• BERRIKUNTZA
  • Irune Palacios: “Euskararen presentzia digitala indartu daiteke GrALeko metodologiarekin"

Irune Palacios: “Euskararen presentzia digitala indartu daiteke GrALeko metodologiarekin"

TFG Mondragon Sarietako Euskarazko proiektu onenaren egilearen iritziz, euskararen aldeko horrelako ekimenak bultzatzea oso garrantzitsua da eta ez du baztertzen etorkizunean horrelako proiektuetara bueltatzea

Palacios, Mondragon Saria jaso berritan | Argazkia: utzitakoa
Palacios, Mondragon Saria jaso berritan | Argazkia: utzitakoa
Julen Borreguero Fernandorena
2026eko urtarrilaren 7a - 05:30

Irune Palacios Leioan jaiotako Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle ohia da, 2025eko ekainean amaitu baitzituen ikasketak. Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Informatikaren Ingeniaritzako Graduari amaiera emateko, Euskarazko Medikuntzaren Domeinuko Lehenengo Corpus Sintetikoaren Sorrera: Metodologia eta Hastapenak izenburu gisa duen Gradu Amaierako Lana burutu zuen, eta TFG-TFM Mondragon Sarietara aurkeztu. Aurkeztu eta irabazi, Euskarazko proiektu onenaren Eika saria, zehazki. Epaimahaiaren balorazioaren arabera, “proiektu honek bikaintasun akademikoa ez ezik, gure hizkuntza eta kulturarekiko konpromisoa eta ezagutza euskaraz eraikitzen jarraitzeko grina erakusten du”.

 

Zertan datza zure proiektua?

Lehenik eta behin, ikuspegi bat emango dut proiektua kokatzeko. Gaur egun, medikuntzan espezialitatutako hizkuntza eredu handiak sortzen ari dira, baina horien garapena baliabide asko dituzten hizkuntzetara bideratuta dago, esate baterako, ingelesa eta gaztelania. Azken finean, hizkuntza horiek datu ugari dituzte mota horretako modelo handiak entrenatzeko. Euskararen kasuan, ez da sortu oraingoz medikuntzan espezializatutako hizkuntza eredu handirik. Hori lortzeko, beharrezkoa izango litzateke datu multzo handi bat izatea, medikuntzaren domeinukoa. Gaur egun ez da existitzen horrelako datu multzo edo corpus bat.

 

Beraz, nik, proiektu honetan euskarazko medikuntzaren domeinuko lehenengo corpus sintetikoa sortzeko metodologia bat sortu dut, eta prozesu horren hastapenak finkatu ditut. Corpusa sintetikoa dela esaten dugu hutsetik sortuko delako, hau da, ingeleseko eta gaztelaniazko testu medikuak euskarara itzuliz.

Nola bururatu zitzaizun gai hori lantzea zure GrALean?

Nire irakasleek proposatu zidaten. Haiek Hizkuntza Teknologia Zentroko (HiTZ) ikertzaileak dira, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasleak izateaz gain. Hizkuntza teknologietan dabiltza lanean, batez ere, euskararen eta medikuntzaren domeinuetan. Graduko hirugarren mailan hasi nintzen haiekin praktika batzuk egiten, Ikasiker izeneko bekari esker, eta azken ikasturtean zehar, nire GrAL-aren ideia zehazten eta fintzen joan ginen.

"Hasieran nahiko kostatu zitzaigun helburuak edota ikuspegi nagusia definitzea, izan ere, hainbeste dago ikertzeko eta hainbeste sakondu daiteke gai honetan, zaila egin zitzaigula hura zehaztea"

Zein zailtasun nagusi izan zenituen proiektua garatzerako orduan? 

Hasieran nahiko kostatu zitzaigun helburuak edota ikuspegi nagusia definitzea, izan ere, hainbeste dago ikertzeko eta hainbeste sakondu daiteke gai honetan, zaila egin zitzaigula hura zehaztea. Uste dut horrelako ikerketa handi batean oso erraza dela norabidea galtzea, xehetasun txikietan gehiegi zentratzea edo lanean zehar agertzen diren ikerketa lerro berrietan sakondu nahi izatea, baina, azkenean, horrelako gauzek ikerketak lotura edo kohesio falta izatera ekartzen dute. Horregatik saiatzen nintzen noizean behin helburuak eta hasieran planteatutako ikerketa galderak errepasatzen, eta beti argi edukitzen zein zen nire amaierako helburua eta zer lortu nahi nuen zehazki.

Eta zein izan da denbora gehien hartu dizun fasea?

Esperimentazioa. Ikerketa lana izanik, proba asko eta asko eraman ditut aurrera eta garrantzitsua izan zen, gainera, proba horiek ondo planifikatzea, GrAL-a egiteko denbora jakin bat dagoelako eta lana entregatu behar nuelako. Beraz, nire ustez, horrek hartu zidan denbora gehiena.

"Lortutako ondorio nagusia izan da ebaluatutako itzultzaileetatik HiTZ-ek garatutako bi itzultzaile elebidun, bata ingelesetik euskarara eta bestea gaztelaniatik euskarara, izan direla hoberenak"

Zeintzuk dira lortu dituzun emaitza nagusiak? Bilatzen ari zinen emaitzak lortu dituzu?

Lortutako ondorio nagusia izan da ebaluatutako itzultzaileetatik HiTZ-ek garatutako bi itzultzaile elebidun, bata ingelesetik euskarara eta bestea gaztelaniatik euskarara, izan direla hoberenak. Hori zen printzipioz espero genuena, bi itzultzaile horiek euskaraz eta medikuntzaren domeinuan berariaz entreinatuak izan direlako. Baina, adibidez, proiektuan bi ebaluazio mota egin dira gaztelaniatik eta ingelesetik euskararako itzulpenen kalitatea neurtzeko. Ebaluazio horietako bat hitzkuntza eredu handien ebaluazioa izan da. Guk, hor, emaitza nahiko onak espero genituen eta egia esan aldakorrak izan dira orokorrean. Beraz, ezin dugu esan orainidik hizkuntza eredu handien ebaluazioa egokia edo fidagarria denik.

Zer nolako ekarpena egiten dio zure lanak euskarazko baliabide digitalen edo hizkuntza-teknologien esparruari?

Orokorrean, euskarazko baliabide digitalak gutxi dira. Medikuntzaren arloan, adibidez, euskarazko datu multzo gutxi daude eta txikiak orokorrean. Beraz, nire lanean proposatutako metodologiari jarraituz, euskararen presentzia indartu daiteke esparru digitalean; ez bakarrik medikuntzaren domeinuan, bazik eta beste domeinu batzuetan ere. Izan ere, metodologia hau beste domeinu batzuetan ere aplikatu daiteke. Horrez gain, egia da beste hizkuntza batzuetara ere zabaldu daitekeela metodologia hau.

"Enpresaren mundua ere ezagutzeko gogoa daukat orain, baina ziur nago HiTZ-eko kideek nire proiektuak utzitako ikerketa lerroetan sakontzen jarraituko dutela"

Proiektua garatzen jarraitzeko intentzioa duzu? 

Enpresaren mundua ere ezagutzeko gogoa daukat orain, baina ziur nago HiTZ-eko kideek nire proiektuak utzitako ikerketa lerroetan sakontzen jarraituko dutela eta euskarazko medikuntzaren domeinuko lehenengo corpus sintetiko hori osorik eratzea lortuko dutela. Falta dena nik ateratako itzultzaileen bidez masiboki ingelesezko eta gaztelaniazko testuak euskaratzea da. Horrez gain, nik esperientzia bikaina izan nuen hor lanean, eta nire kideekin harreman bikaina izaten jarraitzen dut, beraz, espero dut azken berrien jakinaren gainean edukiko nautela. Baina, bueno, nire ustez euskararen aldeko horrelako ekimenak bultzatzea oso garrantzitsua da, eta ez dut baztertzen etorkizunean horrelako proiektuetara bueltatzea.

Zer ikasi duzu proiektu honetatik? 

Profesionalki lan honek gehien interesatzen zaidan informatikako alorrean sakontzea ahalbidetu dit, hau da, Adimen Artifizialean, ikasketa automatikoan eta ikasketa sakonean zehazki. Bestalde, nire graduarekin lotutako gaiez gain, proiektuak espero ez nuen beste jakintza arloetan murgiltzera eraman nau. Argi dago, medikuntza, alde batetik, baina baita itzulpengitza ere. Proiektu hau garatu baino lehen ez nuen inoiz pentsatu gauza bera hizkuntza batetik bestera itzultzerakoan hainbeste modu ezberdin egon ahal zirenik. Horrek harritu egin nau pixka bat.

Pertsonalki, HiTZ-eko kideekin lanean aritzea, horrelako proiektu handi bat nire kabuz eramatea erabakiak hartuz, Ikergazte izeneko kongresu batean parte hartzea nire GrAL-aren zati batekin eta Mondragoneko TFG-TFM sarietan egon izanak hazten lagundu didaten esperientziak izan dira.

Zergatik da garrantzitsua horrelako lehiaketetan parte hartzea? 

Ez da ezer kostatzen eta eguna pasatzeko plan ona da. Profesional asko eta haien proiektuak ezagutzeko aukera izan nuen, nire kontaktu sarea handitu nuen. Gainera, lan merkatura gerturatzeko aukera izan genuen. Kooperatiba batzuetara bisita egin genuen, nire kasuan Bexen izeneko kooperatiba batera. Ekitaldi osoan zehar, egia esan, aparteko giroa egon zen, musika eta guzti. Parte hartzaileen arteko gertutasuna ere nabaritu zen eta oso ondo pasatu nuen. Gainera, sariarekin, niretzat egun borobila izan zen eta zalantzarik gabe gomendatuko nuke.

"Egindako lan guztiaren ondoren horrelako saria jasotzea gradua bukatzeko modu ezinhobea da eta oso pozik nago"

Saria irabaztea espero zenuen? 

Ez nuen espero. Gainera, euskarazko proiektu onenaren Eika saria transbersala zen, edo zeharkakoa beste kategoriekiko. Orduan, nik egun osoa eman nuen osasunaren kategoriako kideekin, haien proiektuak entzuten, etab. Baina ez nituen ezagutzen euskarazko sariaren gainerako finalistak. Orduan, ezer espero gabe joan nintzen eta sorpresa hartu nuen. Oso harro nago, eta oso eskertuta Mondragonekin eta Eikarekin horrelako ekimenak antolatzeagatik, euskara sustatzen dutelako eta ikasle eta ikertzaileen lanaren balioa azpimarratzen dutelako. Egindako lan guztiaren ondoren horrelako saria jasotzea gradua bukatzeko modu ezinhobea da eta oso pozik nago.

Zergatik erabaki zenuen ikasi duzun gradua ikastea?

Txikitatik nuen argi. Txikitatik gustatu izan zaizkit bideojokoak, adibidez. Gero, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan robotikan ibili nintzen eskolaz kanpoko ekintza bezala eta oso ondo pasatzen nuen. Gainera, Batxilergoko lehenengo mailan Estatu Batuetan izan nintzen beka batekin. Han, programazio ikasgai bat eduki nuen eta nire ikasgairik gustukoena izan zen urte hartan. Hortik aurrera nahiko argi izan nuen gradu hau ikasi nahi nuela.

Etorkizunean non ikusten duzu zure burua?

Oraindik ideia zehatzik ez daukat, baina, lehen esan dudan moduan, Adimen Artifizialeko alorrean lanean aritzea da gehien interesatzen zaidana. Baliteke atzerrian egonaldi bat ere egitea, izan ere, nire ustez, pertsonalki eta profesionalki hazten jarraitzeko aukera ona da, beti ere nondik natorren gogoan edukiz eta euskararen alde eginez.