Jose Antonio Lozano:"Enpresei falta zaie eskatzea egin ezin daitekeen hori, agian egin daitekeelako"

"Etorkizuneko matematikak eraikitzeko" bidetik jarraitu nahi du BCAMeko zuzendari zientifikoak

Jose Antonio Lozano | Argazkia: BCAM Jose Antonio Lozano | Argazkia: BCAM

Matematikak modan daude. Egunerokotasunean erabiltzen ditugun tresnen atzean izateak lehen lerrora ekarri ditu Jose Antonio Lozano BCAMeko zuzendari zientifikoaren ustez. Horrek, baina, ez du BCAM matematika aplikatuen euskal zentroaren bidea guztiz errazten. Talentuak erronka izaten jarraitzen du beraientzat, batez ere matematika aplikatuaren esparruan. Hala ere, matematikari loturiko punta-puntako ikerketa egiten jarraitzen dute, etorkizuneko soluzioak hurbildu asmoz enpresei zein bestelako eragile ekonomikoei.

EnpresaBIDEAn helarazten saiatzen gara ekonomia gure egunerokotasunaren parte dela, eta denok garela eragile ekonomiko. Matematikaz ere esan al daiteke gure egunerokotasunaren parte izanik ere kosta egiten zaigula hala dela ikustea?

Zalantza barik [barrez]. Matematikak unibertsalak eta zeharkakoak dira. Hori dela eta, uste duguna baino esparru gehiagotan erabiltzen ditugu. Egunean egiten duzun lehen gauza da mugikorra piztu edo hartu, eta horren atzetik matematika ugari daude. Gauza bera autobusa hartzen duzunean, edo Shazam erabiltzen duzunean abesti bat identifikatzeko. Teknologiaren oinarria gehienetan matematikoa da.

Gizarte gisa, urrun ikusten al ditugu?

Esango nuke geroz eta hurbilago ikusten ditugula. Matematikarion aldetik esfortzua egin da orokortzeko eta gertuagoko egiteko, baita ikasgai zailaren estigma kentzeko ere. Geroz eta prentsa hobea dugu, eta gizartean geroz eta gehiago sentitzen da matematikak garrantzitsuak direla. Zorionez, sentsazioa da modan gaudela.

Zergatik uste duzu zaudetela modan?

Alde batetik, matematika elkartetik dibulgazio lan handia egin delako. Bestetik, lehen esan bezala, garapen teknologiko askok garapen matematiko nabaria dute. Eta hedabide askok publizitatea egin diote garapen teknologiko horien atzean dauden matematikei. Gainera, zenbat eta gehiago izan hedabideetan, orduan eta hedabide gehiagoren arreta erakartzen duzu. Horrek sentsazioa indartu du.

"Egunean egiten duzun lehen gauza da mugikorra piztu edo hartu, eta horren atzetik matematika ugari daude. Gauza bera autobusa hartzen duzunean, edo Shazam erabiltzen duzunean"

BCAMetik nola ari zarete lantzen matematikarako gerturatze hori?

BCAMen lanetako bat da gizartean zabaltzea zentroan lorturiko helburu zientifikoak. Horretarako difusiorako eta dibulgaziorako lan ugari egiten dugu: π -ren egunean —03/14, martxoaren 14an— gizarte guztiarentzat —haurrak barne— egitasmoak egiten ditugu, INAUKAS dibulgazio zientifikoko katedrarekin batera; iaz 15. urteurrena egin genuenean dibulgazio jarduera ere egin zen haurrentzako tailer matematikoekin; zentrora bisitak ere izaten dira; eta Emakumeak Zientzian egitasmoaren jarduera guztietan parte hartzen dugu.

Ezjakintasun handiko testuinguru sozioekonomikoa bizi dugu. Matematikek lagundu ahal digute ziurtasun handiagoa izaten, edo batez ere arazoei irtenbidea topatzeko tresna dira?

Ezin dute ziurtasun handiagoa eskaini, baina ezjakintasuna neurtu dezakete, kuantifikatu: egoera batzuena, gertakizun batzuena... Eta hori garrantzitsua da. Izan ere, prest egoteko lagundu dezake modeloak lantzeak, edo gerta daitezkeen zenbait egoeratarako probabilitatea jakiteak —zein den oso noizean behineko gertakizunak gertatzeko probabilitatea—. Erabakiek gizakiek hartu behar ditugu; guk eskaintzen duguna da erabaki horiek errazteko tresnak.

"Ezin dute ziurtasun handiagoa eskaini, baina ezjakintasuna neurtu dezakete, kuantifikatu: egoera batzuena, gertakizun batzuena... Eta hori garrantzitsua da. Izan ere, prest egoteko lagundu dezake"

Zuen misioa da kalitate handiko ikerketa matematikoak egitea, baina egunerokotasuneko arazo errealak topatuta. Nola uztartzen dira bi aldeak?

Atzera egingo dut apur bat. Oinarrizko ikerketa egiten duen zentroa da BCAM, matematika aplikatuari loturikoa. Eta hori ezin dugu ahaztu. Egiten dugun ikerketak, oinarrizkoa izanik ere, amaiera-amaieran —zenbait kasutan gertuxeago— beti du mundu errealaren modeloa oinarri. Kontua ez da Aljebra ikasten duenak eredu matematikoak eta objektu matematikoen egitura ezagutu nahi izatea, edo zenbakien teoria ikasten duenak ikusi nahi izatea zein den zenbaki lehen ezagunena. Gu beti saiatzen gara arazo bati konponbidea topatzen; hori dugu buruan. Adibide bat jartzearren, arazo hori izan daiteke likidoen modelaketan: saiatzea ikusten ura tanga baten datorren, nola lekualdatzen den ur hori, zein indar egiten duen, eta abar.

Noski, egia da zenbaitetan arazo erreala oso urrun dagoela, eta beste zenbaitetan oso gertu. Eta benetan irtenbidea topatzen diogu arazo erreal bati. Are gehiago, matematika aplikatuko oinarrizko ikerketako zentro bat izanik ere, aplikazioak egin ohi ditugu enpresekin. Ez asko, baina baditugu zenbait. Horiek erakusten dute egiten dugun lanak balio ekonomiko eta soziala duela.

Nola egiten da enpresetara transferentzia hori edo enpresekin lan hori?

Lan hori gauzatzeko askotariko moduak daude. Guk transferentzia oso modu zabalean ulertzen dugu, eta beste sektoreetara, batez ere zientifikoetara edo teknologikoetara, ezagutza helaraztea, transferentzia gisa ulertzen dugu. Beste zenbait ikerketa zentrorekin egiten diren elkarlanak, zeinetan euren aurrerapen zientifikoen oinarrian dituzten geure aurrerapen matematikoak, transferentziatzat jotzen ditugu.

Enpresen kasuan, zuzenena izan ohi da enpresa etortzea eta eskatzea ea arazo bat konpondu ahal diogun. Adibidez, Aldundiaren bitartez etortzen dira, BEAZekin ETEentzako aholkularitza programa partekatzen dugulako. Beste zenbaitetan Eusko Jaurlaritzaren programen bitartez etortzen dira, Hazitek programa, esaterako.

"Guk transferentzia oso modu zabalean ulertzen dugu, eta beste sektoreetara, batez ere zientifikoetara edo teknologikoetara, ezagutza helaraztea, transferentzia gisa ulertzen dugu"

Zer ezaugarri izan behar du enpresaren arazoak zuek irtenbidea topatzen laguntzeko?

Guretzat garrantzitsuena da enpresak duen arazo horrek erronka matematikoa suposatzea. Alegia, guk ez diegu ebatziko enpresa pribatu batek “konpondu” dezakeen arazo bat. Arazoak garapen matematikoa izan behar du; geure ikerketa uztartu behar du enpresak duen arazoaren soluzioarekin. Hori askotan egin daiteke, baina beste askotan ez, EAEn arazo horrentzat berarentzat irtenbidea topatu dezaketen lauzpabost enpresa existitzen direlako. Ez da soilik ez duela merezi; askotan lehia desleiala egiten izango ginateke. Eta hori ez da gure lana.

Zein beste erronka topatzen dituzue enpresekin, zentro teknologikoekin zein entitate publikoekin aritzen zaretenean?

Askotan arazoa da enpresek ez dakitela zer nahi duten. Jar dezagun adibide bat: enpresa bat datorkizu esanez adimen artifiziala egin nahi duela. Ados. Eta? Edo etortzen dira esanez zerbait nahiko xumea egin nahi dutela. Askotan enpresei falta zaie eskatzea egin ezin daitekeen hori, agian egin daitekeelako. Kontua da eurak inoiz egin ez dutenez, pentsatzen dutela ezin dela egin. Beraz, enpresekin izan ohi dugun lehen lana da eurentzat kritikoa den hori identifikatzea, egitea planteatu ez duten arren, eta egingarria dena. Zenbaitetan, baina, behin finkatuta, datuak eskatu eta daturik ez dutela erantzuten dute eta kontua konplikatua da. Eta ondoren, enpresa batekin lanean hasten zarenean presa handia izan ohi dute proiektu jakin hori egiteko, proiektu erdian interesgarriagoa den beste bat agertzen zaie, eta egiten ari zirena albo batera utzi eta hurrengora doaz. Hori bizitzaren parte ere bada.

"Matematika aplikatuko oinarrizko ikerketako zentro bat izanik ere, aplikazioak egin ohi ditugu enpresekin. [...] Horiek erakusten dute egiten dugun lanak balio ekonomiko eta soziala duela"

Adibideren bat jar zenezake entitateekin edo erakunde publikoekin egin dituzuen proiektu horietakoren batena, bide onera iritsitakoa?

Bada, garrantzitsua iruditzen zait nabarmentzea badugula proiektu bat osasungintzari loturiko modelatu matematikokoa. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du eta bere helburua da garapen ekonomikoak gauzatzea osasungintzan lagundu dezaketenak. Zentzu horretan hainbat lan-lerro ditugu zabalik, oso interesgarriak izaten ari direnak. Adibidez, Osakidetzarekin batera, programa bat sortu dugu pazientearen pare bat argazki hartuta aurreikusi dezakeena pertsona horrek aire-bide zailak dituen edo ez. Nolabait esatearren, ebakuntza bat egiterako garaian programak anestesistari ohartarazten dio kontuz ibili behar duela pazienteak zailtasunak izan ditzakeelako intubazioan.

Era berean, koronabirusaren prebentzioan aritu ginen lanean, bai osasungintza arloarekin, baita hezkuntza arloarekin ere. Besteak beste hiru eguneko aurreikuspenak egiten aritu ginen ospitaleratzeei, ZIUari, heriotzei eta abarri dagokienez.

Beste proiektu batzuetan ere egin dugu lan, pazienteen tratamenduetarak: adibidez, bularreko minbizia duten pazienteen segmentazioarekin eta kostuen proiekzioarekin.

BCAMeko zuzendari zarenez gero, matematika oinarrizko eta aplikatua abiapuntu hartuta, zeintzuk dira euskal enpresa ehunak dituen erronka nagusiak?

Galdera zaila da erantzuteko. Esango nuke maila teknologikoan aldaketa handiko egoera baten gaudela. Eta nik uste dut badirela bi alderdi garrantzitsu, nolabait Innobasqueren tendentzietan islatzen direnak. Lehena da adimen artifizialeko tekniken txertatzea. Uste dut ezinbesteko alderdia izango dela etorkizuneko lehiakortasunari begira. Lehia oso handia izango da. Eta esango nuke zenbait kasutan iristen ari garela.

Eta beste alderdi garrantzitsu bat da zibersegurtasuna, ekoizkortasunarekin baino babesarekin zerikusia duena.

Aipatutako guztiaren oinarrian dago digitalizazioa.

Noski, egintzat jotzen da adimen artifiziala zure enpresan txertatu aurretik egin behar duzun lehen gauza dela digitalizazioa bultzatu. Izan ere, adimen artifizialaz ari bagara ere, baliteke digitalizazioa euren prozesuetan txertatu ez duten enpresak egotea.

Bestalde, egia da nire joerak ere eragiten duela aipaturiko ikuspegian. Izan ere, BCAMeko zuzendari izateaz gain, zientzia konputazionalen eta adimen artifizialaren katedradun ere banaiz. 30 urte daramatzat adimen artifizialaren esparrua lantzen.

"BCAMek ez du lagunduko adimen artifiziala enpresetan modu orokorrean txertatu dadin. Baina aurreratua dagoen enpresa horri eskaini dakizkioke merkatuan existitzen ez diren soluzioak"

Nola lagundu dezake BCAMek aipaturiko erronka horiei irtenbideak bilatzen?

BCAMek ez du lagunduko adimen artifiziala enpresetan modu orokorrean txertatu dadin. Baina aurreratua dagoen enpresa horri eskaini dakizkioke merkatuan existitzen ez diren soluzioak. Enpresa horrek dagoeneko adimen artifizialaren kultura izan behar du, eta zerbait desberdina bilatu, baina horri lagundu ahal dio. Formakuntzan ere lagun dezake. Ez da gure egitekoa, baina, esaterako, Aldundiarekin dugun programan zerbitzuak eskaintzeaz harago mezua —digitalizazioa sustatzearen garrantzia— ETEei helaraztea ere bada gure egitekoa.

Profil teknologiko batetik zatoz. Baina zein ekarpen egiten dio BCAMek berrikuntza ez teknologikoari?

Horri erantzuteko, ezer baino lehen berrikuntza zer den definitu beharko genuke, eta berrikuntza definitzea ez da batere erraza. Baina badago matematika oso bat, itxuraz ez duena hain zuzeneko aplikazioa. Batek daki zer gertatuko den etorkizunean horri lotuta. Esango nuke bide horretatik gauzak egiten ari garela. BCAMeko zenbait ikertzailek frogatzen ari dira 30 urtez zabalik izan diren susmo eta hipotesiak. Etorkizunean aplikazio praktikoa izango duten edo ez? Ikusiko dugu. Baina ikuspegi zientifikotik garrantzitsuak dira.

Adibideren bat jartzerik?

Oso zaila da, oso teknikoa delako. Geometriarekin-eta zerikusia du.

"BCAMeko zenbait ikertzailek frogatzen ari dira 30 urtez zabalik izan diren susmo eta hipotesiak. Etorkizunean aplikazio praktikoa izango duten edo ez? Ikusiko dugu. Baina ikuspegi zientifikotik garrantzitsuak dira."

Talentuaren esparruan lanean zabiltzate. Une honetan 190 ikertzaile baino gehiago dituzue, 36 herrialdeetakoak. Iaz lortu zenuten doktoretza aurreko ikertzaile kopurua areagotzea, baita doktoretza osteko eta ikertzaile seniorrena ere. Hazkundea esperotakoa izaten ari da, edo talentua bilatzea erronka al da zuentzat ere?

Hazkundea espero baino hobea da. Oso azkar hasi gara, agian gehiegi. Baina azken batean, ikerketa zentro guztiek bezala, diru publikoaren eta laguntza publikoen menpe gaude. Horietan, arrakasta ez dago bermatuta. Beraz, arrakasta handia baduzu, gertatzen dena da zentroa hazi egiten dela.

Hori hala izanik ere, arazo larriak ditugu talentua erakartzeko. Bereizketa egin behar da: oinarrizko matematika egiten den zentroaren arloetan ez dugu arazorik talentua lortzeko; eta beste aldean dago alderdi aplikatua, alegia, modelatu matematikoarekin zerikusia duen guztia, osasunari, adimen artifizialari eta abarri dagokionez. Hor izugarri kostatzen zaigu talentua topatzea. Talentu hori mundu pribatura joaten da, eta eskaintzen dituzten soldatekin ezin dugu lehiatu. Doktoretza egiten duen norbaitek irabazten duena gutxi da, eta lau urte inbertituko ditu horretan, eta konplikatua egiten da. Eta doktoretza ostekoak ere, enpresa mundura joanda gurean irabazi dezaketena baino 1,5 puntu gehiago irabazi dezakete. Gainera, lan eskaintza handia dago.

Geratzen direnak normalean dira bokazio handiena dutenak. Hori ere positiboa da. Baina kostatu egiten zaigu lortzea.

Zein estrategia erabiltzen ari zarete talentu hori lortzeko?

Lehenik, lan-eskaintza guztiak mundu mailako web-plataforma nagusietan jarri. Eta maila lokalean, unibertsitate-enpresa gelak sortu ditugu EHUrekin (Zientzia eta Teknologia fakultatearekin, Ingeniarien fakultatearekin, Informatika fakultatearekin...) eta Deustuko Unibertsitatearekin. Eta ideia da Latinoamerikako merkatura jotzea. Uste dugu merkatu gertukoena eta errazena dela.

BCAMen taldearen %25 osatzen dute emakumeek. STEM graduen beste zailtasunetako bat da emakumeak erakartzea. Hori sustatzeko estrategiak beretsuak dira, edo estrategia jakinak aplikatzen ari zarete?

Ahal dugun STEM jarduera guztietan ari gara parte hartzen: Emakumeak Zientzianen, Inspira STEAM moduko programetan, eta abar. Duela bi aste STEM zigilua eman zigun, Eusko Jaurlaritzak, eta sari bat jaso genuen esparru horretan bertan

Eta, bestalde, kontratazioan kondizio berak ematen direnean, lehenetsi egiten dugu emakumea kontratatzea. Diskriminazio positiboa aplikatzen dugu.

"Oinarrizko matematika egiten den zentroaren arloetan ez dugu arazorik talentua lortzeko; eta beste aldean dago alderdi aplikatua, alegia, modelatu matematikoarekin zerikusia duen guztia, osasunari, adimen artifizialari eta abarri dagokionez. Hor izugarri kostatzen zaigu talentua topatzea"

Zer aldatu da BCAMen duela 16 urte sortu zenetik?

Esan behar dut nik bederatzi urte daramatzadala bertan, horietatik sei zuzendari lanetan. Beraz ez daukat historia guztia. Edozein kasutan, gauza asko aldatu dira. Batetik zentroa asko hazi da, baina finantzazioa jaso dugulako bikaintasun programei esker. Hiru aldiz segidan —2013, 2017 eta 2021— Severo Ochoa aitortza jasotzeak zentroa kokatu egiten du ikerketaren bandera-ontzi gisa, Espainia mailako zientziari dagokionez oro har, eta Europa mailan matematikari dagokionez. Azkenean, bikaintasun zigilu horiek izateak laguntzen dizu jendea erakartzen, eta uste dut hori garrantzitsua dela. EAEko lehen zentroa gara ziurtagiri hori hiru deialditan segidan lortu duena. Eta oso zaila da.

Zer mantendu da?

Nolabait espiritua mantentzen da, jakin-min espiritua, eta etorkizuneko matematikak idazteko nahia. Hori da geure leloa: eraiki ditzagun elkarrekin etorkizuneko matematikak. Kontua da zentroak hazten direnean, egiturak eta kudeaketa sistemak hazi egiten direla, eta apur bat galdu egiten duzu tratu familiarra eta girotxoa zentzu horretan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK