Zayerrek eta Smart PMk jaso dituzte makina-erremintako eta industria 4.0ko sariak

Soraluzek aipamen berezia jaso duosagai eta tresna berritzaileen kategorian, eta Mikel González Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle ohiaren GRALa ere sartu dute

2022ko edizioko sarituak, gaur goizean, BECen | Argazkia: AFM klusterra 2022ko edizioko sarituak, gaur goizean, BECen | Argazkia: AFM klusterra

2022ko Espainiako Fabrikazio Aurreratuko eta Digitaleko Berrikuntzaren sariak banatu dira gaur goizean BECen, BIEMH makina-erremintaren biurtekoaren testuinguruan. AFM klusterrek antolatu ditu, BECen eta Beaz Bizkaiko Berrikuntza Agentziaren laguntzarekin, eta bost sari izan dira, zehazki, makina-erremintakoa, osagai eta tresnena, fabrikazio aditiboarena, industria 4.0koa eta start-up onenarena. Azken hau aurten eman da lehen aldiz, eta beste lau kategoriatara aurkeztutako start-upen soluzio guztietatik bat hautatu du unibertsitate eta erakunde publikoko ordezkariek osatutako epaimahaiak. Aurkezpenean izan dira Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapenerako diputatua, Galo Gutierrez Industria, Turismo eta Merkataritza ministerioko industria eta ETEetako zuzendari nagusia, Jose Perez Berdud AFM Clusterreko presidentea, Xabier Ortueta AFM klusterreko zuzendari nagusia eta Xabier Basañez BECeko zuzendari nagusia.

Makina-erremintakoan, Zayer arabarra saritu dute AETOS mekanizazio zentroagatik, trokelgintza eta moldeak egiteko makinagatik, hain zuzen ere. Epaimahaiak nabarmendu du ergonomia eta langileek erabiltzeko erraztasuna duela soluzioak.

Zayerren AETOS makina, saritutakoa, Biurtekoan | Argazkia: Maite Reizabal

Zayerren AETOS makina, saritutakoa, Biurtekoan | Argazkia: Maite Reizabal

Hautagai guztien artean Zayer zen bi kategoriatan saria jaso zezakeen enpresa bakarra, makina erremintakoan ez ezik, industria 4.0koan ere saritu zezaketelako. Bigarren honetan, ordea, beste enpresa euskaldun baten soluzioa nabarmendu du epamahaiak: Smart PM gipuzkoarraren MIC fabrikazio-prozesuen kudeaketa adimendunaren plataforma.

Aipatutakoez gain, badira euskal kutsua izan duen beste kategoria bat ere. Izan ere, osagai eta tresna onenaren saria Correa enpresarentzat izan da, BM-180 Mandrinatzeko barra guztiz trukagarriagatik. "Benetako jauzi kontzeptuala" egin izana aitortu dio epaimahaiak. Enpresa hori Eibarren sortu zen, baina egoitza nagusia Burgosen du 1960ko hamarkadatik. EnpresaBIDEAk Pedro Galarraga Correako erosketa arduradunarekin hitz egin zuen Biurtekoari buruzko erreportaje honetarako. Saritutako soluzioa argazkian ikus daiteke. Era berean, epaimahaiak aipamen berezia egin dio Soraluze enpresaren DWS piezaren indargetzaile aktiboari.

Fabrikazio aditibo eta 3Dko berrikuntzan saria eta start-up onenarena madrilera joan dira. Lehenengoa Navantiarentzat izan da, fabrikazio gehigarriaren bitartez eginiko formatu handiko lema-pala hibridoagatik. Diseinuaz gain, "hibridazio aurreratu eta oso berritzailea" egin izana azpimarratu du epaimahaiak. Bigarrena, aldiz, CITDek jaso du, "produktu berri baten garapenean egindako ibilbide esanguratsuagatik, hura ziurtatu eta industrializatu arte".

EHUko gradu amaierako lan bati saria

Enpresak saritzeaz gain, 2021 eta 2022 edizioko AFM-SIF sariak eman dira, makina-erremintaren sektoreari lotutako gradu amaierako lan onenei. 2021ekoa Mikel Gonzalez EHUko ikasleak irabazi du Osagai aeronautikoetarako zelula robotizatuan akabera-prozesuak diseinatu eta baliozkotzea proiektuagatik. 2022ko edizioa, ordea, Cadizeko Unibertsitateko ikasle batentzat izan da, Guzmán Domínguezentzat, AISI 630 altzairuaren jokaera tribologikoan testurizazio laserraren eragina proiektuagatik.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK