Teknikerrentzat hitzordu garrantzitsua izan ohi da Makina-Erremintaren Biurtekoa, "inpaktu handiena" izan dezaketen soluzioak nahiz hemendik urte batzuetara produktu bilakatuko diren teknologiak erakusteko aukera izango baitu. Jon Mabe teknologia zentroko merkatu arduradunaren hitzetan, bezero berriak ezagutzeko abagunea ere bada BECen egingo den nazioarteko azoka. Besteak beste, sentsore kuantikoan, gailu elektronikoetan edo robotikan eginiko azken garapenak aurkeztuko dituzte bertan.
Makina-Erremintaren Biurtekoa iristear da, zein soluzio aurkeztuko ditu Teknikerrek bertan?
Beti eramaten ditugu fabrikazioan aurrerapen handiena edota inpaktu gehien sortzea daukaten soluzioak, baina aurten oinarrizko elementu batzuk ere eramango ditugu, hau da, oraindik produktu bilakatzeko denbora behar duten soluzioak. Industrian jada produkturatzea oso gertu daukaten eta segituan erabilgarriak izango diren teknologiak ere erakutsiko ditugu.
Inpaktu handiena daukaten soluzioei dagokienez, oraindik pauso asko behar dituzte errealitate industrial batera ailegatzeko, baina guk estrategikoki garrantzia handia ematen diegu, eskala kuantikoko fabrikazioari, besteak beste. Laser oso zehatzei buruz ari naiz hitz egiten. Horien bidez diamante materialak erabil ditzakegu eta diamante horrek sentsore kuantikoa fabrikatzea lortzen lagunduko digu, hau da, diamantea bilakatzen dugu sentsore oso zehatzetan.
Gero, gainazal funtzionalak fabrikatzeko gaitasuna daukagu. Elektronika funtzioak dituzten eta gainazaletan sartzeko fabrikazio beharrei erantzuten dieten soluzioak dira. Plastikozko piezak eta elektronikako funtzionalitateak lotzen dituen produktu mota bat da, In-Mold Electronics deitzen zaio, molde barruan doazen elektronikak. Eredu batzuk eramango ditugu. Funtzionalitate aurreratuak ditu, lehen plastiko estrukturala zenean, elektronikako funtzioak txertatu ditugu. Sentsorizazioa, antenak, iluminazioa, beroketa sistemak, hurrengo belaunaldiko piezak... batez ere, automozioa edo osasun produktuak elikatzeko.
Zer punturaino da garrantzitsua biurtekoa Teknikerrentzat?
45 urte egin behar ditugu aurten eta guretzako beti izan da eskaparate paregabea esaten ari nintzena erakusteko. Soluzio batzuk oso zuzenduta daude industriara eta beste batzuk herrialdean dauzkagun teknologia gaitasunak erakustera. Alde batetik, industrian, gure bezero potenteenei zuzendutako teknologiak ditugu, eta, beste aldetik, gizarteari erakutsi behar diogu zer nolako teknologia aurreratuak lantzen ari garen, agian oraindik bost-sei-hamar urte behar dituztenak benetako prozesu edo produktuetan amaitzeko. Baina garapen horiek gure maila teknologikoa nahiz herrialdearena erakuste dute.
Aurten hirugarren demostradore bat ere eramango dugu, automatizazio maila oso handiko soluzioa, non lotzen dugun pertzepzioa, robotika eta zehaztasun handiko metrologia zelula autonomo batean, eta horrek ahalbidetzen du pieza kritikoetan eta era oso malgu batean erantzutea automatizazio eta zehaztasun handiko fabrikazio beharrak dituzten enpresei.
Sumatzen al duzue zuen jarduera handitzen dela Biurtekoaren garaian?
Guretzako aukera oso ona da ondo ezagutzen ez gaituzten enpresekin egoteko. Distantzia motzean ikusten dute zer nolako gaitasunak ditugun benetako produktuak garatzeko. Beti enpresa mordoa gerturatzen dira gure standera, ikusteko zer nolako gaitasunak eta soluzioak eskaintzen ditugun. Guretzako eredu garrantzitsua da.
"Guretzako aukera oso ona da ondo ezagutzen ez gaituzten enpresekin egoteko. Distantzia motzean ikusten dute zer nolako gaitasunak ditugun benetako produktuak garatzeko"
Materialen teknologietan, mekatronikan, robot eta gailu elektrikoen garapenean egin ohi du Teknikerrek ekarpen handiena. Zer nolako bilakaera izaten ari zarete teknologia horietan?
Nik esango nuke helburu orokorrak eta zehatzak ditugula. Azkenaldian teknologia guzti horiek baldintza kritikoetan lantzen aritu gara, hau da, materialak, mekatronika eta robotak baldintza kritikoetan ere zehaztasun eta funtzionalitate maila altuan mantentzeko. Baldintza kritikoak izan ahal dira tenperatura oso altu edo baxuak, hotza, inguru erradiaktiboak, korrosidade handikoak... baldintza kritikoetarako erantzunak ematea gure helburu nagusienetako bat da.
Digitalizazioa esparru guztietara ere eraman nahi dugu, ez soilik ebidenteak diren esparruetara: automatika, automatizazioa eta robotika, baita materialetara ere. Lehen aipatu dudan produktua, non elektronika materialetan sartzen dugun, horren adibide da. Guretzako oso garrantzitsua da gaitasunak ematea industriari, zehaztasun handiko beharrei erantzuna emateko.
Kuantika aipatu duzu lehen, zein beste teknologia arlotan ari zarete sakontzen?
Aeronautika sektorera bideratutako soluzioak garrantzia handia hartzen ari dira, baita energia, espazioa eta osasunera zuzendutako teknologiak ere. Osasunean 10-15 urte daramatzagu gure mekatronika eta sentsoreak garatzeko gaitasunak lantzen. Merkatu horrek behar oso espezifikoak ditu eta gure teknologiak premia horiei erantzuteko gaitasuna izan behar du. Produktuak garatu eta fabrikatzeko apustua egin dugu eta nahiko inbertitzen ari gara azpiegitura berezietan. Horrez gain, jarraitzen dugu aeronautikarako sistemak eta elektronikako gailuak eskaintzen, baita material eta gainazal bereziak ere.
"Enpresek ez dizkigute teoriak erosten, bai fundamentu teorikoak. Fundamentu zientifiko horiek menperatu behar ditugu, eta gero soluzio bilakatu"
Enpresek zer eskatzen dizuete gehien gaur-gaurkoz? Zeintzuk dira euren premia handienak?
Aipatu behar dut guk egiten dugun ikerketa guztia enpresen beharretara zuzentzen dugula, hori hasieratik buruan daukagun gauza da, garatzen ditugun teknologiak enpresen produktu edo prozesuetan sartu behar direla. Guretzako ekuazio hori ez bada betetzen ez dauka zentzurik teknologiarik garatzeak.
Kontuan izan behar dugu enpresen maila teknologikoa asko igo dela azken urteetan, orduan, guri eskatzen diguten gauzen maila ere asko handitu da. Azkenaldian teoriak ez dizkigute erosten, bai fundamentu teorikoak. Fundamentu zientifiko horiek menperatu behar ditugu, eta gero soluzio bilakatu, hau da, erakutsi behar diegu gure teknologia euren produktu edo prozesuetan integratuta egongo dela.
Azkenaldian asko eskatzen ari dira elkarlanean lan egitea, izan ere, eurek ezin dituzte soluzio asko espezifikatu. Espezifikazioan asko lantzen dugu soluzio batera nola ailegatu eta niretzako eredu eraldaketa bat da, non ez zaigun eskatzen soluzio itxi bat, baizik eta soluzio hori sortzeko nola sortu lantalde misto bat eurekin. Ez da teknologia ezberdina eskatzen digutela, baizik eta elkarlan modeloa apurtxo bat aldatzea.
Adibide bezala, fabrikazioaren malgutasuna jarriko nizuke. Inguruko enpresa askok, automozioak bultzatuta, bolumen handietara jo dute, eta orain ikusten ari gara badaudela aukera asko fabrikazio gaitasun horiek serie motzagoetara egokitzeko, zeinetan malgutasuna behar beharrezkoa den. Aeronautikan edo espazioan fabrikatu behar baduzu, normalean, bolumenak ez dira automozioarenak bezalakoak, baina automozioan bezalako erregistro kritikoak dituzte, fabrikazio baliabide oso aurreratuak behar dituzu, baina nolabait ez daukazu bolumena ziurtatuta.

Esan duzu enpresen maila teknologikoa asko igo dela azken urteetan, sumatu duzue industria enpresetan berrikuntzaren aldeko apustua indartu dela?
Guk igartzen duguna da apustu hori mantentzen ari dela eta ez dakit batzuetan zabaltzen den mezua katastrofikoegia ez ote den. Ematen du hemen eta Europan ez direla gaitasunak geratzen. Ez da bidezkoa, ez da irakurketa zuzen bat. Hemen badaude baliabide eta azpiegitura asko, eta maila teknologikoa oso handia da. Egia da agian sektore guztientzako eman ahal diren erantzunak ez direla onenak, baina beste sektore mordoetan lehen mailako produktu eta prozesuak ditugu.
Ez gaude horren gaizki, baina egia da aldamenean ditugunak ez direla geldi geratzen eta agian ohartu behar gara daukaguna ez dagoela ziurtatuta, eta gogor egin beharko dugula lan. Herrialde honetan abantaila bat dugu: inoiz ez dugu abandonatu fabrikatzeko gaitasuna. Eraman dira gaitasunak kanpora, baina hemen fabrikatzen jarraitu izan da, eta hori kristoren abantaila da. Palanka moduan erabili behar da, fabrikazio arloko eraldaketek arrakasta izan dezaten.
Zein mailatan gaude industriaren berrikuntzan, Europa edo nazioarteko beste herrialdeekin alderatuta?
Beti daukagu sentsazio apur bat atzetik gabiltzala, baina sektoreka aztertu beharko litzateke. Eta nik uste dut sektore askotan posizioa parekoa dela.
Industria sektorearen ahultasuna sumatu duzue zuen jardueran?
Automozio sektorean ari diren enpresetako batzuk igarri dute geldotasun hori, beste batzuk ez. Gainera, beste sektore batzuetan dinamikak gora doaz. Energia, osasuna, aeronautika edo espazioa dinamika positiboan daudela ikusten dugu.
"Pentsatu behar dugu etorriko diren aukerak ez direla bolumen ultra handiak izango, hori automozioak soilik eskatzen baitu"
Energia, osasuna edota aeronautikan marjina handia duzue teknologiak garatzeko?
Teknologia garatu eta baita ere modeloak apurtxo bat eraldatzeko. Lehen aipatu dizudan bolumen kontuaren harira, pentsatu behar dugu etorriko diren aukerak ez direla bolumen ultra handiak izango, hori automozioak soilik eskatzen baitu. Balio bereko edo handiagoko beste aukera batzuk iritsiko dira. Espazioan, energian eta aeronautikan behintzat, ikusten dugu aukera teknologiak garatzeko eta enpresek apustua egin dute guk euren estrategietan laguntzeko.
Hurrengo urteetara begira nondik jo nahi du Teknikerrek?
Guretzako automatizazioan lantzen diren soluzio guztiak interesgarriak dira, baina betiere zehaztasuna eta malgutasuna handitzeko helburuarekin. Azkenean lortu behar duguna da enpresei eskaintzea fabrikazio baliabide oso zehatzak eta malguak direnak, eta hor erronka teknologikoak ez dira gutxi.