
Burujabetza teknologikoa eskuratzeko borrokan, teknologia kuantikoak zeresan handia izango duela iritzi diote Tecnalian, eta hori dela eta, sentsore kuantikoak diseinatu eta ekoizteko laborategia jarri dute abian. Diamante sintetikoak erabiliko dituzte sentsoreak sortzeko eta guztira bost milioi euroko inbertsioa egin dute.
“Eraldaketa potentzial handia” duen teknologia dela ziurtatu du Iñigo Arizaga Tecnaliako teknologia kuantikoen saileko zuzendariak. Quantum Lab izeneko laborategia, Bizkaiko Teknologia Parkean dago, Derion, eta bertan izan dira gaur Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Mikel Jauregi Jaurlaritzako industria sailburua eta Jesus Valero Tecnaliako zuzendari nagusia, besteak beste.
Laborategi berria bisitatzeko parada izan dute agintariek, zeina urte hasieratik martxan dagoen, nahiz eta gaur inauguratu den. Bertan diseinatuko diren sentsore kuantikoak sektore askotan txertatuko direla nabarmendu du Tecnaliak, besteak beste, osasun sektorean edota industrian. Izan ere, teknologia mota honek egun hautemanezinak diren datu eta seinaleak antzematea ahalbidetuko du.
Jesus Valero (Tecnalia): "Ziur gaude zibersegurtasuna, komunikazio kuantikoak, sentsorika eta metrologia kuantikoa birdefinituko dituela. Gaur martxan jartzen dugu gure subiranotasun teknologikoa lortzen lagunduko digun laborategia”
Sentsore kuantikoek zenbait parametro fisiko neurtzen dituzte, hala nola kanpo magnetikoak eta elektrikoak, tenperatura eta presioa, ohiko sistemek baino modu zehatzagoan. Industrian, halako sentsore magnetikoak produktu metalikoen akatsak detektatzeko edo material magnetikoen propietateak neurtzeko erabil daitezke. Kimikan, berriz, konposatuen egitura molekularra ikertzeko erabiltzen dira, eta informazio xehea ematen dute konposizioari eta propietateei buruz. Osasungintzan, askotariko erabilerak dituzte erresonantzia magnetiko bidezko irudigintzan, diagnostikoan eta monitorizazioan, besteak beste. Lehen sektorean, azkenik, meategiak arakatzeko, doitasun-nekazaritzarako edo elikagaien kalitate-kontrolerako balio dute.
Valeroren hitzetan, teknologia kuantikoa ekosistema zientifiko, industrial eta ekonomikoa “birdefinitzen” ari da. "Tecnalian ziur gaude zibersegurtasuna, komunikazio kuantikoak, sentsorika eta metrologia kuantikoa birdefinituko dituela. Gaur martxan jartzen dugu gure subiranotasun teknologikoa lortzen lagunduko digun laborategia”, adierazi du.

Era berean, Jauregik azpimarratu du “Tecnaliak sentsorika kuantikorako duen laborategi honen bitartez, forma emango” zaiola Jaurlaritzaren Industria Planaren lehentasunetako bati: “bikaintasunaren zientziak ekoizteko gaitasunak eta benetako industria-aukerak sortzea Euskadin".
Bestalde, Etxanobek ekitaldia probestu du jakinarazteko Bizkaian hamalau egitasmo jarri dituzte abian teknologia kuantikoaren arloan, eta, horretarako, 2,7 milioi euroko inbertsioa egin dutela argitu du.