• BERRIKUNTZA
  • Ikerlan eta Aldakin elkarlanean lantzen ari dira robotika kolaboratibo mugikorra

Ikerlan eta Aldakin elkarlanean lantzen ari dira robotika kolaboratibo mugikorra

Plataforma robotiko askoren arteko lankidetza ahalbidetzeko SIAM proiektua garatzen ari dira

Argazkia: Ikerlan
Argazkia: Ikerlan
2025eko ekainaren 2a - 12:12

Ikerlan zentro teknologikoa eta Aldakin doitasunezko robotikan espezializatutako enpresa nafarra elkarrekin ari dira lanean helburu izanik sistema robotiko komertzialen gaitasunak garatu eta hobetzea. Estatu mailako zein nazioarteko eragileekin egindako zenbait proiekturen bitartez, biak ala biak robotika kolaboratiboaren eta mugikorraren sektorearen “buru dira”.

 

Orain martxan duten proiektuak SIAM du izena, zeinak, bi enpresen esanetan, “jauzi kualitatiboa ekarriko” duen. Egitasmoari esker karga astunak edo tamaina handikoak multzotan garraiatu ahalko dira, modu koordinatuan lan egin dezaketen zenbait plataforma robotikoren arteko lankidetzari esker.

Ez da elkarlanean egiten duten lehen proiektua, ordea. Izan ere, CoMAr eta HERON izeneko proiektuekin egin zituzten lehen probak. CoMAr-en bidez, giza langileekin lan egingo zuen manipulatzaile robotiko mugikorra sortu zuten; robotaren helburua zen lanean segurtasuna eta efizientzia hobetzea, kontrol aurreratuko sistema bati esker.

 

HERON proiektuarekin eman zioten jarraipena: robota modu seguruan mugitzeko adimen artifiziala erabili zen, hain zuzen, AAn oinarritutako nabigazio autonomoko gaitasun aurreratuak txertatu baitzitzaizkion.

Hala, zentro teknologikoak garatutako berrikuntzei esker, makinek “funtzio estandarrak gainditzen dituzte”, gaitasun aurreratuak dituzte erabaki autonomoak hartzeko eta gai dira egoera ezezagunetara denbora errealean egokitzeko; horrek guztiak ahalbidetzen du langileek modu “seguruagoan” eta “eraginkorragoan” lan egitea, robotek ez baitute lantegian zehar pertsonekin edota oztopoekin talka egingo.

Gorka Sorrosal Ikerlaneko kontrol adimenduneko eta robotikako ikertzailea da Aldakinekin lankidetzan garatutako proiektuen arduradun, eta berak adierazi du hiru proiektuek “bilakaera koherentea eta progresiboa” erakusten dutela ingurune industrialetara aplikatutako robotika mugikor adimendunaren eremuan, eta gaineratu du garrantzia eman diotela robota izatea pertsonetara automatikoki egokitzen dena.