Maider Aldaz: “Jendea ahalduntzea beharrezkoa da etorkizunaren gidaritza hartzeko”

Hezkuntzan aldaketa baten beharra ikusita, master berri bat sortu dute Euskal Herriko Unibertsitatean, enplegagarritasuna hobetzera eta lidergo trebetasunak esploratu eta lantzera bideratuta dagoena

Maider Aldaz masterreko eta Aldatuz laborategiko ekintzaileetako bat eta irakaslea | Argazkia: Utzitakoa Maider Aldaz masterreko eta Aldatuz laborategiko ekintzaileetako bat eta irakaslea | Argazkia: Utzitakoa

Iraunkortasunerako Lidergotzan eta Aldaketaren Kudeaketan Eragiten izeneko masterra Euskal Herriko Unibertsitateko hezkuntza-espazio esperimental berria da, Aldatuz balio soziala sortzeko laborategiak sustatu duena. Esperientzian oinarritutako ikaskuntza programa da, etorkizunean norbere enplegagarritasuna hobetzera eta barrena mugitzen duen horrekin lerrokatzera bideratuta dagoena. Masterrak, irakaskuntza eraldatzaile eta sortzaileko ingurune batean parte hartzearekin batera, balio soziala eta iraunkorra sortzen laguntzeko aukera eskaintzen du. Aurtengoa da master berriarentzat lehen ikasturtea, eta lau irakasleren ideia berritzaileari esker sortu da. Maider Aldaz da masterraren sortzaile eta bertako irakasleetako bat.

Aldatuz izeneko laborategia eta master berri bat sortu dituzue. Aldatzeko beharra ikusi zenuten?

Unibertsitateko hezkuntza mailan aldaketa batzuen premia antzeman genuen, bai, sistema apur bat zaharkitua zegoela iruditzen baitzitzaigun. Gizarteak beste behar batzuk dituela konturatu ginen, gehiago mundu mailan dauden erronka globalei begira, izan klima aldaketa, edota desparekotasuna. Gizartean egiaz aldaketa bat egon dadin, ordea, hezkuntza sisteman ere aldaketa batek egon behar duela uste dugu, teoriara baino gehiago praktikara bideratuz. Jendea ahalduntzea beharrezkoa da aldaketa horiek norbera dagoen tokitik egin ahal izateko, etorkizunaren gidaritza hartzeko, eta helburu horrekin sortu ditugu Aldatuz laborategia eta Iraunkortasunerako Lidergotzan eta Aldaketaren Kudeaketan Eragiten izeneko master berria.

Zehazki, zer da eskaintzen duzuena?

Aldatuz, balio soziala sortzeko laborategia da, iraunkortasunerako gaitasunak eskuratzeko ikaskuntza espazioa. Etorkizuneko lan merkaturako norbere enplegagarritasuna indartzeko aukera eskaintzen du. Horren barnean kokatu dugu Iraunkortasunerako Lidergotzan eta Aldaketaren Kudeaketan Eragiten izeneko masterra ere, eta hori da une honetan, laborategiko produktu izarra. Hala ere, laborategiak irakasleen artean hezkuntza proposamen ezberdinak egiteko ere balio digu, beste herrialde batzuetako hezkuntza programak gurera ekarriz. Etorkizunera begira, komunitate bat sortzeko asmoa ere badugu, baina garatzen ari gara oraindik.

“Etorkizuneko lan merkaturako norbere enplegagarritasuna indartzeko aukera eskaintzen du”

Zuen eskaintza nagusia masterra dela diozu. Zer irakasten duzue bertan?

Master honen helburua bidaia baten moduan planteatzen dugu guk. Bidaia horren amaiera izango litzateke bakoitzak bere master amaierako lana egin ahal izatea. Foko bezala hartzen dugu azken lan hori eta, hain zuzen ere, proiektu hori burutzeko norbera mugitzen duen zerbait bilatzea da gure helburua, izan enpresa berri bat martxan jartzea, edo norbere ingurunean aldaketa bat proposatzea. Ikasleak berak bere nahia zein den identifika dezan saiatzen gara, alegia, bakoitzak, norbanako ikuspuntu horretatik balio soziala sortzeko helburuarekin aldaketa bat nola eragin dezakeen identifikatzea da masterraren xedea.

Hori abiapuntu bezala hartuta, eta planteatzen dugun bidaia egiteko, Otto Scharmerren U teorian oinarritzen gara.

Azaltzerik izango zenuke zer den U teoria hori?

U teoria Otto Scharmer Massachusettseko irakasleak bere izen bereko liburuan landu duen teoria da, eta enpresen barruan berrikuntza sustatzeko metodologia eskaintzen du. Horri tiraka, lau puntuko U forma duen prozesua sortu dugu guk ere, gure lehendabiziko lau ikasgaiak izango liratekeenak. Ikasle bakoitzak balio soziala sortzeko bere proposamena garatu beharko duenez, taldeka lan egiteko erronka batzuk ere eskaintzen dizkiegu ikasketa instrumentu bezala. Taldeka erronka bat izango dute, eta norberak indibidualki egin beharreko bide berbera egin beharko dute talde erronka horretan ere.

“Ikasleak berak bere nahia zein den identifika dezan saiatzen gara, alegia, bakoitzak, norbanako ikuspuntu horretatik balio soziala sortzeko helburuarekin aldaketa bat nola eragin dezakeen identifikatzea da masterraren xedea”

Lau puntu horiek ondorengoak izango lirateke: lehendabizikoan arazoa esploratzen dugu, Esploratu izeneko ikasgaian. Hortik, Parte Hartzea izeneko ikasgaira igaroko ginateke, planteatutako erronkari erantzuteko harremanetan izatea komeni den interes taldeak zeintzuk diren identifikatzeko. Behin parte hartuta, Sortzen izeneko hirugarren ikasgaiari ematen diogu hasiera, norberaren prototipoa prestatzen hasteko. Ebaluazioa izango litzateke laugarren eta azken ikasgaia.

Lau ikasgai horien ostean hasten da norberak bakarrik egin beharreko ibilbidea?

Urrian hasi eta martxora arte lau ikasgai horiekin aritzen dira, aurrez-aurreko klaseak eta talde lanak partekatuz. Behin aipatu dugun U hori eginda dutenean, martxotik aurrera, guk planteatutako erronka horrekin abiatu beharko dute beraien ibilbide indibiduala. Berriro ere U hori osatu beharko dute, baina norbere kasu partikularrean.

Hor tartean bosgarren ikasgai bat ere sartu dugu, Norberaren Tresna Kutxa izenekoa, amaierako lan hori osatzen laguntzea helburu duena. Bakoitzari proiektua osatzeko behar duena identifikatzen laguntzen dio ikasgaiak. Adibidez, zahartzaroarekin lotutako proiektu bat osatu nahi duenari, agian interesa dakioke adinekoen egoitza batean egonaldi bat egitea; edo hizkuntza bat garatu nahi duenak, hizkuntza horren ikastaroa ere egin dezake. Norbere beharren arabera eraikitzen da ikasgaia, eta master amaierako lana burutu bitartean ematen den ikasgaia da, biak konbinatuz.

Aldaketa baten beharra bazegoela aipatu duzu lehen, baina, nondik sortu zen masterra sortzeko ideia?

Lau irakasleren artean sortutako proiektua da, eta talde ekintzaile moduan definitu dugu geure burua. Behin baino gehiagotan hitz egin dugu somatzen genuen gabezia horretaz, eta aspalditik genuen zerbait egiteko gogoa. Hausnarketa puntua etxean bakartuta egon ginen unea izan zen, eta orduantxe hasi ginen proiektuari forma ematen. Egia esan, kosta egin zaigu dena martxan jartzea, gure masterra titulu propio estandar baten egituran sartzeko aldaketa batzuk egin behar izan ditugulako, baina lortu dugu.

Talde ekintzaileko lau kideak masterreko irakasleak gara, eta bakoitza ikasgai bakoitzeko irakasle eta arduraduna da. Horretaz gain, Euskal Herriko Unibertsitateko eta beste unibertsitate batzuetako irakasle gehiago ere baditugu masterrean, eta baita enpresa munduko eta zenbait erakundetako kideak ere.

Aurtengoa da masterreko lehen ikasturtea. Zer moduzko esperientzia ari da izaten?

Ikasturte bakoitzean hamabi ikaslek eman dezakete izena eta aurtengoan bederatzi ditugu. Oso gustura gaude izandako matrikula kopuruarekin, proposamen onarpenarekin, komunikazio planarekin, eta orokorrean, dena prest uztearekin denboraz oso justu ibili ginelako. Ez dugu jasangarria ikusten hamabi ikasle baino gehiagoko masterra, kalitatea galduko lukeelako eta ez ginatekeelako iritsiko. Bederatzi ikasleko taldeak aukera ematen du dena behar bezala egiteko. Barietate handiko klasea dugu, gainera, kanpotik etorritako ikasleak, adin ezberdinetakoak, eta graduatu berriak zein lan munduan esperientzia handia dutenak ditugulako. Oso aberasgarria da barietate hori izatea, bakoitzak bere ideiak eta jakinduriak partekatuz asko ikasten delako. Orain master amaierako lanean buru-belarri dabiltza.

Zein baldintza bete behar dira masterrean matrikula egiteko?

Bete beharreko baldintza bakarra graduatua izatea da, nahiz eta guk Enpresa eta Ekonomia fakultatetik eskaintzen dugun, diziplina anitzeko izaera duen masterra da. Erronkak ez ditugu perspektiba batetik bakarrik begiratu behar, azkenean, egoerara moldatzeko eta erronka ezberdinei aurre egiteko talde lana eta perspektiba ezberdinak egotea garrantzitsua iruditzen zaigu. Lehen edizio honetan, esaterako, enpresa ikasgaietatik iritsitako ikasleak izateaz gainera, hezkuntzatik etorriak edota ingeniaritzan graduatu berriak ere badauzkagu. Datorren ikasturtean auskalo! Baina edozein gradu ikasi duena izango da onartua.

“Bete beharreko baldintza bakarra graduatua izatea da, nahiz eta guk Enpresa eta Ekonomia fakultatetik eskaintzen dugun, diziplina anitzeko izaera duen masterra da”

Bestelakoan, 3.000 euroko prezioa duen masterra da, eta aurrez-aurreko ikasgaiak Donostiako Enpresa eta Ekonomia fakultatean izaten dira.

Masterrak dituen berezitasun guztien artean zer nabarmenduko zenuke?

Garrantzitsua iruditzen zait alde arrazionalak eta emozionalak uztartzen jakitea, eta master honetan horiek ere lantzen ditugu. Ikasgai guztiek dituzte emozioak lantzeko saioak ere, izan entzuteko moduei lotutakoak, edota lidergotzarekin zerikusia dutenak. Horiek lantzea eta garatzen laguntzea beharrezkoa iruditzen zait, eta horixe nabarmendu nahiko nuke, emozioek lidergotzan ere duten garrantzia.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK