Ordainketa epeen paradigma aldaketa

‘Ley Crea y Crece’ legeak Erantzukizun Mugatuko Sozietateen eraketan erraztasunak ahalbidetuko ditu, baita faktura elektronikoaren derrigortasuna ezarri ere. Araudiaren xehetasun guztiak zehazteke daude oraindik

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2023ko urriaren 15a - 05:30

Izapide zein burokrazia kostuak arintzeko helburua du Ley Crea y Crece —sortu eta hazi legea, euskaraz— delakoak. 2022ko irailean onartu zen Espainiako kongresuan, eta ekoizpen egituraren dinamismoa sustatzea zein nazioarteko erakundeen eskaerei eta gomendioei erantzutea du jomugan araudiak. Marko zabala estaltzen du, baina momentuz legearen atal guztiak ez daude indarrean, ezta araudi guztia erabat zehaztuta ere. Martxan dagoen alderdietako bat da, ordea, tramiteen arintzea. Horietatik nabarmenena da Erantzukizun Mugatuko Sozietateak sortzeko tramiteak erraztea.

 

Indarrean dauden eta ez dauden arauak zeintzuk diren argitzen aritu da Javier Rico Ruiz Laboral Kutxako Enpresen Garapen Produktuen burua. Gai “konplexua” dela dio. “Funtsean, legeak enpresen sorkuntza sustatu nahi du, enpresa sare indartsua lortzeko”, azaldu du. Egun, enpresa bat sortzea “buruhauste” izugarria da ekonomialariaren arabera, oztopo erregulatzaile zein administratibo ugariz betetako prozesua delako. Legeak traba horiek arindu nahi ditu, ostera enpresek garapena izan dezaten. “Gero eta enpresa sare indartsuagoa duen herrialde batek hobeto erantzuten die aldagai makroekonomikoei zein distortsio kaltegarriei”.

Enpresa txiki eta ertainen bilakaera du gidalerro legeak garapen hura lortzeko, eta digitalizazioan hainbat prozesu bideratu nahi ditu. Digitalizatzeko arazo handiak izan ohi dituzte, ahulezia ugari baitituzte merkatura moldatzeko, eta legeak ahulezia horiek “murriztu” nahi ditu Ricoren arabera. “Errekurtso gutxi dituzte eta finantzazioa lortzea konplexua da haientzat, batez ere kredituak lortzeko zailtasunak izaten dituztelako”. Hori horrela, faktura elektronikoaren derrigortasuna sustatzen du legeak, harreman komertzialetan erabiltzeko, baita enpresari indibidualen kasuan ere.

 

TicketBAIekin bateragarria

Faktura berria TicketBAI egitasmoarekin “bateragarria” dela dio Ricok, batez ere izaera desberdinak dituztelako. “TicketBAI proiektuak izaera fiskalizatzailea du, baita faktura elektronikoak ere, baina azken honek ordainketa epeen gaineko kontrola bideratu nahi du era berean”. “Elektronikoki” fakturatzea bilatzen du, baina aldi berean ezagutaraztea nork ordaindu duen eta noiz egin duen. Azken funtzio horrek berankortasunari aurka egin nahi dio.

Atal hori bereziki esanguratsua izan daiteke Espainia bezalako herrialde baten. Europa mailan, Espainiako enpresak ordaintzen gehien tardatzen duten bigarrenak dira, Italiaren atzetik. Alegia, zorrak kitatzeko 99 egun behar izaten dituzte batez beste, eta sistemak ahalbidetuko luke horren inguruko kontrol gehiago eramatea. Alemaniako enpresek, esaterako,  31 egun behar izaten dituzte ordaintzeko, baina egun gutxienak behar izaten dituztenak dira Finlandikoak (22 egun batez beste), Estoniakoak —25 egun— eta Norvegiakoak —30 egun—.

Javier Rico: “TicketBAI proiektuak izaera fiskalizatzailea du, baita faktura elektronikoak ere, baina azken honek ordainketa epeen gaineko kontrola bideratu nahi du era berean”. “Elektronikoki” fakturatzea bilatzen du, baina aldi berean ezagutaraztea nork ordaindu duen eta noiz egin duen.

Aitzitik, oraindik ez dago indarrean, faktura berriaren araudia kaleratzeke dagoelako. Oztopo administratiboen ezabaketari eta prozesuen arintzeari buruzko araudia duela urtebete jarri zen indarrean, irailean, legea onartu zenean. Hala ere, faktura elektronikoaren eta enpresen eraketa prozesua oraindik ez daude indarrean, hainbat lege moldatzen direlako eta prozesuak denbora behar duelako. Azken berrikuntza martxoan aurkeztu zen, fakturazio elektronikorako erregelamendua kontsulta publikora atera zenean. Enpresek legearen testuinguru berrian izan dezaketen moldaketa ez dela “erreza” izango argitu du Ricok. “Erregelamendu hori egiten denetik enpresa txikiek eta autonomoek ezartzen dutenera arte, bi urte igaroko dira gutxienez”, mahaigaineratu du ekonomialariak.

Fakturak eratzen ikasteko ere prozesu bat egon beharko dela dio adituak. Izatez, kasuan kasuko zerga agentziek enpresei ahalbideratuko die beren faktura propioak sortzeko erremintak eta, fakturak sortzeko prozesu propiorik ez badute, berau sortu ahal izateko tresna bat eskainiko diete. Hori guztia legeak arautzen duenera egokitu daitezen. Epe ertaineko prozesua izango dela uste du Laboral Kutxakoak.

Enpresak sortzeko prozesua arindu

Enpresa txiki eta ertainen inguruko berrikuntza bat dakar legeak, Sozietate Mugatu bat eratzeko beharrezkoa den 3.000 euroko kapitala kenduko delako araudiarekin. Nolabait prozesua arindu nahi da, ekintzaileentzako enpresa bat sortzea “soilagoa” izan dadin. “Legea beharrezkoa da enpresen sorreraren ikuspegitik, kostuak eta prozesuak bizkortzeko balio dezakeelako”, nabarmendu du Ricok. Honakoarekin produktibitatea, enpleguaren kalitatea eta nazioartekotzea handitzea bilatzen du legeak, araudiaren arabera enpresen lehiakortasuna handitzea eta hazkunde ekonomikoa bultzatzea lortzen delako.

Ekonomialariaren ustez legea paradigma “aldaketa” bat eratzen ari da merkataritza jarduera guztien finantzaketan. Ordainketa epeen murrizketak zein berankortasunaren aurkako borrokak eragin du honakoa: “Orain arte ordainketa epe luzeak nagusi izan dira, 90 bat egunekoak izaten zirenak”. Legearekin, 60 egungo epea emango da gehienez.

Sozietate Mugatu bat eratzeko beharrezkoa den 3.000 euroko kapitala kenduko da araudiarekin. Nolabait prozesua arindu nahi da, ekintzaileentzako enpresa bat sortzea “soilagoa” izan dadin

“Finantzazio beharrizana berdin mantenduko da, baina orain finantzazio kostuak zatitu egingo dira”. Hau da, araudi berriarekin, faktura kobratzen duenak aurrerakina bere gain hartzen du 60 egun horien baitan, ostera, faktura ordaintzen duenak finantzazioaren gainontzekoa pagatzeko. Merkataritza agenteen arteko zatiketa izango da ordainketan, bakoitzak ordainketa osoaren kopuru bat jasan beharko duelako: “Kobratzen duenaren eta ordaintzen duenaren finantzaketa kostuen ordainsari bat egongo da”.

Factoring eta confirming gisa ezagutzen diren prozesuak dira hauek, alegia, kobrantza eta ordainketa zerbitzuak dira. Factoringean, enpresak likidezia lortzen du bezeroei egindako epekako salmentekin; confirminga, berriz, hornitzaileei ordaintzeko tresna da. Termino bien paradigma aldaketa dagoela plazaratu du Ricok, epeen murrizketak interesdunen arteko ordainketa prozesua aldatzen duelako.

Finantzazio alternatiboa

Indarrean ez dagoen legearen beste atal bat finantzazio alternatiboarena da. “Crowfounding eta arrisku kapitaleko sozietateekin zerikusia duen guztia arautzea du helburu atal osagarri horrek”, azpimarratu du Ricok. Crowfounding bezalako finantzazio iturriak banku bidezko finantzazioaren ordezkoak dira, eta Espainiako araudia Europan ezarritakora egokitu nahi du legeak, orain arte finantzazio testuingurua ezberdina izan delako auzi horretan.

Crowfoundingean [...] Espainiako araudia Europan ezarritakora egokitu nahi du legeak, orain arte finantzazio testuingurua ezberdina izan delako auzi horretan

Urtero hazten ari diren finantzazio iturriak dira honakoak, eta ekonomialariak uste du beharrezkoa dela marko juridiko jakin bat ezartzea. “Hori bai, betiere inbertitzailearen eta banakoaren babesa indartu egiten baita”.