7.000 bat hizkuntzaren jabe den mundu batean bizi gara, baina Googlek 200 inguru dakizki soilik; Amazonek are gutxiago, hamar besterik ez. Ingurune digitalak geroz eta pisu handiagoa duen gizartean, mundu osoko hizkuntza txikienak sarean bere lekua egiteko borrokan ari dira, hizkuntza hegemonikoek baino traba gehiago dituztelarik. Hizkuntzok ondo dakite euren biziraute eta normalizaziorako, kale eta etxeetan izateaz gain, arlo digitalean ere ukalondoa atera beharra dutela.
Horretarako sortu zen, besteak beste, Ilenia izeneko proiektua. Espainiako Estatuan hitz egiten diren hainbat hizkuntza ofizialek adimen artifizialean oinarritutako teknologietan aurrera egin dezaten. Egitasmoak helburu du hizkuntza ekonomia berriari bultzada ematea adimen artifizialari esker, eta baliabideak eskaini nahi ditu proiektu digitalak sortzeko.
Proiektu horren parte da EHUren HiTZ Zentroa, Bartzelonako Superkonputazio Zentroarekin, Alacanteko Unibertsitatearen Adimen Digitaleko Zentroarekin eta Santiago de Compostelako (Galiziako) Unibertsitatearekin batera, eta gaur Donostiako Miramar Jauregian hizkuntzen teknologiaren gaineko topaketa antolatu du.
Bertan izan dira Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Igone Zabala EHUko Euskara eta Hizkuntza Plangintzako errektoreordea. Aldasorok jardunaldiaren hasierako hitzaldian gogoratu du “aurrekaririk gabeko eraldaketa” bizi dugula, eta “iraultza teknologikoaren erdian ez dugula ahaztu behar hizkuntzak egiten gaituela gizaki". Horren harira, adierazi du "euskarak teknologian egon" nahi duela, eta horretarako ez dela nahiko “teknologia itzultzea”, baizik eta teknologia “sortu” behar dela.
Ilenia egitasmoak helburu du hizkuntza ekonomia berriari bultzada ematea adimen artifizialari esker, eta baliabideak eskaini nahi ditu proiektu digitalak sortzeko
Adimen artifizialari lotutako proiektuen sortze horretan laguntzera etorri da Ilenia, eta bere baitan jaiotako zenbait proiektu azaldu dituzte gaur goizeko ekitaldian. Izan ere, bertaratutako adituek azpimarratu dute hizkuntza bat bera ere ezin dela geratu iraultza honen atzean. Besteak beste, Galizia, Katalunia eta Valentziako adituak izan dira jardunaldian, eta Espainiako Estatuko hizkuntzaren teknologien ekimen publiko nagusiak aurkeztu dituzte: Espainiako Estatuko ILENIA/ALIA, Euskal Autonomia Erkidegoko GAITU, Kataluniako AINA, Galiziako NóS eta Valentziako VIVES.
Latxa, euskarazko ahotsak eta 'fact checking' plataformak
Ondoren, ILENIA proiektuaren baitan garatutako hainbat proiektu esanguratsuenetako batzuk azaldu dituzte. Proiektu horiek guztiak HiTZ Zentroak garatutako Latxa hizkuntza ereduan oinarrituta daude. Eneko Agirre HiTZ Zentroko zuzendariak eman ditu Latxaren inguruko xehetasunak. Ikerketa proiektu gisa abiatu bazen ere, dagoeneko erabilgarri dago sarean, lizentzia irekia du, eta ingelesezko ereduetan oinarrituta egonda ere, ereduak euskaraz erabiltzeko pentsatu dira.
HiTZ Zentroko Inma Hernaezek AhoMyTTS egitasmoaren gainean hitz egin du. Kalitate handiko ahots sintetiko pertsonalizatuak lortzeko plataforma eta aplikazioa da, ahozko komunikazioa gauzatzeko zailtasunak dituztenei zuzendua. Agirrek azaldu du testua ahots bihurtzeko teknologien munduan, askotariko ahotsak sortzeko software gutxi dagoela, eta HiTZ Zentroaren ahalegina izan dela ahotsen pertsonalizaziorako teknikak hobetzea. AhoMyTTSren bidez, ahotsak euskaraz, gaztelaniaz, katalanez eta galegoz sortu daitezke.
Aitor Aldasoro (Eusko Jaurlaritza): “Iraultza teknologikoaren erdian ez dugu ahaztu behar hizkuntzak egiten gaituela gizaki"
Iker Garcia eta Abraham Morales gazteek Sevillako Surlabs enpresak sortutako Checkeapp plataforma aurkeztu dute, zeinak Latxa hizkuntza eredua duen oinarri. Checkeapp fact checking plataforma bat da. Hots, sarean irakur daitezkeen notizien benetakotasuna adimen artifizialaren bidez egiaztatzeko espazio digitala. Checkeappen erabiltzaileak edozein kontsulta egin dezakete. Plataformak, lehenengo, zenbait galdera egiten ditu, ondoren, informazioa pilatu, eta, azkenik, informazioa eskaintzen ditu, hura eskuratzeko iturriak aipatuta.
Beste ekimen batzuk
Ilenia proiektuaren babespean eratutako beste hainbat proiektu ere ezagutu ahal izan dira jardunaldian zehar. Besteak beste, Ametzagaiñak sortutako “kazetari laguntzailea”. Informazioa bilatu, sortu eta transkribatzeko plataforma da, eta hiru atal nagusi ditu: albisteetan oinarritutako hemeroteka, testu-sortzailea eta elkarrizketen transkripzio automatikoa.
LKSk Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren (GAO) bilaketak errazteko adimen artifizialeko teknologia aurkeztu du. Orai NLPk BlokLM koaderno adimenduna, erabiltzaileei beren dokumentuak antolatzen, ulertzen eta laburtzen laguntzeko diseinatua dagoena. Azkenik, Natural Speech enpresak larrialdi deiak egiterakoan komunikazioa eleaniztuna erraztuko duen teknologia aurkeztu du, zeinak helburu duen deia egiten duen erabiltzailearen esperientzia hobetzea.