
“Mundu gero eta digitalizatuago honetan, sistema elektronikoak gaur egungo edozein teknologiaren garuna direla esan dezakegu”, dio Jon Crego Ikerlaneko Sistema Elektroniko arloko arduradunak. Bada, digitalizazioak geroz eta pisu handiagoa duen testuinguru batean, Sistema Elektroniko Txertatuen garrantzia ere areagotu egiten da. Izan ere, sentsoreez, zirkuituez eta prozesadoreez osatuta daude sistema horiek, eta ezinbestekoak dira gure egunerokoan erabiltzen ditugun edozein gailuen funtzionamendurako, hala nola, telefono mugikorrak, garbigailuak, automobilak, trenak edota igogailuak.
“Funtsean, gailu hauek pentsaraztea edo erantzutea dute helburu, aire girotuan tenperatura erregulatze hutsetik hasi eta orbitan dagoen satelite bat kontrolatzeraino, automatizazioa erraztuz eta eragiketen zehaztasuna hobetuz”, azaldu du Cregok. Ikerlanek era guztietako aplikazioetarako sistema elektronikoak garatzeko talde espezializatuta du. Guztira 120 bat pertsona ari dira gaur-gaurkoz soluzio elektronikoen diseinuan eta garapenean buru-belarri, software, hardware eta gailuen zibersegurtasuna garatuz.
Horren erakusle da Donostiako Irisbond enpresarekin elkarlanean egindako proiektua: “Eye-Tracker gailurako prototipo berri bat garatzen lagundu diegu, mugikortasun arazoak edo hitz egiteko zailtasuna duten pertsonei gailu desberdinekin komunikatzeko eta elkarreragiteko aukera ematen diena”, kontatu du Ikerlaneko kideak. Eye-Tracker horrek pertsonaren begi irisaren mugimendua ezagutzen du, norantz begiratzen ari den identifikatzeko, eta, horrela, ordenagailuko saguaren erakuslea mugitu ahal izateko edota gurpil-aulki bat gidatzeko, begiradaren ahalmenarekin soilik.
Jon Crego: “Funtsean, gailu hauek pentsaraztea edo erantzutea dute helburu, aire girotuan tenperatura erregulatze hutsetik hasi eta orbitan dagoen satelite bat kontrolatzeraino, automatizazioa erraztuz eta eragiketen zehaztasuna hobetuz”
Horrelako punta-puntako teknologien atzean dira sistema elektroniko txertatuak, baita gure egunerokoan ohikoagoak diren tresnetan ere. Igogailuan eskua ez harrapatzearen erantzule dira, eta geltokietan autobus edo trena iristeko zenbat falta den jakinarazten duten informazio pantailenak. Autoetako intermitenteak edota aparkatzerakoan atzera begirako sentsoreak ere sistema elektroniko txertatuak dituzte tripetan. Aurrerapen teknologiko ororen atzean dira, eta Cregoren esanetan, hemendik aurrera, "beste esparru erraldoi bat" zabaltzen ari dira adimen artifiziala sistema elektronikoetara txertatuz.

Arau esparru berriaren atarian
Adimen artifizialaz gain, sistema elektroniko txertatuek badituzte beste zenbait erronka. Ikerlaneko adituak bi taldetan banatzen ditu: “denboran mantentzen diren erronkak eta teknologia berrien sorreraren ondoriozko erronkak”.
Lehenak lirateke produktuaren eta fabrikazioaren kosturak murriztea ahalbidetzen dutenak, sendotasuna handitzea edo produktuen miniaturizazioa, besteak beste. “Azken erronka horrek osagai elektronikoen tamaina murriztea dakar, sistemaren errendimendua, fidagarritasuna eta funtzionaltasuna sakrifikatu gabe”.
Era berean, sistema horien miniaturizazioak ere beste erronka batzuekin talka egiten du. “Produktu bat diseinatu nahi bada txikiagoa izan dadin, azken produktuaren kostua zigortu ohi du. Hori oso ondo ikusten da telefono mugikorren eta ordenagailu eramangarrien kasuan; izan ere, prestazioak mantentzeko zenbat eta txikiagoak izan, produktuaren kostua handiagoa izatea saihestezina da”.
Bigarren erronka multzoan, esaterako, "efizientzia handia eta kontsumo txikia" izateko diseinatutako elektronika aurki daiteke, batez ere bateriaren baten menpe dauden aplikazioetarako. Hemen ere zibersegurtasunaz hitz egin genezake: “Gailu elektronikoek zibersegurtasun-baldintza batzuk bete behar dituzte, asmo txarreko erasoak saihesteko, gero eta konektatuago dagoen mundu batean bizi garen honetan. Ildo horretan, Europan laster arau-esparru bat izango dugu, sarera edo beste gailu batzuetara konektatutako gailu elektronikoek nahitaez bete beharrekoa”.
Arau esparru berri horrek eragin handia izan dezake. “Mundu osoan Internetera konektatutako 22.300 milioi IoT gailu daudela aipatzen da. Produktu elektronikoak kritikoak dira energiaren, garraioaren edo industriaren sektoreetan, non pertsonen eta ondasunen segurtasuna eta babesa aparatu horien funtzionamendu egokiaren mende baitaude, eta funtzionamendu okerrak ondorio oso larriak izan ditzake”, ohartarazi du Cregok.
“Gailu elektronikoek zibersegurtasun-baldintza batzuk bete behar dituzte, asmo txarreko erasoak saihesteko, gero eta konektatuago dagoen mundu batean bizi garen honetan"
Hori dela eta, oso garrantzitsua da produktu elektroniko horiek zibersegurtasun-irizpideen arabera diseinatzeaz gain, noizean behin beren bizi-ziklo osoan eguneratzea, zibererasoen aurrean sendoak eta seguruak izan daitezen. Hori bermatu dadin ari dira nazioartean hainbat araudi aurrera ateratzen. Esaterako, Europan, Cyber-security Act, 2019/881 araua hemendik gutxira sartuko da indarrean. "Gaur egun, sistema elektroniko baten zibersegurtasun ebaluazioa enpresen borondatearen araberakoa da, baina Cyber Resilience Act erregelamendua nahitaez bete beharrekoa izango da, sistema elektronikoak dituzten edozein produktuk babes handiagoa izan dezaten eraso zibernetikoen zibersegurtasunaren aurrean", gehitu du Sistema Elektroniko arloko arduradunak.
Araudia betetzearekin ere sistemen miniaturizazioarekin pasatzen den antzerako egoera ematen da. Sistema elektroniko bat diseinatu daiteke inongo araudirik bete gabe, irakaskuntzarako, esaterako, eta oso baliagarria izan daiteke ingeniaritzaren ezagutzak bereganatzeko. Aitzitik, sistema hori bera merkaturatuko bada, araudi bat bete beharra du, eta beraz, ezinbestekoa da zenbait gehigarri ezartzea (filtroak, zibersegurtasunerako chip-ak…), hala, gehigarri bakoitzak ekoizpena kostuan eragina izan dezake.