• BERRIKUNTZA
  • Juan Sierra Sesumaga (OJMAR): "Gure sarraila adimendun berriak ez du mantentze-lanik behar"

Juan Sierra Sesumaga (OJMAR): "Gure sarraila adimendun berriak ez du mantentze-lanik behar"

OJMAR konpainiak garatutako sarraila adimendunak ez du ez kablerik, ez pilarik, ez bateriarik behar

Argazkia: utzitakoa
Argazkia: utzitakoa
2026ko azaroaren 24a - 05:30

Elgoibarren egoitza duen OJMAR enpresak OTS 40 Batteryless sarraila adimenduna aurkeztu du, pilarik, bateriarik, kablerik eta energia-metagailurik gabe funtzionatzen duen eta Internet bidez urrutitik kudea daitekeen sistema berritzailea. Produktua 2025eko maiatzean aurkeztu zuen enpresak, baina 2026ko urrian eta azaroan nazioarteko hainbat ekitalditan eman dio bultzada komertzial berria, besteak beste, Koloniako ORGATEC azokan. Juan Sierra Sesumaga zuzendari nagusiak sarraila berriaren jasangarritasuna nabarmendu du.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Sarraila adimendun konektatu berri bat garatu duzue, bateriarik, kablerik eta energia-metagailurik behar ez duena. Nola sortu zen ideia?

Duela hamar urte, gure lantaldeko hainbat kide elkartu ginen enpresaren etorkizunaz hausnartzeko. Gure sarrailekin zer egin genezakeen aztertu, eta hainbat ideia proposatu genituen. Horien artean, pilarik, kablerik eta zuzeneko energia-iturririk gabeko sarrailak sortzea zegoen. Garai hartan ezinezkoa edo sinestezina zirudien. Baina ikerketa, proba, prototipo eta akats askoren ondoren, orduko ametsa errealitate bihurtu dugu.

 

Nola azalduko zenuke teknologia horren funtzionamendua modu errazean?

Garai bateko bizikleten dinamo-argiak gogoratzea da ulertzeko modurik errazena. Gurpilaren mugimenduak sortutako energiari esker pizten zen argia. Gure sarrailek antzeko sistema erabiltzen dute. Energia zinetikoan oinarritzen dira: erabiltzaileak sarraila sakatzean egiten duen indarra baliatzen dute energia sortzeko. Energia hori nahikoa da erabiltzailearen kredentzialak irakurtzeko, telefono mugikorra, txartela edo eskumuturrekoa izan. Halaber, hodeira informazioa bidaltzeko edo bertatik jasotzeko energia ere sortzen du. Hori guztia milisegundo gutxitan gertatzen da.

"Pilarik, bateriarik edo metagailurik ez dutenez, ez dira ordezkatu behar, eta ez da langilerik behar sarrailak desmuntatu, pilak aldatu eta berriro muntatzeko"

Zer abantaila praktiko eskaintzen dizkie gimnasioei, bulegoei, ospitaleei edo ikastetxeei?

Abantaila ugari eskaintzen ditu. Batetik, merkatuan dauden beste irtenbide batzuk baino askoz jasangarriagoa da, eta bezeroek arlo horretan dituzten eskakizunei erantzuten die. Bestetik, dirua aurrezten laguntzen du. Instalazioan ez da kablerik jarri behar, eta horrek kostuak murrizten ditu. Sarrailen bizitza erabilgarrian ere aurrezpen handia lortzen da. Pilarik, bateriarik edo metagailurik ez dutenez, ez dira ordezkatu behar, eta ez da langilerik behar sarrailak desmuntatu, pilak aldatu eta berriro muntatzeko. Hau da, ez dute mantentze-lan horien beharrik.

Sistema berriak armairuen okupazioa denbora errealean kontrolatzeko eta urrutitik irekitzeko aukera ematen du. Nola alda dezake horrek espazioen kudeaketa?

Gaur egun metro karratuaren prezioa oso altua da. Horregatik, enpresa askok, bulegoetan zein gimnasioetan, instalazio txikiagoak eta eraginkorragoak bilatzen dituzte. Zenbat sarraila erabiltzen diren, noiz eta zenbat denboraz jakiteak informazio baliotsua ematen die. Horri esker, beren jarduerarako zenbat espazio behar duten, zenbat pertsonarentzat eta zein unetan zehaztu dezakete. Horrela, espazioen kudeaketa askoz eraginkorragoa da.

Zenbateko aurrezpena ekar dezake instalazio handi batean? 1.000 armairuko instalazio batean hiru kilometro kable eta 23 kilo hondakin arriskutsu saihestea aipatu duzue.

Dimentsioaren ideia emateko egindako hurbilketa bat da. Pilekin funtzionatzen duen sarraila estandar batek lau pila izaten ditu. Beraz, 1.000 sarrailako instalazio batean, hasieratik 4.000 pila erabiltzea saihestuko genuke. Baina aurrezpena ez da horretara mugatzen. Pilek bost eta hamar urte bitartean iraun dezakete, erabileraren arabera, edo gutxiago erabilera intentsiboa bada. Agortzen direnean, berriak erosi eta aldatu behar dira. Horrelako instalazio batean, pertsona batek edo bik denbora asko eman beharko lukete sarrailak desmuntatzen, pilak aldatzen eta berriro muntatzen. Gure sistemak denbora eta dirua aurrezten ditu, eta ingurumena gehiago errespetatzen du.

"Aurten 25 milioi euroko fakturazioa gaindituko dugu, eta kopuru horren %75 atzerriko merkatuetatik dator"

1919an sortu zen enpresa. Nola lortu du ehun urte baino gehiagoan berritzen eta merkatuaren aldaketetara egokitzen jarraitzea?

Gure lau balio nagusietatik bi nabarmenduko nituzke. Lehenengoa bezeroekiko hurbiltasuna da. Etengabeko harremana dugu haiekin, eta adi egoten gara haien eta merkatuaren beharrei. Horri esker, egungo eskaerak ezagutzeaz gain, etorkizuneko beharrei eta joerei aurrea hartzeko gai gara. Bigarren balioa berrikuntza da. OJMAR betidanik izan da enpresa berritzailea, jakin-min handikoa, geldiezina eta ekintzailea. Jarrera horrek oraina eta etorkizuna etengabe zalantzan jartzera eraman gaitu. Bi balio horiei esker jarraitzen dugu merkatuaren bilakaerari adi.

Zein dira enpresaren egungo datu nagusiak? Zer leku betetzen du Elgoibarrek nazioarteko proiektuan?

Aurten 25 milioi euroko fakturazioa gaindituko dugu, eta kopuru horren %75 atzerriko merkatuetatik dator. Elgoibarren 115 pertsonak egiten dugu lan. Bilbon, berriz, bost pertsonako ingeniaritza-taldea dugu. Estatu Batuetan, Kalifornian, hamar langileko filiala dugu, eta Europan, Amerikan eta Asian banatutako bulego komertzialetan beste hamabi pertsonek egiten dute lan.

Fakturazioaren %40 inguru fitness sektoretik dator, eta beste %40 bulego eta egoitza korporatiboetatik. Osasun-arloan presentzia indartu nahi duzue. Zergatik?

Gaur egun presentzia handia dugu fitnessaren eta bulegoen sektoreetan. Orain, gure erronka osasun-sektorean dago. Badakigu inbertsio handiak egiten direla bertan eta aukera ugari eskaintzen dituela. Etorkizunerako gure apustu estrategikoetako bat da, hezkuntza-sektorearekin batera.

"Ikusi beharko dugu Ekialde Hurbilean, Asiako hego-ekialdean edo Indian emaitza onak lortzeko gai garen"

Zein dira OJMARen datozen bost urteetarako helburu nagusiak?

Hiru erronka nagusi ditugu. Lehenengoa lantaldearekin lotuta dago. Gaitasun handiko pertsonak ditugu, eta gure helburua OJMARen gustura eta motibatuta jarraitzea da, etorkizuneko aldaketei aurre egiteko prestatuta egotearekin batera.

Bigarrena gure posizio teknologikoari eustea da. Batteryless gamarekin lortu dugun enpresa berritzailearen izaera sendotu nahi dugu. Oraindik lan handia dugu egiteko produktu-gama horretan, eta datozen bost urteetan pilarik eta kablerik gabeko sarrailen teknologian erreferente izaten jarraitu nahi dugu.

Hirugarrena merkatu berrietara zabaltzea da. Historikoki Europan eta Estatu Batuetan jarri dugu arreta, baina beste merkatu batzuetan ere baliabideak jartzen hasi gara. Asian sartzen eta langileak kontratatzen ari gara. Ikusi beharko dugu Ekialde Hurbilean, Asiako hego-ekialdean edo Indian emaitza onak lortzeko gai garen.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain