irekiak dira, eta bertan jasangarritasuna, kriptotxanponak, bezeroekin harreman berriak edo lanaren etorkizuna bezalako gaiak lantzen ditugu. Gune irekiak dira, eta bertan ikasi egiten dugu, baina baita partekatu ere.

Eta, jakina, teknologia berriak esploratzen jarraitzen dugu, esperientzia digitalak berrantolatzen eta taldeei berrikuntza-prozesuetan laguntzen. Izan ere, proiektu txikienek ere hobekuntza-aukerak eskaintzen dituzte.

Zertan datza LK Open Innovation Challenge programa?

Start-up-ekin elkarlanean aritzeko hiru hilabeteko programa bat da. Denbora horretan, hautatutako start-up batek gure taldeekin elkarlanean lan egingo du, erronka estrategiko bati irtenbidea diseinatzeko eta baliozkotzeko. Edizio honetan, erronka da aurrezkia eta inbertsioa 18 eta 35 urte bitarteko gazteei hurbiltzea.

Programa arina, praktikoa eta benetako eragina izateko diseinatuta dago. Ez ditugu ideia abstraktuak bilatzen, baizik eta probatu, neurtu eta funtzionatzen badu, eskalatu daitezkeen irtenbideak. Elkarlan logika oso batetik abiatzen gara: start-up-ak ikuspegi freskoa eta arintasuna ematen ditu, eta guk sektorearen ezagutza, bezeroengana iristeko aukera eta ezarpen-gaitasuna eskaintzen dugu.

Zergatik erabaki duzue orain martxan jartzea?

Urteak daramatzagu Laboral Kutxaren barruan berrikuntza lantzen, kultura, prozesuak eta harremanak eraikitzen. Orain, energia hori kanpora zabaldu nahi dugu, ekosistema ekintzailearekin konektatu eta beste modu bateko egiteko moduetatik ikasi. Sektore finantzarioa eraldaketa betean dago, eta Laboral Kutxak asko du eskaintzeko bere eredu kooperatibotik. Programa hau modu bat da esateko hemen gaudela eta elkarlanean aritu nahi dugula, finantzen etorkizuna elkarrekin eraiki nahi dugula.

"Urteak daramatzagu Laboral Kutxaren barruan berrikuntza lantzen, kultura, prozesuak eta harremanak eraikitzen. Orain, energia hori kanpora zabaldu nahi dugu, ekosistema ekintzailearekin konektatu eta beste modu bateko egiteko moduetatik ikasi"

Nolako start-up-ak bilatzen dituzue? Zer baldintza bete behar dituzte?

Dagoeneko ibilbide bat egin duen start-up bat bilatzen dugu. Oraindik merkatuan finkatuta ez dagoena, baina balioztatutako zerbitzu edo irtenbide digitalak dituena. Talde tekniko propioa duena eta demo funtzional bat entregatzeko gaitasuna izan dezakeena. Ez dugu aurkezpen soil bat nahi, abenduan aplikazio bat izan nahi dugu, urtea hasterakoan balioztatzeko. Mondragon Unibertsitateko Inbertsio Klubaren babesleak gara eta otsaila aldera nahi dugu plataforma hori eurekin landu eta trasteatu. Bereziki baloratzen dugu aurrez finantza sektorean edo hezkuntza finantzarioan, gamifikazioan edo erabiltzaile esperientzian esperientzia izatea. Baina baldintza teknikoetatik harago, jarrera bilatzen dugu, elkarlanean aritzeko gogoa, elkarrekin ikasteko prestasuna eta pertsonentzat zentzua duen zerbait eraikitzeko ilusioa. Azken batean, ez dugu irtenbide bat bakarrik bilatzen, harreman bat baizik.

Orain gutxi ireki duzue izen-ematea, eta uztaila amaieran hautatuko duzue start-up irabazlea

Uztailaren 4ean itxiko da deialdia eta uztailaren 15ean start-up day bat egingo dugu Bilboko BAT dorrean. Bertan guk hautatutako bost start-up onenak euren proposamena azalduko dute Laboral Kutxako talde handi baten aurrean. Gero, horietako bat aukeratuko dugu, eta irailean hasiko da hiru hilabeteko programa.

Zenbat hautagaitza espero dituzue?

50 eta 100 start-up artean aurkeztea espero dugu.

Plataformaren azken helburua da aurrezkia eta inbertsioa gazteengana hurbiltzea. Uste duzue belaunaldi berriek urrun ikusten dutela mundu hori?

Bai, urrun, konplexu eta erakargarritasunik gabe ikusten dute, eta hori arazo bat da, aurrezkia eta inbertsioa etorkizun autonomo eta segurua eraikitzeko tresna gakoak direlako. Gazteek jakin beharko lukete nomina bat ulertzen, euren dirua non dagoen ikusten, hipoteka bat sinatzeak zer dakarren eta bestelako inbertsio erabakiak ulertzen. Horregatik, erronka digital hezitzailea, erakargarria eta eskuragarria sortu nahi dugu. Gazteek aurrezkia eta inbertsioa erabilgarri, ulergarri eta beren errealitatera egokituta ikustea nahi dugu. Gakoa hizkuntzan, diseinuan eta esperientzian dago: mobile-first, onboarding arina, laguntza ez-intrusibo, eta, batez ere, enpatia.

Irtenbide berriak modu arinean balioztatu nahi ditugu, datu errealekin ikasi eta eskalagarritasunari buruzko erabaki informatuak hartu. Era berean, gure lankidetza-sarea sendotu, ate berriak ireki eta berrikuntza-kultura partekatua eraikitzen jarraitu nahi dugu. Programa hau konektatzeko, ikasteko eta probatzeko aitzakia bat da, eta pertsonen bizitza hobetzen duen irtenbide bat sortzen bada, are hobeto.

Abenduan demo digital bat edukitzea da aurreikusten duzuena?

Demo funtzional bat lortzea espero dugu, irtenbidearen bideragarritasun teknikoa, negozioarena eta erabiltzaile-esperientziarena ebaluatzeko aukera emango diguna. Baina emaitza zehatzetik harago, ikaskuntza, konexioa eta kultura bilatzen ditugu, berrikuntza erakunde osoan egiteko modu bihurtzea. Eta dena ondo badoa, hau izan dadila lehen edizioa, baina ez azkena. Zentzuz, pertsonekin eta helburuarekin egiten diren gauzak errepikatzeko modukoak izaten dira beti.

Dena den, programaren helburua demo bat lortzea bada ere, proiektuak aurrera jarraituko du. Otsailean hasiko gara demoa balioztatzen eta gero ikusiko dugu proiektuarekin nola jarraitu. Helburua azkenean start-up batekin harremana hastea da, baina gerora harremanak luza daiteke.