Ahoa bete hortz(etarako pilula)

Pilula eran ondutako dentifrikoa garatu du Onakek i+Med laborategiaren eskutik. Hortzetako pasta ordezkatzera datorren produktua punta-puntako teknologiaz sortua izateaz gain, hamar osagai naturalez egina dago

Onak produktua | Argazkia: i+Med Onak produktua | Argazkia: i+Med

Egunerokotasunean erabiltzen ditugun produktuei soluzio jasangarriak eskaintzea helburu duen fabrikatzaile eta marka da Onak. I+Med Gasteizko laborategiaren proiektu honek lau urte daramatza dentifriko berri bat garatzeko ikerketa lanetan. Adrian Iriarte proiektuaren fundatzaile eta arduradun nagusiak azaldu duenez, hortzetako pastaren merkatuen hainbat gabezia identifikatuta abiatu zuten Onak markapean tankera bereko produktu bat garatzeko abentura.

“Dentifriko gehienek jasangarritasunari buruzko arlorik ez zutela ikusi genuen, ezta osagai naturalik erabili edota eta punta-puntako teknologiarik ere”, azaldu du. Hortaz, Onaken helburua hiru alderdi horiek betetzen zituen hortzetako pasta garatzea izan da, eta horren emaitza konprimatu era solidoan osatutako hortzetako pasta klasikoaren ordezko pilulak dira. “Formatu honek eraginkortasun handia ematen digu, dentifriko konbentzionala baino sei aldiz handiagoa. Gainera, kontserbagarri, aditibo eta beste hainbat osagai kendu dizkiogu. Ontziratzea ere jasangarria egin dugu”.

Adrian Iriarte: “Formatu honek eraginkortasun handia ematen digu, dentifriko konbentzionala baino sei aldiz handiagoa. Gainera, kontserbagarri, aditibo eta beste hainbat osagai kendu dizkiogu"

Bi teknologia berritzaile eta hamar osagai naturalekin ondutako hortzetako pasta da azken lau urteotan egindako ikerketen emaitza. Hori gutxi balitz, berriz betetzeko sistema bat ere ezarri dute, hots, kristalezko ontzian bildutako pilulak amaitzean, erabiltzaileak berriz kargatzeko hodi bat eros dezake: “Hodiak sei eta bederatzi erabilera bitarte ditu, konprimatuz beteta baitago eta lau aldiz bete dezake ontzia. Ontzi bakoitzean, bi hilabete eta erdirako pilulak kabitzen dira”, azaldu du Iriartek.

Puntako teknologia, osagai naturalak eta jasangarritasuna uztartuz

“Formulazio oso bereziaz ondu dugu Onak. Fluorraren ordez teobromina erabiltzen dugu. Kakaotik datorren osagai natural hori sektorearen etorkizuna dela uste dugu”, dio arduradunak. Dentifriko tradizionala ordezkatzera datorrela ere iritzi dio, eta hortzetako pastaren alternatiba definitiboa eskaintzen dutela diote. “Hortzetako pasten ontzia birziklatzea oso zaila da; birziklatze prozesu konplexua dakar. Gurearekin hori ekiditen dugu, eta kartoizko ontzi begetalaren bidez ez da hondakinik sortzen”.

Urtarrilean merkaturatu zuten produktua, eta oso pozik dira jasotako erantzunarekin. "Bezeroek dentistatik ateratzean duzun sentsazioa izaten dutela esan digute, eta hori oso pozgarria da guretzat”. Oraingoz, farmazietan eta euren online dendan eskuratu daiteke produktua, baita hainbat denda espezializatuetan ere. Ez, baina, supermerkatuetan, farmazia katea sustatzea baita euren behin behineko nahia.

Adrian Iriarte: Lehen bezeroek dentistatik ateratzean duzun sentsazioa izaten dutela esan digute eta hori oso pozgarria da guretzat”

Halaber, Euskal Herrian eta Espainiako farmazietan saltzen ari dira oraingoz, baina hedatze prozesuan murgilduta daude. “Farmazia ugari ditugu hemen, eta hemengoa kontrolatu nahi dugu lehenengo. Hala ere, egia da eskari asko jasotzen ari garela Frantziatik, Italiatik eta Alemaniatik”. Honezkero, bi milioi konprimatu saldu dituzte denera, eta bi lankide izatetik zazpi izatera pasa dira urtebetean.

Fidelizazio gutxiko merkatu batean

Produktuaren erabilera erraza da kontsumitzailearentzat: pilula ahoan sartu, koska egin, eskuilatu eta ahoa garbitu besterik ez du egin behar. Erraza ez dena da, ordea, erabiltzailearen leialtasuna erdiestea: “dentifrikoen inguruan denok oso desleialak garela ohartu gara, erosketa bakoitzean hortzetako pasta desberdin bat erosten dugu”. Hala, Onak erabiltzailearen fidelizazioa bilatzeko buru belarri ari da lanean eta spotak egin dituzte, “oso merkatu berezia da gurea eta inork egin ez duena egin nahi dugu”.

Argazkia: I+Med
Argazkia: I+Med

Beste erronka nagusiak fabrikazioa eta banaketa dira. Lehenengoari dagokionez, estandar bat mantentzea eta, era berean, produkzioaren eskalabilitatea areagotzea dute jomugan. “Denbora daramagu fabrikatzen baina eskari asko ditugu, eta itxaron zerrenda dugu. Produktu bera kalitate berarekin eta kantitate handitan eskaintzea eguneroko exigentzia handia da”. Banaketari dagokionez, farmazia ugari izanda, guztietara produktua bidaltzea erronka latza izango dela badakite.

Produktuaren erabilera erraza da kontsumitzailearentzat, pilula ahoan sartu, koska egin, eskuilatu eta ahoa garbitu besterik ez du egin behar

Hala eta guztiz ere, egun oinarrizko beharrak beteta dituztela dio Iriartek. Formulazioa eguneratu berri dute efizientzia bilatzeko asmoz. Irailean produktuaren 1.5 bertsioa plazaratuko dute, zeinak eskalatze prozesua erraztuko duen. “Hedatze prozesurako prest gaude. gainera, laborategi berriaren eraikitzen ari gara, eta orain gauden leku berean egongo da, Gasteizko Parke Teknologikoan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK