Datuen analitika aurreratuak bide ugari zabal diezazkieke enpresei. Besteak beste, euren informazio guztia aztertu eta prozesu efizienteagoak abiatzeko aukera eskaintzen dute. Eta talentuaren kudeaketan ezinbesteko tresna bilakatu daitezke. Horretaz asko dakite Izaskun Orive Kopuruko negozio garatzaileko adituak eta Iñigo Echevarria Kopururekin elkarlanean aritzen den aholkulari teknologikoak. Hain zuzen, gaiaz solastu berri dira atzo eginiko BBK Trends Forumaren testuinguruan. Eta EnpresaBIDEArekin ere partekatu dituzte haien hausnarketak.
Zer ahalbidetzen du analitika aurreratuak?
Izaskun Orive (I.O.): Analitika aurreratuaren eta horretan aritzen direnen helburua da enpresa batek dituen datu guztiak hartzea —datu baseak, sentsorika...—, kozinatzea, logika aplikatzea eta emaitza batzuk ateratzea. Ereduak ere entrenatu daitezke etorkizunera begirako adibideak lantzeko. Eta ikusten ari gara enpresek geroz eta behar handiagoa dutela hori aplikatzeko erabakiak hartzerako garaian. Izan ere, merkatua geroz eta lehiakorragoa da.
Iñigo Echevarria (I.E.): Analitika aurreratua, adimen artifiziala, machine learning eta hain modan dauden bestelako hitzak erabiltzen ditugu. Baina den-denek teknologien ekosistema osatzen dute eta matematikak dituzte abiapuntu. Gaur ahalbidetzen digute datu kopuru zabal bat aztertzea, eta erabaki efizienteagoak hartu ahal izatea, ikuspegi holistiko edo zabalago batekin.
Datuen esparrua oso azkar doa. Gai izaten ari gara potentzialtasun guztia aprobetxatzeko?
I.E.: Ni aritutako industrian —automozioa, eta adimen artifiziala— ikusi dut enpresak nola egokitzen diren mota honetako teknologietara. Teknologiak gora egin du, are gehiago pandemiatik, eta zailtasunak daude enpresetan horretara egokitzeko, bai aldaketa kultural teknologikora, bai teknologietara ere, barne- zein kanpo-zerbitzuen eskaeran. Horregatik proiektu asko abiarazten dira porrot egingo dutenak kondizio hori ez betetzeagatik.
Izaskun Orive: "NASAko ingeniari aeroespaziala kontratatu dezakezu, baina bera distiratsu izan dadin kulturalki prest ez dagoen ekosistema baten txertatzen baduzu, ez duzu bilatzen duzuna lortuko"
Nola lagundu dezake datu aurreratuen kudeaketak talentua erakarri eta kudeatzerako garaian?
I.O.: Talentu kontzeptuarekin zeharo nahasita gaude. Beharrezkoa da kontzeptu hori deseraikitzea. NASAko ingeniari aeroespaziala kontratatu dezakezu, baina bera distiratsu izan dadin kulturalki prest ez dagoen ekosistema baten txertatzen baduzu, ez duzu bilatzen duzuna lortuko. Talentua talentu askoren arteko gehiketa da: zure erakundeak eraldaketa kultural bati egokitzeko duen gaitasuna da; zure beharrak zeintzuk diren eta horiei erantzuteko bilatzen ari zaren profila identifikatzeko duzun abilezia da; adimen artifizialean oinarrituriko zein soluziok lagundu dakizukeen atzemateko ahalmena da. Garatu beharreko talentu asko dago, erakundeen barnean zein kanpoan.
I.E.: Enpresa batek esaten duenean talentua bilatu nahi duela, esaterako, recruiting enpresa baten bitartez, askotan hautagairik onena enpresa barnean izaten du. Geure kulturan hain barneratuta dugun pentsamendu horrekin ere hautsi behar da. Enpresa barnean teknologiari loturiko gaitasun teknikoak dituen pertsona bat baduzu, zergatik ez duzu besterik gabe formatzen? Kanpoko norbaitek hitz egin dezakeen hizkuntza berdina hitz egin dezake. Sinergia hori ere aldatu behar da. Zenbaitetan entzun ohi dut: goazen datuen analista onena kontratatzera. Baina ondoren ez dute ezer antolatuta. Kanpotik norbait ekarri izanagatik ere ez du barruko jendea ulertuko. Eta hala proiektuak hil egiten dira. Beraz, ezeren aurretik kultura aldaketa sustatu behar da, enpresa bera formatu, barnean bilatu profilak negozioaren nolabaiteko itzultzaile bilakatuko direnak eta ondoren punta-puntako talentu hori txertatu. Denen artean gai izango dira sinergia onak sortzeko.
ChatGPT eta adimen artifizial generatiboaren boomak kontzientzia areagotu du?
I.E.: Teknologia berri horien guztien inplementazioa eta eraldaketa digitalaren arloan emandako saltoek erraztu eta demokratizatu egin dute teknologia horietara iritsi ahal izatea. Ez duzu behar garatzaile profila izan zuk idatzi ahal izateko. Gehien kostatzen ari dena da kultura aldaketa egitea.
Esparru horretatik sortzen da Kopuru. Zein helburu du?
I.O.: Kopuruk bilatzen du analitika aurreratuetan adituak, enpresak eta formakuntza zentroak elkartzea. Adituek ezagutza dute eta enpresek beharra dute analitika aurreratua euren prozesuetan txertatzeko, lehiakorragoak eta errentagarriagoak izateko, eta erabakiak hobeto hartzeko. Horrek guztiak lotura du aldi berean formakuntza esparruan aritzen diren entitateekin. Nolabaiteko ekosistema sortzea bilatzen dugu. Uste dugu, sinergia ugari dituztela. Eta azken baten mundu honen abiadura dela eta, elkarlana ezinbestekoa da, bestela ez baikara iristen.
Iñigo Echevarria: "Teknologiak gora egin du, are gehiago pandemiatik, eta zailtasunak daude enpresetan horretara egokitzeko, bai aldaketa kultural teknologikora, bai teknologietara ere, barne- zein kanpo-zerbitzuen eskaeran"
Datuen analitikaren LinkedIn izatea bilatzen du?
I.O.: Guk plataforma hitza erabiltzen dugu. Sare bat da, elkargune bat, bilgune bat. Erreferente bat izatea nahi dugu analitika aurreratuan aritu edo analitika aurreratuko zerbitzuak edo dokumentazioa bilatu nahi duen edonorentzat. Zentzu horretan bada LinkedIn antzeko bat. Baina sinergiak topatzeko tokia izateaz harago, erronka profesionalak argitaratzen ditugu, eta adituek soluzioak topatu behar dituzte, sariak irabazteko eta sarean hobeto posizionatzeko. Gure aktiborik garrantzitsuena adituen komunitatea da, haiei eskaintzen baitiegu geure zerbitzu nagusia, haz daitezen eta garatzen jarraitzeko aukera izan dezaten. Era berean, adituak sailkatu egiten ditugu. Hala, analitika aurreratuaren bitartez ikusi dezakegu zein talentu mota behar duten enpresek, bilatzen duten horretara jo ahal izateko. Eta baita faltak identifikatzeko aukera eskaini ere.
I.E.: Sare osatze puntu bat du, denen arteko elkargune izate hori. Guk sinergia hori sortu nahi dugu hiru hanken artean, laugarrena ahaztu gabe, noski: erakundeak. Eurak dira hau guztia sustatzen dutenak, errekurtsoak dituztelako ekosistema haz dadin. Enpresa handiek ere errekurtsoak dituzte, eta horrek ahalbidetzen die errazago egokitzea. Baina enpresa txiki eta ertainei muskulu ekonomikoa falta ohi zaie formatzeko eta egokitzeko, nahiz eta egokitzapen hori egiteko arinagoak diren.
Zein momentutan dago proiektua?
I.O.: Kopuru duela zenbait urte jaio zen, baina momentuko egoeragatik ezin izan zuen aurrera egiten jarraitu. Iñigo eta biok duela urtebete iritsi ginen proiektura bultzada berria emateko. Egia da duela bost urte ideia sortu zenetik sektorea zeharo aldatu dela. Eta orain hazte prozesu baten gaude, jende gehiagorengana iritsi gaitezen.
I.E.: Hasiera baten Kaggel plataforma bezala sortzen da Kopuru. Kaggel plataforman erronkak sariekin joaten ziren, jendeak lehiaketak-eta egiten zituen. Oso bertako plataforma izan nahi zuen, baina komunitate hispanoari zuzendua aldi berean. Egia da halako plataformak ere egin direla lehenago, baina inoiz ez dira egonkortu negozioaren bitartekaritza lana ere beharrezkoa baita. Alegia, negozio ikuspegitik gauzak ikustea, baina datua ezagututa. Orain ikusi behar dugu zein harrera duen.
I.O.: Momentuz harrera ona izaten ari da.