Miren Bilbao: "Araban dugun erronka nagusienetakoa da enpresa ehuna ezagutzera ematea gizartean"

Parke teknologikoak "teknologia baino gehiago" direla aldarrikatu du Arabako parkeko gerenteak. "'Nola ahal dizut lagundu' horretan jarri gara", azaldu du

2020ko urtarriletik darama Bilbaok gerentzian | Argazkia: Jaizki Fontaneda/Foku 2020ko urtarriletik darama Bilbaok gerentzian | Argazkia: Jaizki Fontaneda/Foku

Elkarrizketa hau 2023ko azaroaren 23ko goizeko 5.30ean argitaratu da lehen aldiz. Aldiz, bertan jasotako datu batzuk ez ziren zuenak, eta zuzendu egin dira. EnpresaBIDEAren izenean, barka eragozpenak.

Arabako Parke Teknologikoak bilakaera esanguratsua izan du azken urteetan. Okupazioa %91ean kokatu da partzeletan, eta %79an bulegoetan. Pandemia aurretik %72 eta %28an zegoen, hurrenez hurren. Espazioa, ordea, handitzea aurreikusi dute, eta 2027rako beranduenez 900.000m2 gehiago izango dituzte enpresentzat. Miren Bilbao Larrauri parkeko gerentearentzat parkea orain arteko bere momentu onenean dago.

Zein momentutan dago Arabako Parke Teknologikoa?

Bere momentu onenean dago, bi arrazoirengatik. Batetik, hemen ditugun enpresa eta konpainiak hazten ari dira. Hainbat urtez tamaina berdinarekin izan dira, eta enplegu aldetik ere antzera. Baina azkeneko urteetan sekulako hazkundea izan dute, batez ere energia, biozientzia eta IKT sektoreak. Bestetik, beste sektore berri batzuk ere erakarri ditugu, tartean mugikortasuna, eta sektore aeroespaziala AVS iristearekin batera. Robotika eta automatizazioari loturik ere Robotekin ere bertan dugu, eta Zibersergurtasunaren Euskal Agentziaren eraikin nagusia hemen izango da. Azken baten, guretzat garrantzitsua zen proiektu estrategiko eta traktoreak erakartzea parkera.

Okupazio mailak gora egin du nabarmen azken urteetan.

Hala da. Enpresa kopurua hazi da, 140 inguru eta 3.000 langile inguru izatetik 169 enpresa 4.000 pertsona izatera igaro baikara. Baina esanguratsuena okupazio maila da: 2019-2020 urteetan partzeletan %72ko okupazioarekin geunden, eta bulegoetan %28rekin; orain %91ean, eta %79an, hurrenez hurren. Oro har, geratzen diren partzelak tamaina oso txikia dute. Merkatuan ikusi dugu, hain zuzen, hori ere aldatu dela. Duela gutxira arte heltzen zitzaizkigun proiektuek 100 eta 200m2 inguruko espazioak bilatzen zituzten gure eraikinetan; azken urteetan 1.000m2tik gorakoak izan dira, 8.000 m2koa azkenekoa. Tamaina oso handiko proiektuak iristen zaizkigu ofizinetan zein lurzoruetan, azken honetan 100.000m2tik gorakoak ere.

Parkearen apustua izan da, edo zuengana jo dute ikusi dutelako bertan egon behar direla?

Bi gauzak izan dira. Kalera ateratzeko era aldatu egin dugu. Ni gerentziara heldu nintzen pandemia iritsi baino bi hilabete lehenago, 2020ko urtarrilean. Eta argi nuen plazan izan behar ginela, kalean.

Argazkia: Jaizki Fontaneda/Foku
Azken urteetan, zerbitzu espezializatuak eskaintzen ari da Arabako parke teknologikoa | Argazkia: Jaizki Fontaneda/Foku

Nola gauzatu da lanketa?

Gakoa izan da niretzat Gasteizko foro guztietan izatea, eta Arabako toki guztietan. Gonbidatzen ez gintuzten gauzetara joatea eskatzen genuen. Mahai estrategiko horietan guztietan izateak sekulako ikusgarritasuna eman digu, eta aurretik ezan bezala mahai horietan elkarlanean ari gara erakundeekin, enpresekin, klusterrekin eta unibertsitateekin besteak beste. Ampean —Arabako Emakume Enpresarien Elkartea— ere murgildu naiz, ideia berberarekin elkarlana sustatzeko eta emakumea zientzian ikustarazteko, Parkeko erronketako bat bait da.

Zein da helarazi duzuen mezua?

Parkea eta teknologia baino gehiago garela, edo ni neu gehiago naizela. Tokietara joaten ginenean balioan jartzen genituen gure enpresak, sektoreak, ekosistemak azpiegiturak, baliabideak... Horrek guztiak emandako ikusgarritasunak eta balioak ahalbidetu du gaur egun enpresek ikustea parkea izan daitekeela eurentzat toki aproposa.

Bestalde, hurbiltasuna ere izan da beste gakoetako bat. Gure posizionamendua aldatu dugu: “nola ahal dizut lagundu” horretan jarri gara erakundeekin, parkeko enpresekin eta modu zabalean Gasteizko enpresekin. Entzuteko eta laguntzeko gaudela helarazi diegu. Une honetan, hilabete eta erdiro hitz egiten dut enpresekin gutxi gora behera, galdetzeko zer behar duten: nor behar duten parkera ekartzea, zein azpiegitura behar duten... Eta esan bezala, ez soilik parkekoekin; Gasteizko enpresei ere helarazten genien ea parkeko enpresek laguntzerik izan zezaketen. Horrek guztiak ahalbidetu du ateak zabaltzea.

Eta zergatik aldaketa?

Lantzen ari garen ildo guztiengatik. Jasangarritasunaren ikuspegitik sekulako lana egiten ari gara, baita azpiegiturekin ere. Ezarri berri dugun 5G sarea espainiar estatuan bakarra da, lehenengoa halako ezaugarriekin. Hori lehen oso zaila zen. Bestalde, ematen dugun zerbitzuengatik. Betidanik eman ditugu balio handiko zerbitzuak —jardunaldiak edo saretzea tarteko—, baina une batetik aurrera beharrezkoa ikusi genuen enpresekin benetako hausnarketa egitea beraiek zituzten beharrei buruz, jende asko gabiltzalako gauza berak egiten.

Urtebete edo behar izan genuen lanketa egin eta definitzeko, baina azkenean zerbitzu oso-oso espezializatuetan zentratu ginen.

"Gakoa izan da niretzat Gasteizko foro guztietan izatea, eta Arabako toki guztietan. Gonbidatzen ez gintuzten gauzetara joatea eskatzen genuen. Toki estrategiko horietan guztietan izateak sekulako ikusgarritasuna eman digu"

Euskadiko Parke Teknologikoen plan estrategikoarekin lotuta?

Dena lotuta doa. Talentuaren beharrei erantzuteko jarri dugu martxan BeParke —pertsonen zaintzan, kontziliazioan, kirolean... zentratua— eta KTalent. Azken horri lotuta. Hamar enpresetatik bederatzik adierazi dute kezkatuta daudela talentuaren kontuarengatik, eta zailtasunak dituztela erakartzeko. Beraz, lanketak egiten ditugu haiekin erakargarriagoak izan daitezen.

Era berean, parkean dauden enpresei inbertsioak lortzea errazteko lan egiten dugu KBusinessekin, eta KConnecten bitartez ahalbidetzen diegu enpresei euren kabuz egitea ezinezkoak dituzten konexioak egitea, esaterako, enpresa handiekin. Azkenik, KFuturekin espainiar estatuko parke teknologikoekin bat egiten dugu teknologia disruptiboei loturiko formakuntza egiteko. Eta, noski, komunikazio arloa.

Plan estrategikoan jasotzen den alderdietako bat da parkearen hazkundea bultzatzea. Tartean, 900.000m2ko zabaltzea izango du. Nola doa?

Dagoeneko abian da, eta dena ondo badoa datorren urtean sektorizazio-planak behin betiko onarpena izango du, eta hortik aurrera hasiko gara urbanizazio proiektua idazten. Helburua da 2026 bukaeran edo 2027an lurzoruak prest izatea enpresak ezartzeko. Eta bitartean Marie Curie eraikina martxan jarri dugu, haize tunelarekin, AVSrekin eta Basquevolteko I+G taldearekin.

Parkea zabaltzeko prozedura esperotako denboran gauzatzen ari da?

Bai, prozedura hauek bere bidea daramate, baina gogor gabiltza lanean erakunde guztiekin bat aurretik aipatutako datak betetzeko eta itxaroten ditugun proiektuei erantzuna emateko.

miren bilbao3
"Sarea sortzea da nire lana, enpresena eta proiektuena", dio BIlbaok | Argazkia: Jaizki Fontaneda/Foku

Zein puntura arte egiten ari zareten apustuek lagun dezakete enpresen errotzean?

Ezinbestekoa da enpresen errotzea lortzeko, baita talentuarena ere. Gure leloa da: oraina hobetzen eta etorkizuna sortzen dugun tokia gara. Gure enpresak hemendik hamabost urtera gertatuko den horretan ari dira lanean. Hori kontatu, islatu eta balioan jartzeko gai bagara, posible izango da enpresen errotze hori bermatzea. Noski, parkean badira kanpoko inbertsioa duten edo multinazional diren enpresak, baina gehienak bertako jendearenak dira. Kanpora joateko aukera izan dute, eta Araban geratu eta parkearen aldeko apustua egitea erabaki dute.

Parkeak duen beste berezitasun bat da sare bat garela. Espainia mailan Euskadiko parke teknologikoak aitzindariak gara, baita erreferente ere. Hori ondo landuta, inork ez du kanpora joan beharko bere proiektuak ezartzera. Beraz, rol garrantzitsua du proiektuen errotzean. Eta talentuaren errotzean ere bai. Gai bagara hemen proiektu interesgarriak eta baldintza eskaintzeko, eta pertsonak zaintzeko talentua ez da joango edo ez dugu haien bila joan beharko.

Elkarlana ere gakotzat jo ohi duzue.

Parkean ematen ditugun zerbitzuen artean, helburuetako bat da elkarlan hori erraztea. Hasieran aipatu dudan bezala, enpresetatik oso gertu nago. Beharrak entzun egiten ditut, eta loturak egin. Agian enpresa jakin batek helarazten dizu behar jakin bat duela, eta ohartzen zara beste batek egiten duenak lagun dakiokeela, soilik jarduera bera ezagututa. Loturak egiten dituzu.

Sarea sortu?

Sarea sortzea da nire lana, enpresena eta proiektuena. Horrek sekulako balioa ematen du.

"Gure leloa da: 'oraina hobetzen eta etorkizuna sortzen dugun tokia gara'. Gure enpresak [egiten ari direna] kontatu, islatu eta balioan jartzeko gai bagara, posible izango da enpresen errotze hori bermatzea"

Emandako pauso horiekin, parkearekiko urruntasun hori hurbiltzea lortu duzuela sentitzen duzue?

Bai. Nik uste dut Gasteizen orain gehiago hitz egiten dela parkeari eta bertan dauden proiektuei buruz. Hurbiltasuna irabazi dugu unibertsitateekin, Lanbide Heziketarekin ere, ganberarekin eta enpresekin. Eta lehen gizartearen artean ere parkea ezezagunagoa zen.

Ezagutza falta al da enpresa esparruan egiten ari denaren inguruan?

Araban dugun erronka nagusienetakoa da enpresa ehuna ezagutzera ematea gizartean. Jendeak ez du ezagutzen Araban dagoen industria. Michelin edo Mercedes bai, baina ez zein ikerketa egiten den, ezta zein industria eta enpresa mota dagoen. Eskoletara hori zabaldu behar da.

Era berean, zabaldu behar da enpresariak behar ditugula eta ekintzailetza behar dugula. Horrek ematen digu aberastasuna herri moduan.

Zer dela eta ezagutza falta hori?

Bada, agian ez delako ezer egin dibulgazio hori egiteko. Eta ez soilik gizartean. Eragile ekonomikoen artean ere askotan ez da jakina Araba dela estatuko probintzia industrialena. Beraz, gizartean are gutxiago.

Eskoletan Inspira STEAM mentore naiz, eta datua ematen dudanean hasieran zalantzan ere jarri ohi dute. Kontatzen diezunean enpresetan zer egiten den, zein motatako proiektu dituzten, erakargarritasuna eta interesa pizten da. Dibulgazio eta partekatzea gako da.

"Parke teknologikoetan kokatzen dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako enpresen %1. %1 horrek egiten du EAE mailan berrikuntzan egiten den guztizko %38"

Zergatik da euskal gizartearentzat parke sare indartsua izatea?

Parke teknologikoetan garatzen diren proiektu motek ahalbidetzen digutelako gizarte bezala aurrera egitea ongizateko etorkizun baterantz, efizienteagoa eta jasangarriagoa izango dena, besteen menpekoak izan gabe. Adibidez, Basquevolten kasua jartzearren, gai bagara baterien kontuari EAEn fabrikazio propioa duen toki batetik erantzuteko, horrek independenteago egiten gaitu, eta ziurgabetasuna gutxitu egiten du.

Beraz, zenbat eta indartsuagoak izan etorkizuneko soluzioen teknologia eta berrikuntza garapenean, orduan eta ongizate gehiago izango du geure gizarteak, konponbide errazagoa bilatuko diegu gizarte bezala ditugun erronkei, garapen ekonomiko handiagoa izango dugu, enplegu kualifikatuagoa, eta horrek guztiak aurrera egiten lagunduko digu.

Zein rol jokatzen du Arabako parke teknologikoak lurralde berrikuntzan?

Parke teknologikoetan kokatzen dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako enpresen %1. %1 horrek egiten du EAE mailan berrikuntzan egiten den guztizko %38. Hori oso esanguratsua da. Datu horren eskutik, Arabako parkearen kasuan zifra pixka bat baxuagoa izan daiteke. Baina Araban egiten den berrikuntza inbertsioaren parte gehiena parkeko enpresetan kokatzen da.

Argazkia: Jaizki Fontaneda/Foku
STEAM bokazioak sortzeko lanean ari da Bilbao. Ampeako presidente ere bada | Argazkia: Jaizki Fontaneda/Foku

Berrikuntza teknologikoaz ari al gara soilik?

Denetarik. Prozesuetan, marketinean... azkenean berrikuntza kultura dagoenean enpresa baten, alor guztietan islatzen da. Ez da bakarrik berrikuntza teknologikoa. Guk badugu berrikuntza plana, eta prozesu, prozedura, komunikazio edo enpresekin harremantzeko moduetan egiten da berrikuntza hori. Edozein kasutan, parkeetan egiten den berrikuntza ez da soilik arlo teknologikoan kokatzen; kultura bat da, berrikuntza kultura hori dago.

Arestian aipatu duzu jasangarritasuna. Helburu duzue 2030erako kontsumo energetikoa %35ean murriztea eta %60 2050erako—, %32 energia berriztagarriak izatea, eraikinen %40k izatea B edo B-A kalifikazioa... Proposatutakoa lotzeko bide onetik al doa parkea?

Bai. Izan ere, ezer baino lehen neurtu dugu non gauden eta zein neurri hartu behar ditugun. Horrekin batera, gure kontsumo guztiak monitorizatzen eta neurtzen ari gara. Adimen artifizialaren bitartez modelo prediktiboak egin nahi ditugu, eta kontsumoa optimizatu. Esaterako, klimatizazioa orain ordu baten piztu eta beste baten itzaltzen da. Programatuta dugu enpresek esaten digutena abiapuntu hartuta. Nahi duguna da, esaterako, abuztuan, solairu guzti batean inor ez badago, hori itzali ahal izatea, orain posible ez dena.

Era berean, energia berriztagarriko plantak ezartzen ari gara, eraikinen instalazioak eta inguratzaileak aldatu ditugu, lorategiak ureztatzeko sisteman aldaketak egin ditugu, bide berdea izango dugu datorren urtetik aurrera bizikletaz etorri ahal izateko... Joan den urtean 40 interbentzio egin genituen hiru parkeetan, 2,7 milioi eurotako inbertsioarekin. 2023an, aldiz, 62 ekimen ditugu, 5,2 milioi euroko inbertsioa ia-ia.

Zuen iniziatibatik sorturiko egitasmoak dira, ala enpresek hala eskatuta?

Esango nuke gehiago gure kontua dela. Eta plana ere gurea da. Hala ere, enpresei begira foroak ditugu, mugikortasunari, jasangarritasunari... loturik. Praktika onak ekartzen ditugu kanpotik, eta enpresen artean zabaltzen ditugu. Eta gure enpresen praktika onak ere identifikatzen eta zabaltzen ditugu.

"Gure enpresak lanean ari dira hamabost urte barru gertatuko diren gauzetan; eta gu aldi berean gai izan behar gara etorriko diren beharrei aurrea hartzeko. Eta horretan ari gara hain zuzen. Aurreratzen"

Eta, Ampeako presidente ere bazarela kontuan izanik, berdintasunari loturik, zein lan egiten ari zarete Arabako parke teknologikotik?

Parke moduan berdintasun plana dugu. Zuzendari nagusia ere emakumea da, eta zuzendaritza batzordea, baita parkeetan oro har ere, parekidetasuna dago, maila guztietan, alegia.

Hala ere, lana egiten ari gara zientzia eta teknologian emakumeek duten ikusgarritasuna bultzatzeko. Esaterako, Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Egunerako —otsailaren 11an— enpresei eskatzen diegu emakume profilak ematea, zientzia eta teknologia esparruan lan egiten ari direnak, ikusgarritasuna emateko. Era berean, esparru horretan lanean ari diren emakumeen datu base izugarria dugu.

Azaroan izan berri den zientziaren astean ere izan dugu beste egitasmo bat, non ikasleak parkera etorri diren zientzia eta teknologia arloko emakumeekin elkarrizketak izateko, modu hurbil baten erreferenteak sortzeko. Bokazioetan gako dira. Eta Inspira STEAMen dauden mentore emakumezkoen %85 Arabako parke teknologikoetako enpresetan ari dira. Hor ere hitzarmena dugulako. Beraz, gure papera da emakumeek zientzia eta teknologian duten papera gorestea. Gorespen horrek aldi berean bokazio zientifiko teknologikoei, etorkizunean enpresek talentu hori izan dezaten.

31 urteko ibilbidea du Arabako parke teknologikoak. Zer mantentzen da hasierako helburuetatik eta egiteko moduetatik?

Lurraldearekiko konpromisoa, berrikuntza eta garapen teknologikoaren garrantzia, eta parkearekiko hurbiltasuna. Azken horri lotuta, parkea hazi bada ere, gai izan gara parkeko taldearen arteko harreman estu hori mantentzeko.

Eta zer aldatu da?

Sektoreak, enpresen tamaina, talentua bera eta talentu horren beharra. Eta harremantzeko modua eta lan egitekoa ere aldatu dira. Gerora begira gai izan behar gara moldatzeko eta erantzuna emateko talentu, mugikortasun eta bestelako erronkei. Eta horretan ari gara. Aurreratzen. Hori 'kutsatu' egiten da. Gure enpresak lanean ari dira 15 urte barru gertatuko diren gauzetan; eta gu aldi berean gai izan behar gara etorriko diren beharrei aurrea hartzeko. Eta horretan ari gara hain zuzen: aurreko plan estrategikoan, 2017koan, dagoeneko txertatu genituen GIHak, eta helburuek 17 helburuetatik 14tan eragiten dute. Mahai estrategikoetan izateak ahalbidetzen digu antenak izatea, burua alor askotan dugulako sartuta. Hori da gure balioa.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK