Ni.eus zerbitzuak bere eskaintza zabaldu du: posta elektroniko hutsetik komunikazio eta lankidetza digitalerako plataforma osatuago bat izatera igaro da. Egitasmoa PuntuEUS eta Iametzaren arteko lankidetzaren emaitza da, eta Azkue Fundazioaren babesa jaso du.
Plataforma berria Nextcloud software librean oinarritzen da, eta horri esker hainbat funtzio gehitu dira: egutegia eta kontaktu-agenda mantentzeaz gain, orain fitxategiak gorde, editatu eta partekatzeko aukera dago, baita online ofimatikako tresnak, formularioak eta jakinarazpen sistemak erabiltzekoa ere. Horrez gain, lehen aldiz, denbora errealeko komunikazioa txat bidez eta bideo-deien bidez integratu da.
"Hobekuntza horien helburua erakunde, elkarte eta kolektibo txikiei tresna digital kolaboratiboetarako sarbidea erraztea da", azaldu dute fundaziokoek. Horrez gain, gaineratu dute software librearen erabilerak bermatzen duela datuen kudeaketan erabilera komertzialik ez egitea, "subiranotasun teknologikoaren bidean urrats sendoa emanez".
Gauzak horrela, zenbait erabilera-eredu eskainiko dira: doako kontua mantenduko da, baina funtzionalitate gehigarriak dituzten plan aurreratuak eta talde edo komunitateentzako aukerak ere izango dira. Interesa dutenek ni.eus webgunean sortu ahal izango dute kontua.