Donostiako WeekINN Berrikuntzaren astearen edizio berria iristear da. Aurten, azaroaren 15etik 20ra bitartean hartuko du lekua, eta urtero legez, zientzia eta berrikuntza herritar guztiei hurbiltzeko asmoa izango du. Ane Oyarbide Donostiako Udaleko Ekonomia eta Tokiko Enplegurako zinegotziak zenbait xehetasun eskaini ditu gaur, eta edizio berriko programan fokua jarri baino lehen, adierazi du WeekINNek “inoiz baino zentzu eta indar handiagoa” izango duela aurten, “hirian aldakuntzak izaten ari garelako”.
Berrikuntzaren asteari hasiera emateko, Donostia Sustapenak FomoINN festibala antolatu du, zeina Kursaalen egingo den azaroaren 15 eta 16an. Ekitaldia “aurtengo nobedade nagusia” da, gazteengana bideratuta egongo da eta orotariko jardunaldiak eskainiko dira: kontzertuak, musika taldeen lehiaketak, hitzaldiak eta saio teknologikoak (robotika, bideojokoak, droneak…) egingo dira, besteak beste.
Bi egun horien ostean, zenbait jardunaldi egingo dira: adimen artifizialaren kongresua, ekintzaileei zuzendutako Mathieu Carenzo adituaren hitzaldia, Choose Europe for Science initiative nazioarteko konferentzia… Asteari itxiera emateko, ostegun arratsaldean, DSSINN sariak banatuko dira, zeintzuek aitortza egiten dieten hirian berrikuntza sustatzen duten enpresa eta erakundeei.
Oyarbidek eskerrak eman dizkie WeekINN antolatzeko elkarlanean aritu diren erakunde, star-up, enpresa eta asoziazioei. “Garai ona da Donostiarentzat, eta etorkizun oparoa dugu aurretik. WeekINN disfrutatzeko, ikasteko eta hiriaz harro egoteko gunea izango da”, gaineratu du.