Genero aniztasunak berrikuntzari mesede egiten diola aldarrikatu dute Donostian

Zientzian eta teknologian genero berdintasuna aztertzeko eta egungo paradigma aldatzeko jardunaldia antolatu du Emakundek Miramar jauregian. Adituen artean, Londa Schiebingerrek eman du hitzaldia, eta Gendered Innovations proiektua azaldu du

Londa Schiebingeren hitzaldia gaur Miramar jauregian | Argazkia: EnpresaBIDEA Londa Schiebingeren hitzaldia gaur Miramar jauregian | Argazkia: EnpresaBIDEA

Zientzia eta teknologia arloan genero berdintasuna izan dute hizpide gaur Donostiako Miramar jauregian Emakundek antolatutako jardunaldian. Hainbat mahai inguru eta hitzaldi eman dira, eta tartean, Londa Schiebinger adituak parte hartu du. Schiebinger Stanfordeko Unibertsitatean John L. Hinds katedraduna da Zientziaren Historian, eta Gendered Innovation in Science, Health & Medicine, Engineering and Environment ikerketa-arloaren sortzailea ere bada.

Ikerketa askoren arabera, berrikuntzan aurrerapen handiagoak egiten dira erabakiak hartzerako garaian genero aniztasuna dagoenean, izan ere, "soluzio berritzaile eta eraginkorragoak" lortzen dira gizon eta emakumeen partaidetza parekatzen den heinean. Halaber, gaurko jardunaldian gizon eta emakumeen artean aukera berdintasuna bermatu ahal izateko, besteak beste, berrikuntza, hezkuntza, finantzazioa, baliabideen eskaintza eta babes sareak sortzea kontuan hartu behar direla aldarrikatu dute.

Schienbingerrek ibilbide profesional oso bat darama afera honen inguruan ikertzen. Gendered Innovations proiektua sortu zuen 2009an Europako Batzordea, Estatu Batuetako National Science Foundation eta Stanfordeko unibertsitatearen laguntzarekin, eta mundu osoko ingeniari eta zientzialariak batzea du xede, genero ikuspegia euren ikerketa metodoetan txertatu dezaten.

Ikerketa askoren arabera, berrikuntzan aurrerapen handiagoak egiten dira erabakiak hartzerako garaian genero aniztasuna dagoenean

Hala, adituaren arabera, orain arte genero berdintasuna lortzeko hiru estrategia erabili dira: “zenbakiak konpontzea edo fix the numbers”, emakumeak gutxiengoa diren taldeetan euren presentzia areagotzea, instituzioak konpontzea edo fix the institutions, antolakuntza handietan egitura aldaketak egitea eta hirugarrena, ezagutza konpontzea edo fix the knowledge da, hau da, teknologia nahiz zientzia ikerketetan sexua eta generoa txertatuz ezagutza nolabait "estimulatzea".

Azken kontzeptuan zentratu da batik bat Schienbinger gaurko hitzaldian. “Instituzio asko lehenengo zenbakiak konpontzen saiatzen badira ere, zenbakiak konpondu baino lehenago ezagutza konpondu behar da”, azaldu du.

Zergatik da beharrezkoa genero ikuspegia berrikuntza ikerketetan?

Askotariko esparrutan egindako ikerketak azaldu ditu adituak, eta genero arrakala agerian uzten dituen zenbait adibide azaldu nahi izan ditu. Esaterako, Schienbingerren arabera, Googlen bilatzailean lana bilatzerakoan, gizonek emakumeek baino bost aldiz aukera gehiago dituzte maila handiagoko eta ordainsari altuagoko lan baten eskaintza jasotzeko. Zergatik gertatzen da hau? galdetzen du ikerlariak, Googlek ez luke halakorik egiteko intentziorik eduki beharko. Gakoa data eta bilaketa algoritmoetan dagoela dio Schienbingerrek.

Googlen bilatzailean lana bilatzerakoan, gizonek emakumeek baino bost aldiz aukera gehiago dituzte maila handiagoko eta ordainsari altuagoko lan baten eskaintza jasotzeko

"Estatu batuetan, gizonei lan esparruan %20 gehiago ordaintzen zaie batez beste" gogoratu du adituak. Faktore asko hartu behar dira kontuan, baina ikerketa arloan, eta bilatzaileei dagokienez, algoritmoak iragarkia pertsona egokiari ailegatzeko diseinatua daude, eta honek genero arrakala betikotzen duela azaldu du. Izan ere, algoritmoak gizonak lehenesteko diseinatuta daude. Baina, ingeniariak nahiz zientzialariak hortaz ohartu diren unean, konponbide bat dagoela ikusi da, eta datuen kudeaketa bilakatu da giltzarri. Horren harira, datuen kudeaketa edo big data horren atzean dagoena azaldu nahi izan du Schienbingerrek, datu horiek munduko biztanle osoaren %4ean oinarrituta daudela soilik nabarmenduz.

Intersekzionalitatearen arazoa

Sexua, generoa, etnia, adina, egoera sozioekonomikoa edota herrialdea bezalako ezaugarriak beste esparru batzuekin nola uztartzen den eta horien artean sortzen diren desberdintasunak aztertzen ditu intersekzionalitateak. Hala, edozein ezaugarri dituen pertsonak kontua hartzeko berrikuntza funtsezkoa dela uste du ikerlariak, teknologiak kontuan hartu dezan, ez bakarrik gizon zuriak, baizik eta emakumeak edo beste egoera batzuetako pertsonak. Pertsona transgeneroak ere aipatu ditu adituak, hauek ere ez baitira ondo identifikatzen egungo teknologian.

Intersekzionalitatea aztertzerako garaian hainbat faktore zerrendatu ditu ikerlariak eta ondoren, Applek erabiltzen dituen faktoreen zerrenda erakutsi du. Applen kasuan esaterako, sexua, arraza, nazionalitateaz gain, atentzioa ematen duena zera da handedness izeneko faktorea hartzen dutela kontuan, hau da, erabiltzailearen esku ona zein den. Izan ere, hor ere existitzen da ezkerrak direnen kontrako diskriminitatea, produktu gehienak eskubientzako egiten direlako. "Ikerlari bakoitzak bere produkturako egokienak diren faktoreak aukeratu behar ditu", kontatu du Schienbingerrek.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK