
Mugikortasun adimendun eta jasangarria ardatz izango duen Mubil zentroa inauguratu zuten atzo Donostian, Eskuzaitzeta industria gunean. 2018an abiatu zen Mubil proiektua, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta, eta azken urteotako lanaren emaitza izan da punta-puntako teknologiaz hornitutako berrikuntza espazioaren irekiera. Eider Mendoza lurraldeko diputatu nagusiaren hitzetan, “sekulako herri proiektua” da, “gure amets guztiak gainditu dituena”.
Inaugurazio ekitaldia atzo egin bazen ere, hainbat enpresa-proiektu jada lanean ari dira lehenagotik espazio berrian. Mugikortasun sektoreko zortzi enpresa (Battera, Lazpiur, NX, Battbelt, Veltium, Wattson, AVL eta Novac) eta bi kudeatzaile teknologiko (Cidetec eta EPower Labs) ezarriko dira zentroan, eta 80 bat langile arituko dira bertan lanean. Zentroa, baina, “entsegu laborategi bat baino gehiago” izango dela adierazi du Igor Villarreal Mubileko zuzendari nagusiak, “berrikuntza eskosistema bat" izango da, bere aburuz. Hala, Mubilen egoitzaren inguruan izango dira Cidetec, Vicomtech edota Tecnaliaren egoitzak, zeinak Mubileko eragileekin elkarlanean arituko diren. Mendozak argitu duenez, Eskuzaitzetan garatuko den berrikuntza ekosistemak 400 bat lanpostu sortuko ditu datorren urterako, are industrialdeak etorkizunera begira hazkunde gehiagorako aukera duela azpimarratu du.
48.000 metro karratu ditu Zubietan (Donostia, Gipuzkoa) kokatuta dagoen industrialdeak eta 9.7000 metro karratu Mubili dagozkio. 25 milioi euroko inbertsioa baliatuta, hiru entsegu-laborategi eraiki dituzte, zeinetan tokiko enpresez gain, nazioartekoek ere euren prozesu, zerbitzu eta produktu berriak probatzeko aukera izango duten. Mendozak jada bertan dauden nazioarteko enpresa horietako batzuk zeitzun diren aurreratu du: Mclaren, Iveco, Stellantis (Peugeot, Fiat, Citroen edota Opel marken taldea, besteak beste) eta Emotors.

Hiru laborategi
Gipuzkoan, industriaren BPGaren %40 automozio sektoreak biltzen du. Halaber, lurraldeko negutegi efektuko gasen %48 garraioak sortzen ditu. Bi datu horiek kontuan hartuta, abiatu zuen orain urte batzuk Gipuzkoako Aldundiak mugikortasun jasangarriaren aldeko bidea, Mendozak argitu duenez, eta mugikortasun jasangarriaren aldeko apustuak gizarteari ekarpena egingo diola azaldu du.
Espazioaren ateak zabalduta, ekitaldia instituzionala egin dute gaur. Mendoza eta Villarrealekin batera, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Unai Andueza Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua edota Eneko Goia Donostiako alkatea izan dira bertan.
Mubileko egoitza berria osatzen dute hiru laborategiak ikusteko parada izan dute agintariek. Biltegiratze elektrikoko laborategia da hiru espazioetako bat, eta mugikortasun elektrikora bideratutako bateriak balioztatu eta horiekin entseguak egin ahalko dira bertan. Gelaxkak, moduluak eta bateria sistemak izango ditu, eta errendimendua, segurtasuna eta iraunkortasuna baldintza errealetan ebaluatzeko aukera eskainiko du. 800 gelaxka baino gehiagorekin aldi berean probak egin ahalko dira, laborategia segurtasun sistema aurreratuez diseinatuta dagoelarik.
Gipuzkoan, industriaren BPGaren %40 automozio sektoreak biltzen du, eta lurraldeko negutegi efektuko gasen %48 garraioak sortzen ditu
Laborategi horrek bigarren espazio bat du, zeinetan “talka eta bibrazio saiakuntza mekanikoak” (Dual Shaker) egin ahalko diren. Bateria sistemek muturreko baldintzen aurrean (bibrazioak edota bat-batekoa talkak) izan dezaketen erresistentzia ebaluatu ahal izango dute enpresek, eta ibilgailu elektrikoaren benetako egoerak erreplikatuko ahal izango dituzte. Horretarako, azelerazioak eta balaztatzeak simulatzen dituzten bi bibrazio eragingailu izango dira.

Bigarren laborategiak ibilgailu arin eta astunei trakzio elektrikoko (powertrain) sistemen ebaluazioa egitea ahalbidetuko die. Kontrolatuta baldintza operatiboetan, sistema horien errendimendua, eraginkortasuna, iraunkortasuna eta portaera elektrikoa aztertu ahalko da. Hala, “bankada autonibelatzaile bat” du laborategiak, errodaje baldintza zorrotzak simulatzen dituzten bi dinamometrorekin.
Hirugarren eta azken laborategian, hidrogenoa erabiliz argindarra sortzeko sistemak probatuko dira. Erregai pilen laborategia izango da, eta tenperatua eta hezetasun baldintza simulatu ahalko dira ganbera estanko batean. Erregai pilak hidrogenoa eta oxigenoa argindar bihurtzen du. Hidrogenoa suharbera izanik, azpiegiturak sentsore batzuk ditu gasen kontzentrazioa eta presio atmosferikoa denbora errealean kontrolatzeko, leherketak ekidinez.
Abangoardiazko azpiegitura
Bisita gidatua egin aurretik hitz egin du lehendakariak. Lehenik eta behin, Gipuzkoan berrikuntzaren abangoardia egindako ahalegina nabarmendu nahi izan du. “Mubil mugikortasun elektrikoa eta garraioaren digitalizazioa bezalako funtsezko teknologiak garatzeko laborategi aurreratuak dituen abangoardiazko azpiegitura da”. Bada, proiektu honek Gipuzkoa eta Euskal Autonomia Erkidegoa "Europako berrindustrializazioaren pole position-ean kokatuko" duela uste du lehendakariak

“Mubil center bezalako zentrorik ez dago Europan”, argitu du Anduezak eta atzokoa Gipuzkoarentzat “egun historikoa” dela esan du; ikuspegi partekatu baten emaitza". Izan ere, tankerako berrikuntza zentroak nazioartean aurki badaitezke ere, espazio fisiko berean sektoreko enpresa eta ikerketa zentro ugari elkartzen dituen bakarra da. “Mugikortasun adimendunaren eta jasangarriaren esparruan erreferentziako ekosistema bilakatuko nahi ditugu Gipuzkoa eta Euskadi. Ekosistema dinamiko batez ari gara, mugikortasunaren sektoreko balio-katea osatzen duten enpresen beharretara egokitzeko gai dena eta negozio aukera berriak sortzeko aukera emango diguna”, gaineratu du.
Unai Andueza: "Ekosistema dinamiko batez ari gara, mugikortasunaren sektoreko balio-katea osatzen duten enpresen beharretara egokitzeko gai dena eta negozio aukera berriak sortzeko aukera emango diguna”
Mubil Centerrek egitarau zabala izango du datozen hilabeteetan. Maiatzaren 23an ekingo dio, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) buru duen Mugikortasun Iraunkorreko Ikerketa Agendaren aurkezpen ofizialarekin. 29an, aldiz, Mubil Lab Experience egingo da, nazioarteko enpresa garrantzitsuak bilduko dituen topaketa teknikoa, sektorean dituzten garapen eta estrategiak partekatzeko.
Ekainean, karga elektrikoari buruzko foro sektoriala hartuko du, eta MUBIL City Science Experience inauguratuko da, Gipuzkoako mugikortasunari buruzko datuak bildu eta aztertuko dituen MITen lankidetzako proiektua. Uztailean, Mugikortasuneko Enpresen Aholku Batzordea eratuko da, zentroaren lehentasunak eta ildo estrategikoak bideratzeko. Bidea hasi besterik ez du egin Mubilek.