TUMO Bilbao-Bizkaia La Caixa Fundazioaren bultzadari eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin nahiz Bilboko Udalarekin izandako erakunde-lankidetzari esker sortu zen, lurraldeko gazteei aukera berriak eskaintzeko eta haien talentua sustatzeko apustu estrategiko gisa. Jon de Andrés Garayk, proiektuaren arduradunak, dioenez, ekimen horrek 12 eta 18 urte bitarteko gazteei STEAM gaitasunak garatzeko ingurune praktiko eta berritzaile bat eskaintzeko beharrari erantzuten dio, hezkuntza-sistema arautua osatuz eta gazteen sormena bultzatzeko espazio bat sortuz.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Zerk bereizten du TUMO beste prestakuntza eta ikaskuntza eredu tradizionaletatik?
Bereizgarri nagusiak pertsonalizazioa eta malgutasuna dira. TUMOn ez dago azterketarik, kalifikazio tradizionalik edo curriculum zurrunik; gazte bakoitzak bere ibilbide propioa diseinatzen du, bere interesen eta erritmoaren arabera. Ikaskuntza-prozesu horretan, Learning Coach eta adituen laguntza dute, baina gazteak dira beren ikaskuntzaren benetako protagonistak. TUMOk behar dituzten espazioa eta baliabide guztiak eskaintzen dizkie, beldurrik gabe esperimentatu eta sortzeko.
Nola funtzionatzen du TUMOren hezkuntza ereduak eta nola uztartzen dira autoikaskuntza, tailerrak eta laborategiak?
Gazteak TUMOra iristen direnean, harrera-fase batekin hasten dira: bertan eskaintzen ditugun arlo guztiak probatzen dituzte, eta ondoren horietako lau aukeratzen dituzte beren ibilbidea hasteko. Hortik aurrera, hiru zutabe uztartzen dira: lehenik, autoikaskuntzan, plataforma digitalean modu autonomoan jarduerak egiten dituzte Learning Coach-en laguntzarekin, oinarri teoriko eta teknikoak eskuratzeko; ondoren, tailerretan, ezagutza horiek praktikan jartzen dituzte talde txikietan, benetako proiektuak garatuz; eta azkenik, laborategiak maila aurreratuagorako aukerak dira, arlo batzuk konbinatzeko edo diziplina jakin batean gehiago sakontzeko. Hori guztia ez da prozesu lineal itxi bat, baizik eta prozesuak espiral gisa funtzionatzen du: etengabe txandakatzen dira formatu horien artean, eta aurrera egin ahala, egiten dutenaren sakontasun eta konplexutasun-maila gora doa.
"TUMOn ez dago azterketarik, kalifikazio tradizionalik edo curriculum zurrunik"
Teknologiarekin eta diseinuarekin lotutako zer diziplina azter ditzakete programan parte hartzen duten gazteek?
Zortzi diziplina edo arlo eskaintzen ditugu: robotika, argazkilaritza, bideojokoen garapena, diseinu grafikoa, zinema, programazioa, musika eta animazioa, eta aurrerago 3D modelatzea eta adimen artifizial sortzailea ere gehitzeko aurreikuspena dugu. Gazteek lau arlo lantzen dituzte aldi berean, baina hasieran egiten duten aukera ez da behin betikoa: edozein unetan alda ditzakete arloak beren interesen arabera, eta haien agenda automatikoki eguneratzen da.
Zer trebetasun eta gaitasun garatu nahi dituzue gazteengan etorkizuneko erronketarako prestatzeko?
Gaitasun tekniko eta digital espezifikoez harago, gure lehentasuna zeharkako trebetasunak garatzea da. Besteak beste, autonomia, pentsamendu kritikoa, sormena, arazo konplexuak ebazteko gaitasuna eta talde-lana sustatzen ditugu. Gure helburua ez da tresna jakin batzuk erabiltzen irakastea bakarrik, baizik eta etengabe aldatzen den mundu batean ikasten ikasteko gaitasuna garatzea, edozein erronka pertsonal zein profesionali konfiantzaz aurre egin diezaioten.
Zein puntutan dago proiektua?
Joan den urriaren 5ean ireki genituen ateak, eta harrera oso ona izan da: gaur egun, parte hartzen ari diren gazte gehienak harrera-fasea gainditu eta autoikaskuntza-fasean daude buru-belarri, oinarrizko ezagutzak eskuratzen. Hurrengo mugarria azaroaren 23a izango da, egun horretan hasiko baitira lehenengo tailerrak, gazteek ikasitakoa proiektuetan aplikatzeko. Horrez gain, izen-emateak zabalik ditugu, eta urtean zehar hainbat unetan talde berriak gehitzen joango gara, betiere plazak libre dauden heinean.
"Gure helburua ez da tresna jakin batzuk erabiltzen irakastea bakarrik, baizik eta etengabe aldatzen den mundu batean ikasten ikasteko gaitasuna garatzea"
Zein da zuen ikuspegia?
Gure ikuspegia erabat praktikoa, inklusiboa eta gazteen ahalduntzean oinarritutakoa da. Ez dugu gazteak teknologiaren kontsumitzaile pasibo izatea nahi, baizik eta teknologiaren sortzaile aktibo bihurtzea. Horretarako, kalitatezko baliabideak eta punta-puntako tresnak demokratizatzen ditugu, eta gazte bakoitzari bere jakin-minetik abiatuta esperimentatzeko, ikasteko eta proiektu errealak garatzeko ingurune seguru eta kolaboratibo bat eskaintzen diogu.
Zergatik da garrantzitsua horrelako proiektu bat izatea?
Eraldaketa digital eta teknologiko sakon baten erdian gaude, eta gazteei tresna horiek ulertzeko eta sortzeko espazio bat eskaintzea ezinbestekoa da. Horrelako proiektuek aukera-berdintasuna bermatzen dute: edozein gaztek, bere egoera sozioekonomikoa edozein dela ere, punta-puntako baliabideak eta prestakuntza eskura izatea ahalbidetzen dute. Horrela, haien talentua garatzeaz gain, etorkizuneko erronkei kritikoki eta sormenez erantzuteko gai izango den gizarte prestatuago bat eraikitzen dugu.

Nola lagun diezaieke TUMOk gazteei bokazio berriak aurkitzen eta haien sormena garatzen?
Funtsezkoa da gazteei beren jakin-mina jarraitzeko askatasuna ematea, askok ez baitute aukerarik izaten beren ohiko ingurunean diziplina teknologiko eta sortzaileak lantzeko. TUMOk aukera hori zabaltzen du: zortzi arloak arakatzeko eta beren interesen arabera konbinatzeko bidea ematen die, ikuspegi teknikoak eta artistikoak uztartuz. Gainera, kalifikazioen presiorik eta huts egiteko beldurrik gabeko espazioa denez, sormena modu naturalean garatzen dute, eta aurretik imajinatzen ez zituzten interesak eta bokazio berriak deskubritzen dituzte.
Zer garrantzia du TUMO doako eta eskolaz kanpoko programa izateak? Zer aukera eskaintzen dizkie horrek gazteei?
Doakoa izatea proiektuaren zutabe nagusietako bat da, aukera-berdintasuna bermatzen baitu. Horri esker, Bizkaiko edozein gaztek, bere egoera sozioekonomikoa edozein dela ere, punta-puntako teknologia eta prestakuntza eskuratzeko aukera du, arrakala digitala murriztuz. Eskolaz kanpoko programa izateak, berriz, bestelako askatasun bat ematen die: noten edo curriculum zurrun baten presiorik gabe ikasteko aukera dute, beren jakin-minak gidatuta, eta antzeko interesak dituzten beste gazte batzuekin komunitate bat sortzeko espazioa eskaintzen die.
"Funtsezkoa da gazteei beren jakin-mina jarraitzeko askatasuna ematea, askok ez baitute aukerarik izaten beren ohiko ingurunean diziplina teknologiko eta sortzaileak lantzeko"
Zer suposatzen du Bilborentzat eta Bizkaiarentzat horrelako hezkuntza proiektu bat izateak?
Lurraldearen etorkizunean eta gazteen aukeretan egindako inbertsio estrategiko bat da. Horrelako proiektu batek Bilbo eta Bizkaia erreferente bihurtzen ditu gaitasun digital eta sortzaileen garapenean, nazioarteko eredu arrakastatsu bat herritarren eskura jarriz. Erakundeen arteko lankidetzaren erakusgarri izateaz gain, ekarpen zuzena egiten diogu berrikuntzari eta kohesio sozialari, jatorria edo egoera edozein dela ere, gazte guztiei aukera berberak eskainiz.
Zer esango zenioke oraindik TUMO ezagutzen ez duen gazte bati esperientzia hau aurkitzera animatzeko?
Etortzeko eta probatzeko, inolako aurreiritzirik gabe. Ez du aurretik ezer jakin behar, ez dago azterketarik edo sarrera-probarik, eta bera izango da bere bidearen protagonista. Zer ikasi nahi duen badaki edo oraindik zerk motibatzen duen argi ez badu, TUMO leku paregabea da bere jakin-mina jarraitzeko, beldurrik gabe esperimentatzeko eta interes berdinak dituzten beste gazte batzuk ezagutzeko, guztia doan eta giro ezin hobean.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta