• BERRIKUNTZA
  • "Subiranotasun teknologikoa indartzeko" elkartu dira Ikerlan eta Lantek

"Subiranotasun teknologikoa indartzeko" elkartu dira Ikerlan eta Lantek

Adimen artifizial agentiko propioa bultzatu dute bi erakundeek elkarlanean. Teknologia horrek aukera emango die industria enpresei euren datu, prozesu eta ezagutzaren kontrola izateko

Argazkia: Ikerlan
Argazkia: Ikerlan
2026eko otsailaren 25a - 11:50

Lantek enpresa eta Ikerlan ikerketa zentroa Galaxia izeneko proiektuan ari dira elkarlanean, zeinaren bidez “AA agentiko industrialeko arkitektura bat” garatu duten. Adimen artifizial agentikoa gizakiaren esku-hartzerik gabe modu autonomoan ingurunea hauteman, bere kabuz erabakiak hartu eta ekintza konplexuak gauzatzeko gai den sistema da.

 

Informazioa aztertzeko ez ezik ekintzak modu koordinatuan gauzatzeko gai diren eragile anitzeko sistemetan oinarritutako teknologia da. Eusko Jaurlaritzaren Hazitek programak finantzatu du proiektua, eta azaldu dutenez, subiranotasun teknologikoaren bidean “aurrerapauso bat” da, industriari aplikatutako adimen artifizialeko gaitasun aurreratuen tokiko garapenaren alde egiten baitu, kanpoko plataforma teknologikoekiko mendekotasuna murriztuz eta datuen eta prozesu kritikoen gaineko kontrola bermatuz”.

Sistema hau industria, osasuna eta retail sektoreko enpresetan erabili ahal izango da, eta aukera emango du datuen, prozesuen eta ezagutzaren kontrola babesteko.

 

Lantek proiektuaren erakunde koordinatzailea da, eta software industrialean, datuen ustiapen aurreratuan eta ekoizpen prozesuetan aplikatutako laguntzaile adimendunen garapenean duen esperientziarekin lagunduko du. Ikerlanek bere teknologia eskainiko du, industria arloko sistema adimendunen garapenean eta ikerketa aplikatuan duen esperientzia, hain zuzen.

Aizea Lojo Ikerlaneko Adimen Artifizialeko eta AA sortzaileko ikerketa taldeko arduradunak, azaldu duenez, “AA agentikoaren oinarria da eragile adimendunek (bakoitzak funtzio eta erantzukizun jakin batekin) modu koordinatuan laguntzen dute arazo konplexuak konpontzeko, kide bakoitzak rol jakin bat betetzen duen giza talde baten antzera, baina helburu komun batekin lerrokatuta lan egiten du. Eragile bakoitzak gaitasun espezializatuak ematen ditu, hala nola analisia, plangintza, gainbegiratzea edo gauzatzea, eta gainerakoekin modu sinkronizatuan jarduten du, ezagutza eta testuinguru partekatua konbinatuz”.

Bere hitzetan, eragile horiek gaitasun handia dute datuak prozesatzeko, etengabe analizatzeko eta erabakiak denbora errealean hartzeko. Horri esker, adimen artifizialak eboluzionatu egiten du, asistentzia-lan hutsa izatetik produkzio- prozesuen barruan zeregin osoak egikaritzeko gai den sistema autonomo bat izatera, sektorea edozein dela ere.

José A. Lorenzo Lantekeko Data Area Managerrak, bestalde, argitu du adimen artifiziala ez datorrela langilea ordezkatzera. “Bere funtzioa da zeregin automatizagarriez eta analitikoez arduratzea, profesionalak gainbegiratzean, erabakiak hartzean eta etengabeko hobekuntzan zentratu ahal izan daitezen, eta horrek jauzi kualitatiboa dakar funtzionaltasunean, industrian aldez aurretik erabilitako soluzioekiko”, azaldu du.

Partzuergoan sektore estrategikoetako enpresek ere parte hartzen dute, hala nola Eroskik, Mondragon Assemblyk, Goizperrek, Xabetek, Ubikarek, Lis Datak, Fagor Arrasatek edo Dorletek.