• BERRIKUNTZA
  • Neikerrek segurtasun handiko laborategi berria inauguratu du Derion

Neikerrek segurtasun handiko laborategi berria inauguratu du Derion

5 milioi euroko inbertsioarekin, zentroak arrisku biologiko handiko patogenoen ikerketarako azpiegitura modernizatu du

200 metro karratu gehitu dizkiote instalazioari | Argazkia: Neiker
200 metro karratu gehitu dizkiote instalazioari | Argazkia: Neiker
2025eko azaroaren 5a - 13:23

Neiker teknologia-zentroak, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko erakundeak, 3. mailako biosegurtasun-laborategi (NCB3) berritua inauguratu du gaur Derion (Bizkaia). Instalazioak 900 metro karratuko azalera du orain, eta segurtasuna zein eraginkortasun energetikoa handitu dira erabateko berrikuntza egin ondoren.

 

Lanek bost milioi euroko inbertsioa eskatu dute, Eusko Jaurlaritzak finantzatuta nagusiki eta Estatuko Ikerketa Agentziaren laguntzarekin. Zentroa arrisku biologiko handiko patogenoekin lan egiteko prestatuta dago, hala nola, hegazti-gripearekin, tuberkulosiarekin edo Q sukarrarekin. “Instalazio aparta da gaixotasun zoonotikoentzako konponbideak bilatzeko”, azaldu du Neikerreko Animalien Osasun Saileko arduradun Joseba Garridok.

Birmoldaketari esker, 200 metro karratu gehiago gehitu dira eta espazioak berrantolatu dira bost laborategi independente, animaliategi bat eta nekropsia-gela bat sortuta, besteak beste. Gune horiek animalien ongizatearen azken estandarrak betetzen dituzte, eta beste ikerketa-talde zein farmazia-enpresekin lankidetzan aritzeko aukera gehiago emango dituzte.

 

Eraikinak sistema kritiko erredundanteak eta geotermiaren bidezko klimatizazioa barneratzen ditu, segurtasuna eta efizientzia energetikoa areagotzeko. Imanol Pradales lehendakariak inaugurazioan adierazi duenez, “laborategi hauek sendotu egiten dute EAEk gaixotasunak zaintzeko eta prebenitzeko Europako sarean duen tokia». Neikerreko zuzendari nagusi Olatz Unamunzagak, berriz, azpimarratu du instalazio berriek aukera emango dutela “animalien gaixotasunen ikerketan aurrera egiteko” eta “sektorearentzat zein gizartearentzat onuragarriak izango diren emaitzak lortzeko”.